Alkandora

Euskal-Erria, 1911

Ez ziran oraindik sortu aidian ibiltzeko pizti berri hoiek, bainan halaz guztiz, sagardo ona nonbait hasten zanean, urruti samar izanagatik, nola edo hala alderatzen ginan.

Hala arkitu nintzan behin, eta arkitu ziran nerekin batean Pello Errota eta Iskiña Billabonako herrian, sagardo gain-gaineko baten upel ondoan.

Ez zan harritzekoa halako tokian halako jendeakin arkitzea. Noiznahi ere, elizan baino sagardotegian gehiago ikusten ziran.

Iskiña, ohitu bezela zegon panparroi, Donostian erderazko hitzakin euskeraz esan ohi dana: vienticinco baino dotoriago. Han zebillen bat txuliatu, bestea zirikatu, jende guztien bizkar farre eragin arazitzen.

Hontan ikusten du Pello, eta bere aldamenean nola baldar samar iruditu zitzaion, zezen hiltzaileak zezenen aurrean jartzen diran bezela, zuzen eta harro jarririk, hara zer esan zion ez bat eta ez bi:

 

Gauza onik ez dago behiere zurekin

Pello ikusten zaitut orain astoakin.

Adieraziko dizut horrenbesterekin

baldan-baldana zaude alkandora horrekin.

 

Laster erantzun zion Pellok Iskiñaren aterakai horri, ez zuen liburu zaharrak biribiltzen lanik izan. Iskiñak azkeneko hitza esan ordurako ahoa ireki baño lehen honla erantzun zion Pellok:

 

Aitzakia eman dit alkandorarena

badakit ez detela hemen dan onena;

zaharra izanagatik nik hau neronena,

ederra ageri zaio bainan… besterena.

 

Aitzgorrin adituko ziran orduan egintako algarak. Makina bat farre gozo egin zan, baita makina bat baso sagardo hustu ere.

Iskiñak, ez isilik egotegatik, eraso zion berriro hitz hauekin:

 

Ikusten zaituenak zer esan behar du

honla izatea zuk merezia dezu,

ni bezin kurioso agertutzeko zu

alkandora zuria ibili bihazu.

 

Zuria edo beltza, lixibetan sartu gabe aguro astindu zuben Pellok. Panparroi bazegon ere, atera zizkan txuliatzeko gogoak. Ez ahal da errotaria, lehenbizikoan eta bigarrenean ere, mutututa gelditzen danetakua.

Begira zer erantzun zuben…

 

Beti aitzakia du horrek mingainean

hara erantzupena berriz ordainean:

zeorri ere ez zabiltza guztien gainean,

besteren alkandora daukazu soinean!

 

Gero zer gertatuko zan ez naiz gogoratzen, badakit beti bezelako umore ederrean egon ginala, sagardoa orain baino merkeago eta hobeago zala…

Bainan, alkandora besterena ote zuen?

Edo alkandora bakarra ote zuen besterena?