Errekartean

Euskal Esnalea, 1913

Serapinek guztiz maite eban Benite.

Baina etzan azartzen maitetasun hori agertzen bihotzean sartuta eukan neska eder horri.

O, zein nahibageak bihotzaren jazoerak ezin agertu eutsazan artean!

Baina gauza guztiek dabe azkena, eta heldu zan maitetasun sutsu hori Beniteri agertu eutsan eguna.

Eta zer jazo zan?

Benitek erantzun eutsan:

— Eskerrik asko, maite nozun zaldun ona. Baina, ni ezin izan neiteke zure emaztegeia, eta egizu ahalegina burubide hori ahaztutea, zeure osasunerako.

— Agur, bada, Benite maitea, oraintxe estaldu da nire bihotza berotu izan daben izar ederra, eta amattu da nire itxaropen atsegintsua.

— Etzaite neketu Serapin, bada, munduan aldatze izugarriak izaten dira. Gaurtik, neure semea bazina lez maite izango zaitut. Agur!

— Agur Benite!

Aldendu zan Serapin negar malkoak eriozala, ta urte batzuk igazi ziranean agertu zan jaioterrira. Egun batzuetan ibili zan kaleak zehar. Joaten zan egurastokietara, antzokietara ta alde guztietara, baina Benite ez eban ikusten. Jakin nahi eban aldatu ete ziran maitearen lehenagoko gogoak, bada maitetasun sutsuagoaz etxeratu zan.

Ikusirik ez ebala inon idoroten, eguraldi beroz, egun baten, joan zan Serapin mendiz mendi haize garbia zugazpe batzuetan hartzera, eta harriturik jarri zan errekatxo baten urertzean jesarrita Benite ikusi ebanean. Arin batu ziran biak, eta abegi alaitsua alkarri eginaz, Benitek esan eutsan Serapini:

— O, maite-maitea! Zure bila dabil nire bihotza. Lehen ikusi zendudazanik harrezkero aldatu dira zu senargeia izateko nebazan eragozpenak. Orain zeurea naz Serapin, maite banozu, eta nahi dozunean ezkonduko gara.

— Hau atsegina, Benite! Eta zek ekarri zaitu errekarte honetara?

— Zugana dodan maitetasunak narabil guztiz artega aspaldion, eta mendiak eta errekarteak zehar hartzen dot arnasa beteagoa eta gozoagoa osasunerako.

— Horixe jazo jat neuri be, eta Jaungoikuak ekarri gaitu biok errekarte honetara, maitetasunak agertzera eta biotzak bakean jartera… Eta, zegaitik zan lehenago nire emaztegeia izateko zendukan eragozpena?

— Zeruratu zan zure aita alargun onari beragaz ezkontzeko berba emonda nengoalako…

Zeruan guztiok batu gaitezala, bada.