“Ferrer-ek gure Jaungoikoari osasuna ematen badio, kolgadura guzietan balkoiak”.
Hala esan ohi zutela pasaitarrek aditu zuen Xugurpoliteneko Axixklok. Eta egia ala gezurra zan jakiteko asmoan, jai artsalde batean aldi hartara joan zan.
Iritsi zan kai eder, haundi, zabalera, eta asupel galantaren ondoan zegola ikusi zuen batel polit bat, usoa bezin txuri, txoria bezin arin, tximista bezain laster bere ingurura xegara bizian zetorrela.
Alderatu zanean, pasaitarren hizkera uste zuen harri ekin zion Axixklok, esanaz:
— Batela eramango al det nik?
— Nora, kartzelara? Zurruteroak eramaten dituzten lekura? Ja,jai! Ez du ikusten batela aguaruba dala?
— Ardoak hemen, arrantzale asko edango ditu, e?
— Bai bada. Horregatik ardoa da hemen mozkorra, ez arrantzaleak.
Hori entzun zuenean, Axixklok esan zuen bere artean “Hau ez da pasaitar egiazkoa, baezpako pasaitarren bat degu hau”. Eta isil-isilik sartu zan batelean, eta jas esan ordurako iritsi zan Done Juaneko plazatxora.
Orduantxe herriko musikak amaitzen zuen txoragarrizko habanera moñoño bat. Leku gutxitan entzuten dira gero, Done Juaneko Pasaian bezin habanera kilimatzaileak.
Burruntxali zan musikalaririk azkarrenetakoa. Ez zan beste bat, bisigu denboran harrek adina arrantza egingo zuenik, ez eta ere harrek bezin taxuz eta leun klarinetea joko zuenik. Iaioa ez bazan bada Burruntxali! Gezurra dirudi harren behatzekin halako edertasunak egitea. Behatz bakoitza bazan gero mondongo bat adinakoa.
Habanera amaitu zutenean Burruntxali hasi zan xorroan sartzen klarinetea. Berak esaten zuen bezela, “salmueran
jartzen”. Bada, zionez, gordean eta beita usaian iruki ezkero, askoz ere soinu hobea ateratzen zaio.
Axixklo aldamenera etorri zitzaion eta ez bat eta ez bi, hala dio:
— Klarineteak joko zinduben zu, e?
— Zein, ni? Gezurra dio zure muturrak. Ez klarineteak eta ez zuk ez nazute ni ukuituko.
— Gizona, badakigu, bai, hitz asko eta indar gutxikoa zerala.
— Gutxi, e? To!
Eta eman zion begiondoko bat, nolakoa bera! Soinu ikaragarri hura aditu zutenean, bildu ziran berriro musikalariak bonboaren deia jo zutelako ustean.
Atera zizkan Axixklori txuliatzeko gogoak. Burua makur-makur egin eta han joan zan itzuli etxera.
— Badakit orain nola hitz egiten duten Pasaian —zion hurrengo egunean—, begira nere begiondoari, hori da hango hizkera.
Pasaian
Euskal-Erria, 1912