Fabrika baten ugazaba zan fameli batek seme bakar bat zeukan.
Etxerako izango zala uste eben gurasoek, baina ez eban fabrikantetzarako urten semeak.
Gaztetan bere, eskolara ibilten zanean, kontu liburuak eskatzen eutsazan maixuari, eta zaletasun haundia eukan kontu liburuak irakurtzeko.
Euskerazko libururik ez eguan eskolako liburutegitxoan. Kirikiñoren ipuiak, edo Urruzunorenak, edo Mañarikorenak edo besteren batzuk euki bazituan, pozik be irakurriko zituan harek, baina erderazkoak bakarrik egozan han. Alhambrako ipuiak, Andersenenak, Grimm anaienak eta irakurri ebazan pozik.
Behin, egun batean, kontu labur bat bere idatzi eban. Asmatutakoa zan, bere burutik ateratakoa, baina Alhambrakoen antzera egina.
Gero, hazi zanean eta mutil haundi egin, kontu asko asmetan ebazan, batez bere umeentzako eta gazteentzako.
Eskeko ez, baina aberastasunik be ez eban ezagutu. Horraitino ogibako egunik ez eban euki, eta lo egiteko oherik be ez jakon faltau. Zorionez, bihotz onekoak be badira oraindikan mundu honetan, eta borondate onagaz lagundu zioten inoiz gaixorik egon zanean.
Lagun eta adiskide asko eduki ebazan alde askotan, batez be umeen artean, eurentzako kontuak idatzi ebazalako.
Bere gurasoek zoritxar haunditzat eukien ha euren seme maitearen bizitza ha. “Diruz beteta bizi behar leuken seme hau, hona hemen zelan ikusten dogun” esaten eben.
Baina diruz beteta egun guztian fabrika barruan baino pozago eta zoriontsuago bizi izan zan umeentzako kontuak idazten, haixe zalako Jaungoikoak emon eutsan bidea eta eginbeharra mundu honetan.