Etzen munduko lehena, bena herri hartan etzien, ordiala artino, egundano bat ikusi, etzien entzun ere sekula parasolik aipatzen.
Egunko egunian orano, badeia parasol hanitx Urzainkin?
Urzainki herri ttipitto bat da, bide handiaren saihetsian, Izabaren eta Ronkariren artexe hortan.
Bailia hortako gizoner uduri du gaizki joaiten zaiela parasola. Ez die graziarik batere parasol baten pian beren soinetako molde gaitzekin.
Longarina, espainulentako, zerbutxu handiko ile-larri oihal bat da.
Denbora ederra bada, espainulak longarina soin hegian du, aitzin gibel txilintxan. Aro hotzarekin, lepoari unguru, bi soinak bizkar erditara hartzen derotzalarik. Euria denian, burutik behera aztaletarano.
Ekuratzen den lekian, espainulak longarina jargiatako du; lo egin nahi dianian, aldiz, zabal-zabala, ohatzetako.
Zernahi orduz longarina berekin du, gerriko handia bezain xuxen.
Urzainkiko erretora, haatik, asexerik zen longarinaren erabiltez, etzeron uduri ere apez bati zoakon estalki bat zela.
Jakin zian frantzes demonio koriek, euria ari zenian, erabilten ziela oihal aterbe bat makila baten puntan. Iruñera edo Madrilera galtoa helerazirik, bat bildu zian nonbaitik, ola hegatza bezain zabal. Haren pian jarriz geroztik, apezak etzian bustatzeko lotsarik.
Horra non, egun batez, herriko nausi handi batek galtegin zeron erretorari parasola, Izabara joaiteko.
Erretora gizon una zen, eta bazakian zoin ziren Urzainkiko nausi handiak.
Perestatu zian Manueli parasola, eta, orano, berak zabalturik eman zeron eskiala. Qué honor! erran zian Munuelek, eta abiatu zen maxterra lagun.
Espainako nausi handiak ez dira sekula bidiari lotzen lagunik gahe. Manuelek bazian lagunaren beharra parasolaren egarteko ere, parasolak pezu zian arrobabat huillan. Hain zen erenu gaitzeko!
Izabara heltu eta, Manuel nahi izan zen sartu Kondde-nian. Etzian ihula ere parasola zerratu ahal izan. Erretorak zabaltu zeron, eta etzeron erakatsi nula biltzen zen.
Zer egin?
Izaban arotza zien gizon maierenetarik bat.
Arotzak egin zian ahala, bena-bena utzi zian parasola zabalik.
Zapateroak, zurginak, harginak, ahuntzainak, maestroak ere, oro gabatxo koriek beno jakitate handiagokoak, mila utzulika egin zien, eta oro auherretan.
Behar izan zen utzi parasola kanpoan zabalik.
Biharameneko denbora edertu zen.
Manuel etzen nahi utzuli Urzainkirat parasol haxe handi hura bizkarrian zabalik.
Belaguarik eraisten ziren almadiero batzu kargatu ziren, trebesen gainen, parasolaren Urzainkirat ekartiaz.
Urzainkiko erretorak zerratu zian parosola, eta etzian ihouri erakatsi haren zabaltzeko, ez zerratzeko giltza.
Geroztik parasola egon zeron bere-beretako.