Koldo Uriarte kazetari bat zen. Bueno, Kazetaritza Eskolan ikasi zuen eta orain, hogeita bost urterekin, lan gabe zegoen. Krisis ekonomikoarekin gazte asko, titulu unibertsitariak lortu ondoren, lanik gabe zegoen eta horietako bat Koldo Uriarte zen.
Baina Koldo Uriartek lan egin nahi zuen, eta hainbat egunkari eta aldizkaritako bulegoak bisitatu zituen lan bila. Denetan erantzuna berdina zen.
— Sentitzen dugu. Tamalez, jende gehiegi dugu.
Batean bakarrik itxaropen izpi bat eman zioten, Aitzindari egunkarian. Zuzendariak Koldo Uriarteren curriculum vitae aztertu zuen eta zerbait harrigarri esan zion.
— Ander Iraola jubilatuko denean.
Koldo Uriarte poztu egin zen. Aspaldi emaztegaia zuen eta ezkontzeko gose-egarritan zegoen.
Zuzendariak hitz egiten jarraitu zuen.
— Ander Iraola erredaktoreburu da eta hura jubilatu ondoren, kazetarien artean berrestrukturaketa bat egingo dut.
Koldo Uriarte oso pozik zegoen. Azkenik, familia bat sortzeko aukera izango zuen. Eta galdera bat berez irten zitzaion.
— Eta noiz izango da hori?
Zuzendaria pentsati geratu zen.
— Ea. Orain 1979 urtean gaude… Bai, 1984 urtean.
Koldo Uriarteren ezpainetatik irribarreak ihes egin zuen. Bost urte! Agur ezkontzeko asmoa, agur familia bat sortzeko aukera! Agur bere amets guztiei!
— Hori gehiegi da.
— Ba ez dut besterik —erantzun zion zuzendariak.
Koldo Uriarteren aurpegia tristetu egin zen.
— Zori txarra dut. Ezkondu nahi dut eta ez dut lanik aurkitzen.
Zuzendaria errukitu egin zen.
— Ez zaitut enplegatu bezala hartuko, baina kazetari independente bezala… Bai, hori da. Egin lan kazetari independente bezala, ekarri hona zure lanak, eta onak eta interesgarriak direnak erosi egingo dizkizut. Konforme?
Hori zerbait zen, eta Koldo Uriarte horretan aritu zen, Aitzindari-rako kronikak idazten. Horrela, fotomakina sorbaldan hartu eta Bilboko auzategi konfliktiboenak bisitatzen zituen, era guztietako borrokak eta zitalkeriak jasotzen.
Sei hilabete pasatu ziren eta, beraz, Ander Iraola jubilatzeko lau urte eta erdi faltatzen ziren. Nahiko dezente irabazten zuen, eta Koldo animatu eta ezkondu egin zen.
Baina etxe bat muntatzea asko kostatzen da eta laster dirurik gabe geratu zen. Familia berria nekez bizi zen. Eta oraindik Ander Iraola jubilatu arte lau urte eta gehiago igaro behar ziren!
Koldo Uriarte gazteak egun gorriak ezagutu zituen familia aurrera ateratzeko.
Koldok ez zuen soldata fixorik. Kazeta independente bezala lan egiten zuen eta batzuetan lanak erosten zizkioten eta beste batzuetan ez. Artikuluak eta erreportaiak idazten zituen eta gero Aitzindari egunkarira eramaten zituen saltzera, baina beti ez zizkioten erosten.
Gauetan bereziki irtetzen zen berri zentzazionalisten bila. Bilboko kale eta auzetegi konfliktiboenetara joaten zen. Ariskutsua zen, baina arriskua ez zen oztopo. Koldo gaztea zen eta gazteek ez diote arriskuari gehiegi begiratzen. Maiz manifestazio zaratatsuen erdian aurkitu zen, manifestariak harrika eta poliziak ke poteak eta gomazko balak botatzen zeudela. Eta gau klubetako borroken artean ere behin baino gehiagotan aurkitu zen.
Hiria korritzeko moto bat erabiltzen zuen. Motorrak kotxe batek baino gasolina gutxiago kontsumitzen zuen eta horrez gainera hirian zehar ibiltzeko arinagoa eta azkarragoa zen.
Larunbata gaua zen. Jai bezperetan bezala, kalean ohiz baino jende gehiago zebilen.
Autonomia kalea ibiltzean, kotxe bat gaizki aparkaturik zegoen. Hainbat zegoen, noski, gaizki aparkaturik, baina kotxe hura ezagutzen zuen eta kuriositateak eraginda motorraren martxa gutxitu egin zuen.
Kotxearen paretik pasatzerakoan barrurantz begiratu zuen. Gizon bat ikusi zuen. Kotxe batean gizon bat ikustea oso normala da, noski, baina gizon hark burua bolantearen gainean zuen, lotan balego bezala.
Zer egiten zuen Ander Iraolak, Aitzindari egunkariko erredakzio buruak, ordu horretan eta jarrera hartan Autonomia kalean? Gaixorik egongo ote zen?
Motorra geratu eta Koldo hurbildu egin zen. Kotxearen barrura begiratu zuen. Ander Iraola ez zen mugitzen. Gehiegi edan eta mozkorturik egongo zen? Badaezpadan, eskuarekin kristala kolpatu zuen, baina Ander ez zen mugitu. Kezkaturik, Koldok atea zabaldu zuen eta Ander okertu eta kotxetik kanpora jausi zen. Berarekin, pistola bat ere jausi zen.
Koldo ikaratu egin zen. Anderrek bekokian tiro bat zuen.
Lehen inpresioa joan eta hurreratu egin zen ea arnasa hartzen ote zuen frogatzeko, baina ez zegoen horren seinalerik. Orduan pistola ikusi zuen lurrean, eta hartu, begirada bat eman, eta kotxe barruan utzi zuen.
Kalean zehar begiratu zuen eta ehun bat metrotara bikote bat ikusi zuen. Koldok oihu egin zien.
— Azkar! Deitu nonbaitetik anbulantzia bati!
Bitartean, Koldok Anderren gorpua osorik kotxetik atera zuen. Kotxe bat geratu zen, eta gero beste batzu. Laster anbulantzia bat etorri zen eta polizia ere bai.
Anbulantziakoek Koldoren susmoak baieztatu zituzten: Ander hilik zegoen.
— Zer gertatu da? —galdetu zuen poliziak.
Gertatutakoaren bertsiorik osoena Koldok eman zien. Poliziek pistola eskuez ikutu gabe hartu zuten. Gero, kotxea aztertu zuten. Azterketa honen ondoren polizia batek galdera bat egin zuen.
— Nor izan da lehenengoa hildakoa aurkitzen
— Ni —erantzuen zuen Koldok.
— Eta bigarrena?
— Gu —erantzun zion bikoteak.
— Eta hirugarrena?
— Ni —erantzun zuen taxista batek.
Poliziak guzti hauen izen eta helbideak blok batean idatzi zituen.
Anbulantziak Ander Iraolaren gorpua eraman zuen, eta poliziek beren azterketa lanak egiten jarraitu zuten. Koldo egunkariaren bulegora joan zen berria ematera, eta gero, goizaldeko hirurak arte, kaleak korritzen jarraitu zuen, ohi bezala, berriak bilatzen.
Eguerdia aldera, lo egin ondoren, itzartu zenean, emazteak hitz egin zion.
— Koldo, Aitzindari-ko zuzendariak deitu du. Zurekin hitz egin nahi du.
Koldok telefonoa hartu eta dei egin zion. Hariaren beste aldean neska baten ahotsa entzun zuen.
— Kaixo, Koldo! Bai, orain ipiniko zaitut zuzendariarekin.
Segundo batzuk geroago zuzendaria ipini zen.
— Zurekin hitz egin nahi dut, baina ez telefonoz, pertsonalki baizik.
— Noiz? —galdetu zion Koldok.|
— Orain bazatoz, hobe.
Koldo azkar prestatuzen kalera irteteko.
Sentitzen zuen Anderren heriotza, baina orain ez zuen lau urte itxaron beharko, hura jubilatu arte.
— Zer nahi zuen zuzendariak? —galdetu zion emazteak.
— Ez dakit, ez dit esan. Berarekin hitz egitera joateko eskatu dit.
— Zertarako izango da?
— Beharbada bulegoaren berrestrukturaketa egin nahi du. Ander hil egin da eta erredaktoreen artean aldaketak egin beharko ditu.
Koldo kalera irten zen, pozik. Ezpainekin, txistuz, melodia alai bat jo zuen, ibiltzen zen bitartean.
Aitzindariaren edifizioan sartu zen. Anderren bulegora begirada bat bota zuen, kuriositatez, baina hutsik zegoen. Oraindik zuzendariak ez zuen haren ordezkaririk izendatu. Norentzat izango zen kargu hori? Berarentzat, Koldorentzat, ez noski. Nola eman kargu hori kazetari independente bati? Baina posibilitate hori Koldok ez zuen osorik baztertu. Gauza arraroagoak ikusteri ziren munduan.
Zuzendariaren langelaren aurrean geratu zen momentu batez. Gorbatari ikutu bat eman zion eta buruko ileak txukundu zituen. Gero, atean jo zuen.
— Aurrera! —esan zuen barrutik zuzendariak.
Eta Koldo barrura sartu zen.
— Egun on —esan zuen.
Zuzendariak burua jaso zuen.
— A, Koldo! Bai, zurekin hitz egin nahi nuen. Anderrenari buruz da.
Anderrenari buruz! Bulegoaren aldaketa egitera zihoan zuzendaria? Koldo itxaropenaz bete zen.
— Bai?
Zuzendaria serio zegoen, baina hori normala zen harengan.
— Lehen polizia egon da hemen…
— A! Hori zen!
— … eta galdera batzuk egin dizkit.
Zuzendariak zigarro bat eskaini zion Koldori. Gero, hitz egiten jarraitu zuen.
— Hiltzailea bilatu nahi dute. Ander Iraolaren arerioei buruz galdetu didate. Badakizu, kazetari batek ez du beti denen gustura idazten eta arerio asko izaten du.
— Baina arerio guztiak ez dira hiltzaileak.
— Hori! Gero galdetu didate azken egunotan Anderrek zertaz idazten zuen, ea azterketa bereziren bat egiten ote zegoen.
— Eta?
— Ez, nire enkarguz behintzat ez zegoen azterketa berezirik egiten. Gero, egunkarian lan egiten duen jendearekin hitz egin dute. Zu ez zeunden eta komisaldegira joan beharko zara. Hori esan didate, eta horregatik deitu dizut.
Koldo zuzendariaren langelatik irten et komisaldegira joan zen. Han funtzionari batekin hitz egin zuen.
— Aitzindariako kazetari naiz eta Gartzia komisariarekin hitz egin behar dut.
— Orain bisita bat du eta itxaron egin beharko duzu.
Koldok korridorean egon behar izan zuen ordu laurden batean, funtzionariak deitu zion arte.
— Koldo Uriarte!
Koldo zutitu egin zen.
— Gartzia komisaria zure zain dago —esan zuen.
— Egun on, komisari jauna.
Komisaria zutik zegoen eta Koldorengana bueltatu zen.
— A! Bai, zure zain nengoen. Eseri zaitez.
Eta zurezko eserleku bat eskaini zion, mahai baten aurrean. Komisaria mahaiaren beste aldean eseri zen.
Koldok gelari begirada arin bat eman zion. Armairu bat, mahaia eta hiru eserleku, eta gehiagorik ez. Hormetan egutegia soilik.
— Ander Iraolaren heriotzari buruz da.
Komisariak, hitz hauek esaten zituen bitartean, karpeta bat zabaldu zuen.
— Ea. Iraola jaunaren gorpua ikusten zu izan zinen lehenengoa Autonomia kalean, atzo gauean, hamabi eta erdiak aldera.
— Bai.
— Zertan zeunden Autonomia kalean?
— Gauero pasatzen naiz handik. Nire lana berriak lortzea da eta gau guztietan egiten dut bidaia berdina.
— Nondik nora zindoazen?
— Errekaldeberritik Gorteetara.
— Ongi. Eta beti ordu berean egiten duzu bide hori.
— Bai, gutxi gorabehera.
— Ongi. Nola aurkitu zenuen gorpua?
Koldok zehaztasun guztiak eman zizkion.
— Zertan zegoen han Ander Iraola?
— Ez dakit.
— Anderrek, ez al zuen bidaia hori egiten?
— Ordu hartan ez. Ander, ordu haietan, bulegoan egoten zen, egunkariaria makinetan sartu aurretik azken begirada bat emateko.
— Eta beti gertatzen zen horrela.
— Bai.
— Baina atzo gauean ez zegoen bulegoan. Autonomia kalean zegoen. Eta horretarako arrazoi bat egon behar du… Zuk deitu zenion hara joateko?
Koldok harriturik begiratu zion komisariari.
— Nik? Eta zergatik deitu behar nion?
— Hori nik ez dakit. Horregatik galdetzen dizut.
— Ba ez, ez nion deitu.
— Eta orduan, nola joan zen Autonomia kalera? Zertan joan zen? Norbaitek deituko zion.
— Ba nik ez.
Momentu batez komisariak ez zuen hitzik esan eta isilune tentso bat egon zen. Gero Koldori berriro begiratu zion.
— Zure Banku kontuak aztertu ditugu eta egoera ekonomiko larri batean zaudela ikusi dugu.
Koldo dardaratu egin zen, baina ez zuen hitzik esan. Komisariak aurrera jarraitu zuen.
— Bestalde, ez duzu lan segururik. Beraz, Ander Iraolaren heriotza mesede bat izan da zuretzat, orain egunkarian enplegatu bezala sartzeko aukera izango duzulako. Aitzindariako zuzendariak hori esan dit.
— Eta zer esan nahi duzu horrekin? —galdetu zion Koldok beldurrez.
Komisariak karpeta itxi egin zuen.
— Ba… dena zure kontra dagoela. Zu izan zinen lehenengoa asasinatzearen lekuan, pistolak eta autoak zure hatz-markak ditu, Iraola jaunaren heriotza mesedegarria da zuretzat Aitzindarian enplegatu bezala sartzeko eta, azkenik, zure egoera ekonomikoa oso larria da.
Koldoren aurpegia zuri ipini zen.
— Beraz, hiltzailea ni naizela uste duzu.
Gartzia komisariak ez zuen berehala erantzun.
— Ez dakit zer pentsatu. Hiltzaile batek, normalean, ihes egiten du, baina zu han geratu zinen. Baina hau, noski, ez da froga bat. Frogak, egiazko frogak, zure kontra daude.
Koldo urduri mugitu zen bere eserlekuan.
— Nik ez dut Ander Iraola hil. Anderren heriotza ondoren Aitzindarian sartzeko posibilitatea dut, hori egia da, baina haren hilketaren ondoren beste batzuk ere igon egingo dira beren karguetan. Orain beste norbait ipiniko dute erredaktoreburu, orain berrestrukturaketa bat egingo da eta enplegatu batzuk gorago igongo dira. Ander baino gorago bat bakarrik zegoen, zuzendaria. Beraz, Aitzindariako enplegatu guztiek, zuzendaria salbu, dute erredaktore buru izateko aukera.
— Baina haien kasua eta zurea ez dira berdinak.
— Zergatik?
— Pistolan eta kotxean zure hatz-markak daude, eta ez haienak.
Koldo berriro urduri mugitu zen bere eserlekuan.
— Esan dizut hori nola gertatu zen.
— Bai, baina hori zure bertsioa izan da eta ez duzu horren lekukorik.
— Eta zer egin behar duzu nirekin? Espetxeratu behar al nauzu?
— Ez, oraingoz ez.
Komisaria zutitu egin zen eta Koldo ere bai. Atearen ondoan Gartzia komisariak berriro hitz egin zuen.
— Zu egunero Aitzindariara joaten zara, eta ni ez. Beraz, zuk Anderri Autonomia kalera joateko deitu ez bazenion, beste norbaitek egin zuen. Ahalegindu zaitez hori jakiten. Komeni zaizu. Zure inozentzia, hiltzailea bilatzen frogatuko duzu.
— Hori zaila da.
— Bai, zaila da, baina ez duzu beste aukerarik. Ander norbaitek hil zuen eta beste kandidatu hobeagorik bilatzen ez badugu, zu espetxeratu beharko zaitut eta gero juezek erabakiko dute erruduna zaren ala ez.
Komisaldegitik irten zenean eguzkiaren argiak Koldoren begietan jo zuen eta itxi egin behar izan zituen. Gero, zer egin jakin gabe geratu zen. Bere errugabetasuna frogatzeko hiltzailea bilatu egin behar zuen. Baina, nondik hasi behar zuen? Aitzindariara joan zen.
Egunkariaren bulegora heldu eta lehenengo telefonariarekin hitz egin zuen.
— Nork deitu zion Anderri atzo gauean?
— Atzo gauean? Ez zion inork deitu.
— Seguru al zaude?
— Bai, seguru nago. Gauean dei gutxi egoten da.
Gero gora joan zen, erredakzio gelara, eta erredaktoreei galdera bat egin zien.
— Zergatik irten zen Ander atzo gauean?
Inork ez zekien zergatik irten zen.
— Ez dakigu zergatik irten zen. Ezohizkoa zen Ander irtetzea, baina ez zigun ezer esan.
Koldo orduan egunkaritik irten eta Anderren etxera joan zen, Indautxuko plazaren inguruan. Atea Iraolaren alargunak berak zabaldu zuen eta Koldok bere bisitaren zergatia azaldu zion. Gero, galdera bat egin zion.
— Hitz egin ahal dut zurekin?
Andreak baietz erantzun zion eta barrura sartu ziren.
— Ander gauetan egunkarian egoten zen —esan zuen Koldok—, baina atzo irten egin zen. Ba al dakizu zergatik?
— Ez dakit. Niri ez zidan ezer esan.
— Ba al zuen areriorik?
Andrea pentsati geratu zen.
— Bai. Kazetari batek arerio asko izaten ditu.
— Ander hiltzeko beste?
— Galdera hori erantzutea zaila da. Bapatean Koldori argi bat etorri zitzaion. Eta hiltzaileak bera, Koldo, erruduntzat aurkeztu nahi izan balu?.. Nork zekien Koldo Autonomia kaletik zebilela? Aitzindariaren bulegokoek zekiten, hori argi zegoen. Beraz, hiltzailea bulegoan zegoen…
— Anderrek arerio asko zuela esan duzu. Zeintzuk zituen egunkari barruan, bulegoan? Andreak harriturik begiratu zion.
— Zer esan nahi duzu horrekin? Ander lankide batek hil zuela?
— Bai, hori esan nahi dut.
— Baina hori sinestu ezina da!
— Bai, baina zerbait posible da.
Andrea pentsati geratu zen. Gero, hitz egin zuen.
— Ez, ez dut uste Ander lankide batek hil zuenik.
Koldo urduri zegoen.
— Mesedez, utzi alde batera zure usteak. Errealitatea aztertu behar dugu, eta ez usteak. Nortzu ziren Anderren arerioak egunkarian?
— Bulegoko gauzetaz ez zuen etxean asko hitz egiten, baina azken hilabete hauetan Ander kezkati zebilen. Egunkaria diru asko galtzen zegoen.
— Bai?
— Bai. Ander egunkarian aspalditik dago lanean. Sortu zenean sartu zen, orain berrogei bat urte, eta asko maite zuen Aitzindaria. Bere urte hoberenak egunkariari eskaini zizkion eta berea bezala hartzen zuen. Horregatik, oraingo egoera ekonomiko larriak min ematen zion.
— Eta nola sortu da egoera hori?
— Ez dakit.
— Salmentak onak dira, publizitatea zerbait gutxitu da baina ona izaten jarraitzen du…
— Ez dakit, ez dakit. Beharbada egunkariko kontaduria eramaten duenak zerbait jakingo du.
— Bai, hori egingo dut, kontalariarekin hitz egingo dut. Eta orain, beste zerbait egin nahi dut.
— Anderren paperei begirada bat eman.
— Hori poliziak egin du.
— Nik ere egin nahi dut.
Andreak beste gela batera eraman zuen Koldo.
— Hau zen Anderren langela.
Koldok mahai gaineko paperei begirada bat eman zien eta gero kaxoiak zabaldu eta haien barrukoa aztertu zuen.
— Bilatu al duzu zerbait? —galdetu zion alargunak Koldok bere azterketa bukatu zuenean.
— Ez. Tamalez ez dut ezer bilatu.
Koldok andreari eskerrak eman zizkion eta berriro egunkariara joan zen. Eguerdia pasata zegoen eta enplegatuak laster irtengo ziren bazkaltzera. Koldo kontalariarengana joan zen.
— Kaixo! Zurekin hitz egin nahi dut, luze. Nahi duzu nirekin bazkaldu? Gonbidatu egiten zaitut.
Kontalariak Koldoren gonbidapena onartu egin zuen eta biak kalera irten ziren.
Bazkaltzeko, restaurante ez garestiegi bat aukeratu zuten eta eseri ondoren Koldo hitz egiten hasi zen.
— Anderren heriotza aztertzen ari naiz eta zure laguntza behar dut.
Kontalariak barre egin zuen.
— A, hori zen! Bai, lagunduko dizut. Zer nahi duzu jakin?
— Esan didate egunkaria egoera ekonomiko larri batean dagoela. Zergatik da hori?
Kontalaria bere eserlekuan atzera bota zen.
— Boxeo txapelketek dute errua. Hor diru asko eralgitzen da. Ordurarte Aitzindaria ongi zebilen, baina boxeo txapelketak antolatzen hasi zenean, orduan hasi ziren gure problemak.
— Eta noiz eta nola hasi ziren txapelketa horiek?
— Orain direla lau urte. Egun batean Teo Muxika izeneko tipo bat etorri zen egunkarira eta zuzendariari boxeo txapelketa bat egitea proposatu zion. Teok ederki daki mintzatzen eta zuzendaria konbentzitu egin zuen. Lehenengo urtean dirua galdu egin zen eta hurrengo hiruretan berdin gertatu da.
— Eta zergatik ez dira txapelketa horiek baztertu? Zergatik jarraitu dira egiten?
— Hori nik ez dakit. Hori zuzendariari galdetu beharko diozu.
— Eta hain larria da egunkariaren egoera ekonomikoa?
— Bai, oso larria. Zuzendariak agindu zidan tema hau ez komentatzeko inorekin, baina zurekin salbuespen bat egiten dut, zergatik den ikusirik. Beraz, segeretua gorde beharko duzu. Mesedez, ez esan inori nik ezer esan dizudala.
— Bai, segeretua gorde egingo dut… Beraz, egunkariko enplegatuek ez dakite Aitzindariaren egiazko egoera zein den.
— Ez, ez dakite, baina laster jakin egin beharko dute. Orain, Bankuetako kreditoekin egin dugu aurrera, baina hori bukatu egingo da, eta orduan zer?
— Eta Ander Iraolak, bazekien ezer horretaz?
— Ez dut uste. Nik esanda, behintzat, ez.
— Eta nonbaiten enteratu bazen?
— Hori ez dakit. Nirekin ez zuen inoiz ezer komentatu.
Bazkaria zerbitzen hasi ziren eta Koldok, zopa hartzen zuen bitartean, beste galdera bat egin zuen.
— Eta Teo Muxika hori, nor da?
— Boxeo munduan sartuta dago eta badakizu mundu horrek nolako fama duen, nik ez dakit arrazoiz ala ez.
— Ezagutu nahi dut Teo hori. Nondik ibiltzen da?
— Eguerdietan Goizeko Izarra kafetegian egoten da, Indautxu-n. Bere foto bat nahi baduzu, egunkariko artxiboan dago hainbat.
Zopa bukatu zuten eta arraina ekarri. Koldok beste galdera bat egin zuen.
— Nolako harremanetan zeuden Ander Iraola eta Teo Muxika?
— Ez zuten harremanik. Teo zuzenki zuzendariarekin mintzatzen zen.
Bazkaria bukatu ondoren Koldo egunkarira joan zen eta Teoren foto bat hartu zuen. Gero, egunkariaren ale zaharrak irakurri zituen, boxeo txapelketako berriak aztertzeko. Boxealarien izenak apuntatu zituen. Hauen artean bat bilbotarra zen eta haren etxera joatea erabaki zuen. Helbidea lortu eta motorran Txurdinaga auzategira joan zen.
Edifizioak atea itxita zeukan eta atezain automatikoan txirrina jo zuen.
Goian, andre bat zegoen Koldoren zain.
— Maxekin hitz egin nahi dut.
Andrea barrurantz bueltatu zen eta oihu egin zuen.
— Max! Gizon batek zurekin hitz egin nahi du.
Eta Max agertu zen. Gizon bulartsua zen eta boxealariak bezala, sudurra zapalduta zuen.
— Zer nahi duzu?
Koldo, gizon handi haren aurrean zerbait beldurtu zen. Nor zen esan zion.
— Zuk Aitzindariaren bigarren txapelketan parte hartu zenuen.
— Bai, horrela da.
— Eta hirugarren eta laugarrenean ez. Zergatik gertatu zen hori?
Maxen aurpegia hiraz gorri ipini zen.
— Teok berarengan soilik pentsatzen du. Gizon miserable bat da, tipo zital bat. Guk, boxealariok, kolpeak hartu, eta dirua hark eraman. Hori da Teo.
Max gizon hiztuna zen eta Koldok ordu eta erdi eman zituen haren etxean. Maxek ardoa edatera gonbidatu zion eta Koldok Anderrena eta bera hiltzailetzat hartua izan zela kondatu zion.
— Ni zure alde nauzu —esan zion Maxek—, nire adiskide boxealariekin hitz egingo dut arazo horretaz eta zerbait jakiten dudanean abisatuko dizut.
Arratsaldeko laurak ziren eta Koldo berriro Anderren emaztearen etxera joan zen. Andrea, Koldo egun berean bigarren aldiz ikustean, zerbait harritu zen.
— Zu hemen berriro?
— Barkatu —esan zion Koldok—, baina zerbait berri jakin dut eta zurekin komentatzera etorri naiz.
Andreak sartzeko esan zion eta egongelan eseri ziren.
— Kopatxo bat?
Eta koñaka ekarri zion.
— Zer berri dago?
— Teo. Teo horrek boxeo txapelketak antolatu ditu Aitzindariarako.
— Bai, hori banekien.
— Eta egunkariko kontaduria eramaten duenak esan dit Aitzindariako diru galerak Teo hori lanean hasi zenean sortu zirela.
— Bai, hori ere komentatu du inoiz nire senarrak.
Koldok harriturik begiratu zion andreari.
— Zer diozu? Zure senarrak hori esan zuela? Puntu hau oso inportantea da.
— Eta zergatik da hain garrantzizkoa?
— Ikusi. Kontalariak esan dit inori ez ziola hori esan. Zuzendariak inori ezer ez esateko agindu zion.
Andrea serioski mintzatu zen.
— Ba nire senarrak bazekien hori.
— Eta zer gehiago esan zizun? Atzo horretaz zerbait esan al zizun?
— Ez, ez zidan inoiz zehaztasunik eman eta atzo ez zuen horretaz ezer komentatu.
Minutu pare batean ez zuen inork hitz egin eta Koldok, pentsati, kopatik edan zuen. Gero, urrunera begira, berriro hitz egin zuen.
— Ikusi. Guztiok izaten dugu gure pentsamenduak norbaiti kondatzeko nahia, gure ideiak konpartitzeko beharra sentitzen dugu. Zuri horretaz ezer gehiagorik esan ez bazizun, norbaiti kondatuko zion. Nor zen zure senarraren adiskide on?
— Goian bizi den medikua. Harekin xakera jokatzen zuen.
— Eta etxean egongo al da? Harekin hitz egin nahi dut.
— Ikusi egingo dugu. Goazen gora.
Medikua etxean zegoen eta sinpatia handiz hartu zituen bisitariak.
— Atzo bazkalostean Anderrekin xakera jokatu nuen —esan zien.
— Bai?
Koldo itxaropenaz bete zen.
— Bai. Eta oso kezkati zegoen.
— Zer kondatu zizun?
— Egunkariko egoera ekonomikoa oso larria da eta horretaz zegoen kezkaturik.
— Eta atzo gauean norbaitekin hitz egin behar al zuen?
— Bai.
— Norekin?
— Zuzendariarekin.
Koldo harriturik zegoen.
— Zuzendariarekin?
— Bai. Baina ez egunkariko bulegoan. Zuzendariak ez zuen nahi tema hori bulegoan tratatzea. Autonomia kalean elkar ikusiko zuten, gero nonbaitera joateko… Eta ikusi, han zuzendariaren zain zegoela, norbaitek hil zuen Ander gixajoa!
Koldo zutitu egin zen, aurpegia zuri-zuri zuela.
— Zuzendaria! Nork pentsatuko zuen hura hiltzailea izan behar zuela!
Anderren alargunak harriturik begiratu zion.
— Zer diozu? Zuzendariak hil zuela nire senarra?
—Bueno, ez bere eskuz. Nik gehiago uste dut lan hori beste norbaitek egin zuela haren enkarguz. Beharbada Teoren inguruan dagoen norbait.
Andrea era zutitu egin zen.
—Beraz —esan zuen Anderren alargunak—,badago dena argiturik.
— Ez —erantzun zion Koldok—. Oraingoz nire susmoak besterik ez dira. Zerbait ziur jakiteko frogak behar ditugu.
— Eta nola bilatuko dituzu.
— Ez dakit. Baina etorriko zait zerbait burura.
Koldo berriro kalera irten zen eta ordu erdi bat eman zuen paseatzen eta pentsatzen. Azkenik, egunkarira joan zen eta zuzendariaren langelako atean kolpe bi jo zituen.
— Sartu!
Koldo barrura sartu zen. Zuzendaria idazten zegoen.
— Zer nahi duzu —galdetu zion zuzendariak burua altxatuz.
— Anderren heriotzari buruz zen.
— A! —eta zuzendariak idazteari utzi zion.
— Ikusi. Zuk esan zenidan Ander jubilatu ondoren enplegatu bezala sartuko nintzela egunkarian. Orain Ander hil egin da eta nitaz zer egin behar duzun jakin nahi dut.
— Oraindik ez dut ezer erabaki —erantzun zion zuzendariak.
Koldok koitaduaren itxura hartu zuen.
— Beste zerbait esan nahi nizun. Beldur naizela.
— Beldur? Zeren beldur?
— Entzun dut egunkariaren egoera ekonomikoa larria dela.
Zuzendariaren aurpegia zerbait gorritu zen.
— Nork esan dizu gezur hori?
— Gezurra al da?
Orain zuzendariak ez zekien zer erantzun eta momentu batez isilik egon zen.
— Bueno, orain krisisarekin ez dabil inor ongi, baina tira, gure egoera ez da zuk esaten duzuna… Eta nork kondatu dizu hori?
— Kalean.
— Kalean? -galdetu zion zuzendariak harriturik.
— Bai. Eta zerbait segura bezala esan didate.
Zuzendaria kezkatu egin zen. Gero galdera bat egin zion.
— Eta komentatu duzu hori hemen egunkarian beste norbaitekin?
— Ez, ez dut komentatu.
— Eta ez duzu komentatu behar.
— Zergatik?
— Derrotismoa sortuko delako… Bueno, eta zure lanpostuari buruz, bihar hitz egingo dugu horretaz. Eta orain zoaz bulegora eta hasi lanean kirol sailean. Bihar esango dizut zein izango den zure lanpostu definitiboa.
Zortziak arte egon zen Koldo bulegoan eta iluna zen etxerako bidea hartu zuenean. Udaletxeko zubian kotxe bat geratu zen bere parean eta gizon bat jaitsi, zen, eskuan pistola bat zuela.
— Sartu barrura!
Eta Koldo, ikaraturik, barrura sartu zen.
Autoak Begoñarako bidea hartu zuen eta Artxandara heldu zirenean kotxea geratu egin zen leku bakarti batean.
— Irten kanpora! —agindu zion pistoladunak.
Koldo kotxetik irten egin zen, eta berdin egin zuten barruan zeuden gizon biek, pistoladunak eta txoferrak.
— Zertan ari zarete? —galdetu zien Koldok.
— Galderak hemen nik egiten ditut —erantzun zion pistoladunak.
— Eta zeintzu galdera egin behar dizkidazu?
— Bat bakarra —erantzun zion gaizkileak—. Nork esan dizu Aitzindariaren egoera larria dela?
— Kalean esan didate?
Pistoladun tipoak barre egin zuen.
— Nork esan dizu? Arbolaren batek? Ala farolaren bat izan da?
Eta hau esatean Koldo hartu eta iharrausi egin zuen.
Koldo ikaraturik zegoen. Ez zuen zalantzarik. Tipo hura boxealari bat zen. Sudurra zapalduta zuen eta indar handi bat.
— Hamar segundo ematen dizkizut izen bat emateko —agindu zion pistoladunak.
— Eta ematen ez badizut?
— Orduan txikitu egingo zaitut.
Txoferra zerbait atzerago zegoen eta Koldok begiratu egin zion. Fotoetatik nor zen igarri zuen.
— Zu Teo Muxika zara, ezta?
Gizona dardaratu egin zen.
— Zer arraio inporta zaizu!
Eta orduan zerbait ezusteko gertatu zen. Ilunetik hainbat gizon agertu zen, eskuetan pistolak zituztela.
— Eskuak gora! -agindu zuen Gartzia komisariak.
Eta gaizkile biek eskuak gora igon zituzten. Eskuburdinak (89) ipini zizkieten gaizkileei eta kotxe baten sartu. Bitartean, Gartzia Koldorengana joan zen.
— Nola?
— Sekulako ikara jasan dut… Eta nola etorri zarete hona?
— Egun osoan zure atzetik ibili gara. Uste izan dut ahaleginak egingo zenituela gaizkileak bilatzeko eta hori arriskugarria zen.
— Baina zuk uste zenuen hiltzailea ni nintzela.
— Ez. Agirian hori ematen zuen, baina nabarmenegia zen.
Gartziak Koldori eskua luzatu zion.
— Hartu bostekoa, Koldo. Ederki portatu zara.