Mainton Hitzontzi

Euskalzale, 1879

Era bitarakoak ohi dira emakume sendatzaileak, edo sendatzailetzat harturik daudenak. Batzuek, bihotz onekoak, berez hartarako jaio dirala uste dutenak, borondaterik onenarekin jokatzen due beren ahaide, ezagun eta auzoetakoak sendatzen, inoiz, sendatu beharrean, hondatzea gertatu izan bada ere. Beren iritziz, amonak erakutsitako miritzi edo ujentua, eta Itziarko Barberil zaharraren neskameagandik ikasitako lohizoki edo enplastoa sendagarri berdingabeak dira: honelako eta halako osatu zituan berehalase: horko agurea eta hemengo gizon gaztea, harako etseko-andre eta urlia zaldun, osagile onenakin horra eta hona ibili eta gero, etorri ziran gure emakumeagana, eta berak osatu zituan bi egunean.

Ez al dezu ezagutu honelako sendatzailerik, irakurlea? Baietz deritzot. Herri bakoitzean badira bat edo bi. Askotan poz-pozik eta farrez lehertzen egon izandu naiz horrelako emakumeen ahotik, gaiso eta eri dauden herritarrak zer eritasun duen aditzen. «Odolak paratu du, jauna», esaten due gaisoa lodi samarra danean. «Pasmoak jo du», diote askotan. «Isipula barrura sartu zaio horri», esaten zidan, oraindik egun asko ez dala, nik dakidan norbaitek, zaharren zaharrez hiltzen zegoan atsotxo bategatik.

Baina horrelako sendatzaileak errugabeak izan ohi dira askotan. Gehienez herriko osagileari ematen die zeregin apurren bat, eta herriko osagileak berai buruko mina, ahal badue.

Eta ez due beti ahal izaten. Toki guzietan izaten dira maitatuak emakume hoiek, batez ere gaixoen etxeetan, eta gaixo edo eriaren etxekoek egiten due ahalegina horrelakoak etxean daukaten sarbidea eta oskaiak estaltzeko.

Txarragoak dira bigarrengo erakoak. Beste beren gizako emakumeak baino argitxoagoak gehienetan, jostorratzaren zulotik sartuko litezkean emakumeak, oso lotsagabeak, lanari gorroto diotenak, edarizaleak (txuri eta gorri, datorren bezela), erdi aztiak, erdi sorginak, begigorri, muturzikin eta esku beltzekoak; ikasten ditue enplasto-egiera batzuk olioa eta ardoa nagusi dirala, bilatzen ditue honelako edo halako belarrak eta badihoaz etxerik etxe, batzuetan deitu zaietelako, eta besteetan ezagunak diralako, beren oskaiak zeruetaraino jasotzen dituela.

Honelako bat zan Mainton Hitzontzi, atso argia bera eta edarizaletxoa ere bai. Gauza asko zekizkian Maintonek. Berak zekian ondoen, ziotenez, umeen arpegiko hatz edo kirkirrak ateratzen, mairuen denborako lauzikoak eta artale batzuk paperean batuta…

 

Kirkirra bat eta

Kirkirra bi,

Kirkirrak ditu

Ama bi;

Hamabitik

Hamaikara,

Hamaikatik

Hamarrera…

 

…eta horrela beherutz, arnasa batean batetik hutseraino esanaz; berak zekian buruko ezkabia kentzen, zapatagileen pikea urtuta, lurruna zeriola, gori-gori, ezkabitsuen buruan jarriaz, beren deadar eta oihu garratzen errukirik gabe; berak osatzen zituan sabeleko minak edari gogorrean bustitako zapi gardoztua sabel gainean ederki zabalduta; berak ematen zituan izaiak eta, gorputza barrutik garbitzeko, asko jan ondorean behar izaten zan… zereko zera; berak maneatzen zituan jai otorduan haurtxoak eta hilda gero emakumeak; eta ez zan, azkenez, gaixo mota bat Maintonek zekizkian belarrakin osatu ezin zezatekeanik.

 

Gau batean deitu zien neri (antzinatxoan zan, eta nere herritik urruti) gizon eri bati laguntzera, bada gaizki zegoan gizagaixoa, birikeri, alboko edo alborengoarekin eta bere autorrera, azkenengokoa egin nahi zaukan. Nere lan guziak bukatuta, gizon eriarekin egonaldi on bat egin ondorean, hasi nintzan sukalderuntz bere emaztearekin hitz bi egiteko asmoan; baina sukaldeko jenteak gizon baten zapata soinua aditu zuenean, hasi ziran itsumustuan eta zalapartaka zerbait estali nahian, eta bultzatu zuen sukaldeko atea.

—Zer darabiltzue? —galdetu nuan.

Eta orduan, emakume batek, atea zabalduta esan zuan:

—Ai, jauna. Berori al zan? Medikua zala uste izan degu.

—Eta, zer da ba, medikua izanda ere?

—Nola Mainton daukagun hemen…

Eta halaxen zan: han zegoan Mainton, koipea zeriola okotzeko bizarretatik behera, ezkerreko eskuan lukainka mutur eta ogi zati bat eta eskuikoan baso handi bat ardoz betea zituala.

—Zer ekarri dezu honera, Mainton? —galdetu nion.

—Hara, jauna —erantzun zidan, eskuetako gauzak mahai baten gainean utzita, bere mantal zikinarekin begietako makarrak eta musuetako dindirria kendu zituanean—, hara, jauna, heranegun goizean andre Joxpa kaleberrikok, bost eta erdietako mezatara nihoala, bada nik, egunoro ez, beatak bezela, baina sarritan entzuten det meza, eta jaietan ez det nik mezarik huts egin igaroko lau urte hontan, harako, berorrek dakian bezela, eskiletan behera erorita, berna-hezurra puskatuta egon nintzan ezkero, zergatik badakit nik Jaungoikoak lagundu behar diguna gauza guztietan; eta egunoro errezatzen diet nik Aita San Rokeri libra gaitzan peste, sarna, errabi, mormo eta beste gaitz guztietatik; Aita Santiagori libra gaitzan…

—Tira, zer esan zizun Joxpa Kaleberrikok?

—Esan diot ba, jauna. Bilatu nuan nere Joxpa hori eleizara zihoala, ni bezela… Andre ona da, jauna, zintzoa, leiala, fina… Hamaika bider eman dit neri harrek gosari ederra, mezatatik ertetzean, nezesidadean nengoala ezagututa! Egia da, neronek ere, bere joan-etorrietan…

—Zer esan zizun?

—Esango diot bat…

—Baina berehala, ez daukat astirik egoteko eta.

—Hara ba, esan zidan Pedro Mari Sagastikoa, gizon ona, jauna, langilea…

—Bai, bai, eta…

—Esan zidan gaizki zegoala, eta herriko medikuak ez ziola azertatzen zer gaitz zeukan. Eta orduan, etorri nintzan, jauna, karidadea egiteagatik, jauna…

—Eta zer du ba Pedro Marik?

—Zer izango du, jauna? Txilborreko haizeak alboa jo.

Ez nuan gehiagoko hitzik aditu nahi izan. Han gelditu zan Mainton Hitzontzi berriketan, lukainka muturrari aginkadaka, eta bere haizeak (haizetsua omen zan) albora jo ez zaioten beldurrez, ardontzia hustutzen galanki, Pedro Marin etxekoen lepotik, beste askoren lepotik edaten zuan bezela.