Berbera

Euskal-Erria, 1914

Herri koxkorretako sendakinek izaten dute nahikoa lan, mendian gora-behera, gau eta egun baserri urrutietara joan behar. Eta hala ere, askotan, beren bizkar nahikoa far egiten dute.
Musean ari zan herri hoietako sendakin bat hiru lagunekin, eta hordago esateakin bat, deitu zion ardotegiko nagusiak esanaz:
— Hor dago Ezkurrako semea, zera, Atristaingo andre Inaxi haur egiteko dagola eta joateko lehenbailehen.
— Hauxen da eskutik hordago eramatea —erantzun zuen sendakinak; eta lagarik musa, lagunak eta ardotegia, jarri zan Atristaingo bidean.
Bi orduko bidea bazan gero haraino. Luzea bai, baina luzea baino txarragoa ere bai.
Andre Inaxi, emakume gazte, eder, liraina, alargun batekin ezkondu berria zegon. Senarra baino aitonaren itxura gehiago zuen alargunak. Makina bat aldiz esaten zuten inguruko mutil gazteek: “Agure zarpail horrek horlako mirabe ederra eraman behar!”. Txanponak zituen ordea agureak, eta baserrian, herri aundi eta txikietan bezela, txanponak dira emakumerik mardul eta sasoikoenak atxitzen dituztenak.
Horra bada nola agure hura, inguruan Patxi Ixkinosua deitzen ziotena, andre lirain baten jabe zan. Buruan ile bat ez zeukan, ahoan hortzen alerik ere ez, baina patrikeran txanponak ugari bai, eta ez da besterik behar gai hontan.
Sendakina izardi patsetan han zihoan mendian gora leher egiteko zorian. Ezkurruako semeak lagundu zion bere etxeko atariraino, eta handik aurrera bakarrik joan zan sendakina.
Noizbait ere iritsi zan Atristaingo ingurura eta mandoa adinako zakur haundi bat hasi zan zaunkaka, eta jan behar zuela zirudiela, alde guztietara saltaka gelditzen ez zan.
Ez atzera ta ez aurrera gelditu zan sendakina zer egin ez zekiela, Patxi Ixkinosua ateetan agertu zan arte:
— Aurrera, aurrera —oihu egin zion Patxik.
— Kosk egiten al du?
— Ez bada jakin.
— Ez dakizula?
— Ez bada. Baina aurrera, aurrera. Atzo erosi nuen eta jakin nahi nuke kosk egiten duen edo ez.
— Neri kosk egitea nahi al dezu?
— Inori egitezkero, berorri egitea hobea da. Sendatzeko inoren beharrik ez.
Ikusirik agure harrekin gauza zuzenik ezin atera zala, hartu zuen bere eskumakil mutur zorrotza, alde egin zuen txakurrak txilioka eta sartu zan baserrian leposamarreko bat Patxi Ixkinosuari emanaz.
Denboraz iritsi zan. Bere beharrean arkitzen ziran basarrian, eta eskutik helduaz bultzaka han sartuarazi zuten sendakina andre Inaxiren gelan:
— Orain al da nere beharra? —zion oihuka sendakinak—. Neri orain bultzatzen nazuten bezela, hobe zenuten txakurrari bultza egin bazenioten neregana zaunkaka joan danean. Egondu naiz herrira bihurtzeko batere etxe hontan sartu gabe.
— Barkatu jauna, barkatu.
— Barkatu, e? Barkatu bai, baina penitentzia ordainduta. Patxik ordainduko nazki danak.
Bihotza baino barrenago zeukan patrikeran min zorrotza sentitu zuen Patxiku Ixkinosuak hitz hauek entzuteakin bat.
Laster haur berriaren karrasiak entzun ziran, eta baita ere txakurraren zaunkak, karrasi bakoitzari zaunka batekin erantzuten baitzion.
Berehala haur txikia erakutsi zioten sendakinak, esanaz:
— Hara. Aita berbera da.
Eta erantzun zuen amak hitz geldi, larriakin:
— Bai, ez du ez hortzik eta ez ilerik.