Larritxo zebilen Txirin, hiru egun barru ezkondu behar eta alkondararik ez. Norbaitek emango bazikion…
Lotsa al zan eskatzen? Ez, baina ematen lotsa izango ote ziran beldurra…
Halare badihoa auzoko adiskide bategana.
Tan, tan, tan.
— Aurrera.
— Zer? Ohean? Gaixo al zera?
— Bai, katarro apurtxo bat edo hala…
— Mesede bat nahi nuke, alkondara bat eman behar didazu, eta zortzi egun barru bihurtuko dizut garbi eta plantxaturik, hiru egun barru ezkondu behar det eta…
— Eztaukat ba alkondara bat baino eta…
— Gizona! Ohean egoteko ez dezu alkondara beharrik! Bihurtuko dizut gero, eta eman zadazu dezun bakarra.
— Baina lixiban det eta hargatik nago ohean.
— Etzaude arraietan gizon txarra alkondara baino ez badezu.
— Eta zedorrek zenbat dituzu?
— Ni ez naiz oraindik gizona, baizik mutila.
— Ba, mutil zerala alkondara bat ez badezu, ezkondutakoan eztituzu bi izango.
— Poz ederra ematen didazu alajaina.
— Pozemaile beharrik ez du alkondara gabe ezkontzeko balorea duanak.
— Balorea diozu?
— Bai alajaina. Melillara joateko balio gehiago behar du alkondara gabe ezkontzeko.
— Eta nerekin ezkontzen dan emakumeak?
— Oraindik gehiago. Melillara joan eta kantina bat jartzeko onak izango zinateke.
Kontu guzi hauen buruan ere ez zan inondik alkandoraren berririk.
— Praile sartzeko ere… Baina ez, ez, inolare ez; beste zerbait asmatu beharko.
Bakoitzari berea, ez eman ez kendu
alkondararik ez ta halare ezkondu?
eta emaztegaiak adimena non du?
Pregoi bat jota dana diteke konpondu.
PREGOIA
Ezkontzen dira Txirin eta Marikalte
arreoa biltzeko eske atez ate
tresna zaharrez al balitz gurdi hori bete
alkondararen bat ere emango balute
beren ezkontza laster egin nahi lukete
eta Txirrin datorren urtean alkate.
Herri guzian ziran tresna zahar erretzeko baino balio ez zutenak gurdi hartan bildu ziran, baina alkondararik ez, eta Txirinek hartu zuan burlatzat.
Baina berak ere egingo zion burla herri gu ziari.
Nola? Enparantzaren erdira eraman eta gurdi eta guziari su eman eta erreaz.
Bazihoan egitera, baina agertu zan trapuzale bat soinean zuan alkondara emango zukena tresna zahar guzi haiek gatik.
Egun haietan loteriak baino kontu hobea zeukakion Txirini alkondarak, eta berehala egin zan tratua, tresna zaharrak alde batera eta alkondara bestera.
Ikazkin batena zirudian alkondarak, eta esan zuan Mari Kaltek hamar egun behar zituala alkondara hura lixibatu, ondo garbitu ta plantxatzeko, eta gelditu ziran handik hamabost egunera ezkontzeko asmoetan.
Beti ibiltzen dira mingain txarrak eta mor-morretak ere. Ez zirala ezkonduko, Marikalte hasarretu zala, damutu zitzaiola, Txirin Melillara zihoala boluntario eta ez dakit zenbat gezur gehiago, beti inoren etxea gobernatzen. Baina aditu ondo handik hamabost egunera herrian jo zan pregoia…
Ezkondu dira Txirin Eta Marikalte
egon badira ere ezkongai gaur arte
alkondara beharrik orain eztaukate
eta nola Txirinek dauzkan asko urte
emanik herriari ezkontzaren parte
prest dago oraindikan jarritzeko alkate.