Giltza egokia

Hegatsez, 1971

Aitak utzitako lantegiaren ardura hartu zuanean ez zekian ondo Elortza gazteak lantegi bateko nagusi izateak, alegia, olajabe izateak ohi duan astuntasuna. Hamaika buruhauste ematen daki ariketa horrek! Egunero ez baldin badira ere, astero izaten dira kezka eta axola, agintariaren barruan.

Elortza zaharra zanak, guztia lau eta zelai utzi ziola bere semeari uste izan zuan, eta azken egunak sekulako bake goxoan eman zituan. Egia esan, Elortza zaharrak halako aldi baretsuagoa ezagutu izan zuan. Baretsuago esateak, ez du zuzenagoa esan gura. Bai zera!

Munduan beldurrak aginpide zabalagoa zuan aldikada hartan, gazte banaken egitadak eta asmoak, nabarmenago, okerrago etsiak izan ohi ziran. Nork erantzun gogorrik eman aitari, orduan? Zeinek ezer erantzun ugazaba zutiaren hitz epaitzaileei?

Bazegoan hoberik!

Arik eta…

Arik eta, Marxek agertutako egundoko egia borobilak munduko bide ugarietan zehar ibilten hasi ziran arte.

Marxen egietan, gezurrak egiak baino ugariago zirala aitortu ohi zuan Elortza zaharrak. Halaxe komeni izan zitzaiolako, noski. Elortza zaharrak ez zuan behinere Marxen usterik zuzentzat jo. Esaterako, langileak, irabazietan neurririk ez nahi izatea: ugazabarentzat bai, ordea. Baina, eta urte zakarretan, galtzaiak nagusi diranetan, langileak lagunduko ote dio ugazabari, zorpean hondatzeko arriskuan linburtu ez dadin?

Ez zuan, noski, arrazoi osoa Marx bizartsuak ere, beste inongo gizonek ez duan bezela. Aginpidea goikoari dagokio, eta saria eta zigorra banatzea. Eta behekoari goikoaren esanera jardutea, zintzoa eta purrukatua izatea eta… ematen diotena hartzea.

— Karl Marx aberatsa eta olajabea izan baldin balitz —epaitzen zuan Elortza zaharrak—, ez zukean halako dotrina modurik agertu izango. Ezta! …

Jakina, Elortza zaharra belle epoque zalakoan bizi izan zan. Usadio zaharrean. Arau maiztuetan. Burukera eta pentsamolde urdinduetan. Anartean, ezkertarren asmakizunak ziranak, eta beraz, gaiztotzat etsien joerak, ez ziran aintzat hartzekoak. Agian, Elizak zerbait adierazi bitartean, gezurra ta nahaspila-bide besterik ez ziran langileen gehiegikeriak. Horraitio, Elizak ere hitz egin zuanean, Elortza zaharrak diska berria sortu zuan, bere onerako.

— Elizgizonak sar bitez sakristi gaietan. Ezagun da horiek langilerik ez dutena. Ezta ondorengorik ere, ondasunak hobatuaz eta mardoagotuaz lagateko.

 

Lantegiak, bizi izango baldin bazan, gizon berriak, odol gorria, beso azkarragoak etabar behar zituan. Eta makina egokiak ere bai. Ez zan noski, apartekoa izango, Elortza gaztearen lantegia. Eta Elortza zaharrak ezagutu ez zuana, hain zuzen ere, laster ezagutu beharra izan zuan olajabe gazteak.

Hala ere, lantegi hartan gehienbat modu lehengoetan ari izan arren, langilerik gehienak lehengo hezikuntzaz beteak izanik ere, baziran gazte batzuk, ugazabaren nagusitasuna zeharokoa zanik ontzat hartzen ez zutenak. Batez ere, bat zan beste langileen artean azkorrena, hezigaitzena.

Haren aho-mihietan, hitz zakar bi entzuten zituan, zorigaitzez maizegi, ugazaba dohakabeak. Hitz atsekabegarri ta minbera haiek, hauexek ziran: “eskubidea” eta “sindikatua”.

Eta aldian aldiko, Elortza gazteak hasi zuan bere nekabide mingotsa.

— Gure aitaren denporan ez zan herri txiki honetan, honelako auzi-mauzi latzik ezagutzen. Nola jarrai nezake lantegi honetan? Gazte oker hori kalera egotzi ahal bageneza! Deabruarengana jaurtiko banu? Nola, ordea, sindikatu bitarteko “lokarri” edo dalakoa, berbera baita?

Ta bateko hau zala, besteko hori zala, geldialdiak izaten ziran gaur bai ta bihar ez, lantegi baketsua izandako hartan.

Burukominik ba zuan, egia esan, olajaun berri harek.

Adiskide aspaldikoarekin topo egin zuan goiz batean.

— Buruko miña maiz izaten diat.

— Sendatzaileari agertu al diok hire gaitz hori?

— Ez duk midikuak zertzen dituan horietakoa.

— Zer duk, ba?

— Hara, langile artean bat diat oso okerra, txit bihurria. Gainontzekoak nahasten, mutila duk hura!

— Kalera bota zak.

— Nola ordea, “lokarria” ere, berbera baituk!

— Enkargadurik ba al duk?

— Bai, badiat, aukeran zahar xamarra.

— Ba, hura saripean jarri eta… jar ezak enkargadu, gazte bihurri hori.

— …

— Entzun berri duk epaia.

Elortza gaztearen barruan zalaparta izugarria sortu zuan adiskide min harek, osineko uretan erori harri haundiak antzo, uhin astinduak jasoaz.

 

 

Handik geroetara Elortza gazteak bere adiskide begiko hura arkitu zuan muturrez mutur kalertzean.

— Kaixo Elortza, aspaldiko gizona!

— Kaixo, adiskide.

— Ta nola?

— Etxean ongi.

— Ta gainontzean?

— Lantegian ere poliki-poliki ari gaituk. Orain ez dik inortxok ere txistik ateratzen. Guztiak lanean jo eta su, isilik eta txintxo txintxo.

— Ta langile bihurri hura?

— Hire esanera, enkargadu jarri nian bertatik.

— Ikusten!

— Ikusi, Marxen dotrina ere, beste isurki batetik egiten dik orain, harek berak ere.

— Alegia, goikoen taxua agiri jarri zaio.

— Proletario maila amesgarrian baino bapoago bizi baita orain.

— Jakina!