Anton Betozko

Euskalzale, 1897

I

Beti bilatzen neban leku batean. Lapa bat haitzari helduta egoten dan gisara, itsaspistraka hutsez janaritua, Anton Betozko, hego haizeak adina urte zituan gizona, harrizko jarrilekuan jarririk, beti egoan toki baten, geldi-geldi, mutik egin bage, besoak bulaurrean eta besoan gainean okotza ebala, tinka-tinkaro itsasoari begira, ur zabalaren azalean beti zerbait ikusten balego legez. Egunsentia agertzen zanetik eguzkiaren amaierako argi errainuak marboilaren azkenengo harian gordeten ziran arteraino, han egongo zan Anton Betozko, meza donea entzuteko sasoian eta lapikoko gatz pixka bategaz gozatutako indiarrak (baberrunak) koilarakada bitan jaten ebazan bitartean izan ezik.
Arrantzale izanikoa zan, esaten ebenez, jaio zanetik bere indar guztiak galdu zituan artean; baina nik ez neban arrantzale ezagutu eta nire sasoiko gizonek bere ez. Niretzat, Anton, beti izan zan, urte askotan, itsasaurreko jarrilekuan bilatzen neban gizon iluna, inori jaramonik egiten ez ekiana, egunon edo arratsaldeon esaten jakonean, arpegia ondo jiratu bage behin bere ondo aditu ez neban kurrinka bategaz erantzuten ekiana.
Zer zan Anton? Gizatxarra ez zan, bada eleizarako bidea bekian eta eguerdi-iluntzetako Agur Mariak esaten behin baino gehiagotan somau neban, bere txapel koipetsu zaharra eskuetan ebala. Zegaitik ihes egiten eban jenteen artetik? Zeren Antonek nahigabeak eukazan, bihotzaren erdiko nahigabeak, eta ez zan mundua Antonen nahigabezale eta, Anton bere ez jenteen jolas gura.

II

Ezagutu neban ondo jai egun bateko ilunabarrean. Herriko enparantzan gazteentzat egoan soinu zoroari ihes eginaz, igaro nintzan itsasaurrera, eta han, neure ustez, bakarrik nengoan neure gogorazinoe ez gozo-gozoakaz. Eguzkia, itsasoaren azkenengo marran, geldika-geldika, andientza gozogarrian, hasi zan ur azpietan ei daukezan jauregi miragarrizkoetara jazten, lotarako asmoan, goizean goizetik egin eban bide luzeagaz nekatua balego legez. Baina ez itsasoari urre gorrizko jantzi eder bat eskeini baga. Haitz ondoko ur guztiak marmarradan ebiltzazan soineko ederra eurakanaino heldu ez zalako, eta hor jo eta hemen bultza, itsasbazterreko harriak astinduten ebazan alde guztietatik; eta haitz handiak geldi egozalako olatuari arpegi emoten, jagiten ziran olatuak gora-goraka, inguru guztiak beren haserrearen bitz eta txipiztinez beterik… Herri aldetik ozta-ozta entzuten neban enparantzako tanbolinaren soinua…
Itsasoak, ilunabarrean, neketan dagoanari gauza asko esaten deutsaz. Hasi jatan, niri bere, arimako oinazeakaz nengoalako, mila ipuin damorrigarri esaten; eta zelan gorra ez nintzan, banengoan, banengoan, itsasoaren erakutsi osasungarriak entzuten, neugandik ez urruti estul zahar bat entzun nebanean. Begiratu neban zein ete egoan inguruan, eta ikusi neban, bapere miraritu bage, Anton Betozko betiko jarrilekuan. Egon nintzakon begira pixka baten, baina berak uretarako bakarrik eukazan begiak eta ez ninduan ni ikusten… Itsasoa hasi jatan ostera aguratxo haren gainean beste ipuin barriak esaten, atsekabeak, saminak, nahigabetsuak; eta adierazoten emon eusten, nire nahigabeak Antonen nahigabeen ondoan ez zireala bapere mingarri. Orduan samurtu jatan neure bihotz guztia gizontxo zaharraren nahigabeak gogoraturik, eta otu jatan beragana joatea apur batean hitz egitera. Esan eta egin, banoia Antoneganantz zarata pixkat bidean eginaz, itsumutuan beste gizon bat bere ondoan ikusteak izutu ez egian aguratxoa, eta hurreratu nintzanean, dei egin neban:
— Kaixio, Anton.
— Kaixio —erantzun eustan arpegia bihurtu bage.
— Giro aldago itsasaurrean?
— Nitzat beti.
— Bai, beti ikusten dot hementxe, eta zerbaitek badakar, giroak, gogoak, edo… Baina zer gertuten jako? Negarrez dago berori? Zegaitik, Anton? Minen bat dauka? Ez dago ondo? Zer dau?
— Ezer bere ez, gastetxoa.
— Ezer bai, zerbait bai, esan gura ez dabena; nik jakin beharko ez dodana ausa; baina…
— Zerbait, zerbait, zein da lurrean eroakizunen bat ez daukana?
— Bai, baina batzuek gehiago beste batzuek baino, batzuen nahigabea handiagoa besteena baino.
— Egia da hori, eta nire nahigabea, handienetakoa.
— Handienetakoa?
— Bai, zuk ez dakizu nire kondaira?
— Ez jauna, eta nahi baleidake esan, gogo handiagaz entzungo neuskio, bada aspalditxoan ezagututen dot berori eta beti begiratu deutsat errukitasunez, zegaitik ez dakidala.
— Behin bere ez dot beste horrenbeste entzun neure herritarren ahotik… Zaharra naz ni, neuk bere ez dakit zenbat urte daukadazan sorbalden gainean, eta gehienak itsaso horretan igaro dodaz. Sartu nintzan itsasora prakak jazteko gauza nintzanerako, eta hor ibili naz beti tostartean ezetarako izan nazan bitarte guztian. Zeure sasoira etorri nintzanean, ezkondu nintzan herri onetako neskatila bategaz. Zuk ez dozu ezagutu nire emaztea?
— Ez, jauna.
— Katalin eritzon, babalorea baino ederragoa zan gaztetan, berakatz atala baino pinagoa beti eta iturriko ur garbia baino garbiagoa… Seme bat izan genduan, Serapin. Ez dozu ezagutu nire semea?
— Ez, jauna.
— Ez egoan herrian eta inguruetan beste bat bera langorik. Mutil sendokote baltzeran begi argiduna, trinketa baino handiagoa, balea baino indartsuagoa, haitza baino gogorragoa, erramuetan ezagutu dodazan mutilik azkarrena, igarian izurdaak baino arinagoa, tanbolina bera baino alaiagoa, ogi bedeinkatua baino hobea, lagun ona eta seme bat beste semeak ez direan antzekoa. Maite neban! Neuk hazi nebala egin kontu, amak baino gehiago. Lehorrean gineanean, neure belaunen gainean dantzan, txikitxoa zan artean; hanken gainean ibilten ikasi ebanerako, neugaz elizara, neugaz Lezora, neugaz Iziarrera, neugaz Urkiolara, neugaz Antiguara; eta laster neugaz itsasora. Amak ez eban nahi itsasora eroan negian; onegia zala, ederregia zala, alperrik galduko zala; baina itsaszalea zan mutila be, aitaren semea, eta ni barriz ez nengoan ondo neure aurrean bera ikusi barik. Ai, amaren esana entzun baneu! Ez nintzan gaur hain bakar eta larri egongo!
— Zer? Galdu egin jatzun semea?
— Ez dozu entzun zelan ito zan Serapin?
— Ez, jauna, nik.
— Ez zenduan entzungo. Paperetan zerbait irakurria zareala daukat entzutea, baina ez eben ipiniko Serapinen heriotzarik. Gizon handien gauzak bakarrik izkiratuko ditue paperetan.
— Zeinek daki nor dan handiena Jaungoikoaren aurrean, Anton?
— Egia, zeinek daki? Esango deutsut zelan galdu zan Serapin. Aintzinatxo igarotako gauzea da, baina gaur bertan gertau balitz legez daukat gogoan. Entzuidazu.

III

Besigutako sasoia zan. Urtarrileko goizalde baten, ordu batak inguruan, deizalearen lehenengo deia entzun orduko, jagi nintzan, begiratu bat emon neutsan zeruari eta itsasaldeari, eta hasi nintzan jazten. Jagi zan Serapin bere, eta nagiak ezin botean egoala, esan eustan:
— Hau logurea daukadana, aita!
— Bai —erantzun neutsan—, atzoko erramueteak nekatua egongo aiz, eta gainera bart berandu oheratua izan behar dok, heure ta nire tretzen nahaste ta mokoloiak ezin deseginik egon haizalako. Baina iparra jaukagu eta tosta artean etzinaldi bat egiteko astia izango da.
— Zer egualdi dago? —didar egin eban honetan Katalinek bere zulotik.
— Egualdi ona —erantzun neutsan—, zeru garbia, izarratu ederra, itsasoa bare eta izotza gogor.
— Izotz andia? Orduan, Serapin, semetxoa, hartuik jaka lodiena, hor daukak ohe-adarrean, eta batuizak ondo burua eta kokota lepobilkai handienagaz. Eta ez eroan zirezko erroparik, astunegiak jagozak eta. Jakia hor daukak otzaran…
— Bai, bai. Ama, ez gara gu alperrik galduko. Agur, arratsalderarte, Jangoikoak nahi badau.
— Aingeru Jagoleak lagun.
Eta Katalin ahopean zeruari erreguka geldituten zan artean, urten genduan Kurutze Santuaren eginda. Guk legez, urten eben beste arrantzaleak euren etseetatik, eskumako besapean tretzotzarak eta ezkerrekoan mundil bana edo bina zituela, eta trisk eta trausk, geure zurezko oinetakoakaz herri guztia esnatuten genduala, jatxi ginean kaleetan zehar kai alderaino.Gure txalopako lagunak batu gineanean urten genduan berehala, eta ordu bat eta erdietarako hondarpe edo barraz kanpotik gengozan. «Nausia jaso gora eta lo!», esan geuntsan alkarri. Eta esan eta egin, aida baten ipini genduan nausia eta laster luzatu genduzan hankok belapean, gidaria (patroia) izan ezik besteok.
Loaldi bat eginda jagi nintzanean, kalatik ez gengozan urrinean. Haize gogortxoagoa zan, iparkoia; itsasoa eragintsuagoa egoan, eta brankatik azkenengo ur ertzean hodei-matazatxo bat agiri zan deabruaren arpegia baino baltzagokoa.
— Beltxior —esan neutsan gidariari—, itxura txarra dakar egualdiak eta begiratuik ondo, gaurko arrantzea itxita, hobeto ete dan herriko bandan hastea.
— Egia, Anton; itxura onik ez dago eta gure atzetik etozan batzuk herrialderuntz hasi dira; baina horra hor aurreko kalan ikusten dodaz Mitxel Tolet, Martin Lanbas eta beste batzuk, eta horreek baino gitxiago ez gara. Txalopa barria daukagu, indarra bere bai barruan, eta beste batzuk egiten dabeena egin daikegu.
— Bai, baina gure ahal izate eta indarrak ez dira ekaitzarenak adina.
— Ekaitzari, Anton, sarritan ihes egin deutsagu zuk eta nik; eta gaur ez dot uste bere hatzaparretan jausiko gareanik. Beharbada egualdiak atzipetu genikez beste askotan legez, eta mingarria izango litzateke besteak arrantza onagaz eta gu hutsik etxera joatea.
— Aup!, gora mutilak, bakoitza bere zereginetara.
Jatxi genduan bela nausia, hasi ginean tretzak bota nahian, baina ezin zan. Itsasoa geroago eta irakinago egoan; haizea, geroago eta gogorragoa zan eta mastetatik behera dindilizka egozan soketan, txistuka eta kantari baziharduan ihardun txarretan. Zerualde guztia, hodei baltz beldurgarrizkoz estaldurik, euri-tanta lodi-lodi batzuk danga-danga botaten hasi zan. «Ganean dogu!» esan geuntsan guztiok alkarri. «Iza triketa —zinoan deadarka Beltxiorrek—, iza triketa eta bira herri alderuntz».
Haizeari popa emon geuntsan, bira zirean Tolet, Lanbas eta beste danen txalopak bere, itsasoari tretza eta mundil guztiak itxita; eta bagentozan, bagentozan lehorreruntz. Bagenkarren guk aparra! Goizeko lehenengo orduetan gengozan, baina ilundu eban barriro eguna eta ez genduan ia txalopa barrukook alkar ikusten; haizeak buruko txima guztiak eroan behar euskuezan aurrean; arra bete bidean gengozan gizonak ez genduan alkar adituten, hain zan sendoa ekaitzaren durundi hots ikaragarria! Goitik eta behetik, euriak eta olatuek, busti baino gehiago mailatu behar genduezan bere joera indartsuakaz. Jatxi genduan triketa eta ipini zan erdian burtiketa txikia, gidariaren aginduz baino hobeto bata besteen sinuakaz alkar adituta. Ba ekian hau barruan bakoitzak zer egin behar eban, eta ez egoan alperrik gure artean: tangarta eukanak tangartagaz, beste edozein ontzi eukanak eskuko ontziagaz txalopako urak kanpoea bota; Ama Birjina Antiguakoari, Iziarkoari, edo Lezoko Jesus Kurutzekoari eskeintsari onak egin, eta Neure Jesukristo Jauna esan bihotzaren erditik, badaezpada… Han gura neuke nik ikusi holango batean Jaungoikoaren etsairik handiena! Intxaur oskol baten sartuta legez gentozan, nahi eta nahiezko dantza negargarrian, behin brankaz zerura begira eta popaz leza amaigabean sarturik, orain baborreko karela itsasoaren barruan gekarrela; gerotxoago estiborreko aldera eginda azpi-erdiko haria uretatik kanpoan ikusi zeikeala; noiz hondatuko, noiz hondatuko, hotzak eta beldurrak aiikonorta genduan, eta bihotza danba-danbaka genduala… Han nahi neuke nik ikusi gizonik harroena! Nire orduko burutasunak itsasoko ur gaziak baino gaziago eta mingotsagoak zirean. Nekarren gogoan, ez dakit zelan eta zegaitik, zein maite neban neure Katalin, etxe bazterrean negarrez eta arrenetan egongo zana orduan; zer egingo neukean neure arimako seme Serapintxori bizitza on bat emoteagaitik… eta han bertan egoan Serapin, neugaz batera, intxaur oskolean, arrain gaiztoen janari izateko zorian… Han nahi neuke nik ikusi gurasoa bere seme kutun bategaz!

IV

Anton Betozko, gizon iluna, kaxkar itxurakoa, harriak baino hotzago eta gogorragokotzat geunkana, bere herritarrak bihotz bagakotzat eukena, parra-parra negarrez egoan, bere esago edo kontaera maila honetaraino ekarri ebanean. Damutu jatan gauza hain saminak nik gogoratutea aguratxoari, eta berak atseden bat egiten eban bitartean, malkoak eskuturragaz lehortuaz isilik nengoan ni berari begira, zer esan ez nekiala. Malkoak zelanbait erdi lehortu ondorean, jarraitu eban bere kondaira esanaz era honetan:
— Azkenean bere gertau behar ebana gertau zan. Etorri jakun gainera haize bolada ezin esangarrizko bat; eten zan dsartada baten burriketea loturik eukan sokea; eta beleak, aurrerantz eroian indarragaz, bota eban gizon bat hankaz gora uretara. Geroago jakin neban Jose Mailasto izan zala, gizon argal luze bat, arrantzalerik onena baino hobea, zazpi umeren gurasoa. Buituta bilatu ei eben gizagaixoa handik hiru egunera. Gizona uretara jausi zanean, danok egin genduzan ibilera eta arazo itsuetan, gidariak bere arreta pixkaren bat galdu behar izan eban, zer egiten eban ez ekiala; txalopea gelditu zan zuzendari baga, eta et, et, et… Aitearen egin orduko, azpikoagaz gora egoan, eta gu, azaldu gineanok, igarian zer edo zeri heldu nahirik. Jaungoikoak halan gura izan, eta hain zuzen Lanbasen tsalopea etorren tximistak baino arinago gure atzetik; eta, aidean egioala, gelditu ezinik ahal ebanak ahal ebana jaurti euskuen, ahal ebanak ahal ebanari oratu eutsen, eta sartu zituen norbaitzuk tsalopa hatan. Nik ez neban halango zorionik izan. Nire semeak bai; baina —hemen dator onena— ikusi ei ebanean bere burua Lanbasen potinean, begiratuaz izuturik beste gizon guztiai, itandu ei eban Serapinek nahigabez erdi zoratuta «Eta aita Nire aita non da?». Eta igarri ebanean danen arpegietan itsasoan gelditu nintzala, zer egitera eioan neurtu baga, inori jaramonik egin barik, maitasun egiazkoaren garragaz suturik, umantasunik handienagaz, danen eskuartetik urten da dsast! sartu ei zan barriro itsasoan aitaren bila, eta hasi ei zan igarian, izurde baten gisara, olatu guztiakaz burruka harrigarrizkoan, heriotzeari arpegia emoteko bildur baga, bere aitaren alde. Holangorik aditu dozu sekulan?
— Behin bere ez nik, Anton.
Nigana heldu zanean semea, ez nintzan ni asko gehiagorako. Hotzitua nengoan, indarrak galduak eta begiak erdi itxiak neukazan. Entzun nebanean neure belarrondoan Serapinen deia: «Aita, aita! Jarri neure ganean, oratu neuri, ni indartsua naiz eta neuk eukiko dot, laguntasuna datorren-artean». Irribarre maitasunezko bategaz erantzun neutsan —azkenengoa!— neure seme benetan maitagarriari, esanaz, dana moteldurik «Nondik laguntasuna, Serapin?».
Galdu neban laster neure zentzun guztia, eta ez neban jakin zer igaro zan gero, handik eta ordu batzuetaraino. Laguntasuna etorri zan niretzat, baina ez Serapinentzat. Toleten tsalopeak hartu ei ninduan beste gizon baten ganean nengoala, hilda legez, ahotik bitsa neriola. Baina ez eban astirik izan beste gizona hartzeko, eta han hondatu zan Serapin, han emon eutsan bere arima aingerutarra Jaungoikoari, onezgunerik handiena eginaz azkenengo arnasetan! Ai! Zergaitik ez nintzan ni ito orduan, neure Jaungoiko donea? Zergaitik?
Barriro hasi zan Anton negarrez eta neuk bere ez neban urrin malkoa. Nor da samintasun handi baten ondoan samintzen ez dana? Bere gogorazinoe nahigabezkoetatik aldendutearren, esan neutsan Antoni:
— Eta Katalin?
— Katalin, esan dodan gertaldia igaro eta laster, hil zan nahigabearen nahigabez, bere Serapintxori deiezka, malko samin asko isurita gero. Han egongo direala uste dot biak alkarregaz, nire zain…

V

Gehiagokorik esan baga, jagi ginean Anton eta ni gengozan lekutik, eta hasi ginean etxerantz, isil-isilean. Herri aldetik entzuten genduzan enparantzako jentearen zurrumurru estaldutxoa eta gazteriaren jolasetako garrasi eta oihuak, erderakada batzukaz nahastaurik.
Eta garbiro etorri jakun gure belarrietaraino deadar handi bat, Jaungoiko Donearentzat iraingarriena, madarikazinoe harrigarria, gaztelarren hizkuntzan esandakoa…
Han, atzeko aldetik gelditzen zan itsasoa marmarrada gaiztoan, orroaka eta orroaka Egilearen kontra esandako madarikazinoiagaitik gogarpetu nahi baleu legez…
Zerbait esateagaitik esan neutsan Antoni:
— Itsasoak, gaur bere, haserratzeko itxuria dauka.
— Ez da mirari —erantzun eustan bidelagun zaharrak—, ez da mirari itsasoa haserratzea Jaungoikoa haserre daukagunean. Ez dozu entzun enparantza aldean norbaitek esan daben astakeria hori? Bada, zeinek daki horrelako gauzakaitik haserratzen ez bada itsasoa?
— Beti, Anton? —esan neutsan bere burutazinoiak hobeto jakitearren.
— Ez dot nik horrelangorik esan, ez dot nik esan beti, ez dot nik ziurrean esan; baina itauntzen dozun ezkero, esango deutsut: askotan baietz, nire eritzian; beste askotan gizatxarrak ikasi dagien eta ondu daitezan; eta noizean behin negarrezko tokian gagozala aztu ez dakigun. Uste badozu, beharbada ez dodala nik sinistuko Serapin ito zan egunean Jaungoikoaren eskua ibili zala gure ganetik, oker zabiltz, gaztetxoa. Egia da, ez genduan guk gaztetan gaurko mutilak esaten dituen gisako hizkuntza txarrik esaten, ez mila aingeruak gitxiagorik bere! Kristinauagoak ginean eta euskaldunagoak; baina ez nintzan zerura zuzen-zuzen sartzeko gizona, eta Jaungoikoak, ondoen bizi nintzan egunetan, bidaldu eustan bere zigorkada bat. Min handia emon eustan, hori bai badaki Berak zeinbaterainokoa!, baina ezagututen dot neure mesederako zala. Lurrari gehiegi lotua egongo nintzan ni, baldin ondoegi bizi izan banintz, eta gaur ez barriz. Hortxe, itsasaurrean, gizonakaz erdi haserratuta euren erderakada eta gaiztakeria arrotzakaitik ia munduagaz ahaztuta; bakartadean, gehienetan behintzat, eta norbait alboan daukadanean inor dagonik gogoratu bage, bizi naiz neure adimentua Serapin eta Katalinegaz daukadala, Jaunari erreguka eroan nagiala neureakana hainbat lasterren. Honezkero laster izango dot deia…
Honetan heldu ginean herrira eta, gabonak alkarri emonaz, aldendu ginean bakoitza geure etxera.
Harriturik itxi ninduan Anton Betozkok bere esakera ederrakaz, zelako bihotza berea! Zelako kristinautasun egiazkoa! Hori bai dala —esaten neban neure artean kalean zehar ninoeala—, hori bai dala bene-benetako euskalduna, baina baztertua bizi da gizagaixoa, baztertua munduan!
Baina gero?
Gau hatako lehenengo orduetan ezin neban lorik ekarri neure begietara. Nik adimenean nerabilen burutazinoea, hau zan: zein ete da handiagoa, Serapin ala Anton bere aita?