Soloek ez dabe ogirik emoten, kardu eta zalgiaz baino. Txilinei eragiten dautsoela, han-hemenka, murru-murru, begi urdinak daukezan behiak dabiltz bedar puntarik inon idoroko, baina bedarrik ez dago.
Eguzkiak euzko igataia darabil latxin, lantxar eta zelaietan.
—Euririk ez bada, geureak egin jon —emazte onari esan eutson senarrak. Baina euri tantarik be ez zan heldu beste hil bian, eta goseak jo ebazan baserriko ateak. Gosea zer dan ete dakizu? Hazur hotsa darabil beragaz eta begiak okertuta daukoz. Miralde basetxera erdu, hantxe dakuskezu gosea zer dan eta.
Lau umekondo jantzi zaharrakaz, haragi lohiak erdi estaldurik, multzoan datzaz. Batak ogia eskatuten daun artean, besteak mokoz zikindutako ogi atalari zatia kenduten dautso. Hanka ganean egon ezinik, noiz jausiko dabil katu baltza, lupetzez uliak eta narruko hutsuneak agiri dauzala.
Katuak ez dau aspaldion senti sukaldeko jaki gozoen usainik.
Sutondoan egur bi oztaz ozta dagoz, gar apurtxo bat egiten daben artean, lapiko zaharrean egosten diran gatzik ez urdairik bako indabak.
Oriorik ez dabe ikusi etxe haretako azek. Arean be ez! Emakume argalak ugatza damotso altzoan daukon umeari. Oihal artean estalduta dago umetxoa, eta bere aurpegirik ez da ikusten. Baina lehor dira bularrak eta ezin seinak titirik edan.
Behiei jatekoak bila, gorostiak ekarten joana dabil aita. Mendi ertzetan be lehorteak iruntsi dauz orriak eta bedarrak. Abereek, baina, jan barik ezin bizi.
—Ama, gose naz —negarrez dirautso ume batek.
—Gose, neure laztana, gose? —baina amak ez dauko zer emonik, gaxo hori!
Altzoan eukon seintxoa loak hartu dau eta sehaska txirora daroa. Eragin apurtxo bat eta lotan datza. Gero belaunbiko jausten da lurganean eta otoi dagi emakume aratzak.
«Goiko geure Aitea, emon egizkuzu eguneroko ogia. Neuretzako ez dautzut eskatuten, neure semeentzako baino».
Mutiltxu zaharrenak amaren nekea ezaututen dau, eta gose dan arren, isilik egoteko besteei eskatuten dautsoe. Ume hareen ahoak barik, begiak jan barik egoazala irudian. Begi hareen zorroztasuna!
Baina soloak elkor eta agor egozan. Urteroko saria kobretan erduten dana, han agertu zan. Begi gogorrak eukozan.
—Ez daukogu zegaz ordaindu —esan eutsen.
Baina txindiz bururaino zan harek, basetxetik at urten egiela esan eutsoen.
—Ordainduten ez daunik ez dot gura neure etxean.
Egun gitxi barru etorri zan uriko gizon bat. Senarratzaz itandu eban. Eta kortan abereei janaria emoten egoan gizona, etorri zan atarira.
—Ementxe daukozuz epailearen ingiok. Hamar egun barru etxe honetatik urten behar zara. Hementxe izenpetu edo pirmau egizu.
Eta baserritar gaixoak hitzik be egin barik izenpetu eban. Zertarako zarata egin? Alferrik izango zan eta?
Hildegira daroen txahal haren antzean, begi apalakaz egiten eban besteek esaten eutsena. Goseak eta nekeak kokolotu eben.
Egun guztian negar egin eban emazteak. Umeak isilik egozan zer edo zer jatozala igarri ebelako. Eta aitak ez eban bururik jaso. Atarian, alki baten ganean jesarrita, orduak eta orduak igaro euzan. Gaua heldu zanean barrura sartu ziran eta negarrez agurtza deuna edo errosarioa errazau eben.
Baserri baten be errosario deuna errazau barik ez dira geratuten. Goizean esan eutson senarrak.
—Ene emazte hori, ez ete dakizu? Urian guztiek irebazten ei dabe ogirik asko. Ogitarako ez eze jantziteko be han irebazten dabe.
—Ume honek gose barik ikustekotan, ludi honen azkenera arte be joango naz. Mendialde honek bere sabela lehortuta daukon ezkero, goazan hemetik!
Etxean ziran oilo batzuk zeian saldu ebezan okelarako. Oheak ezik, beste gauzak zetarako ebezan, ba? Urian basetxeko tresnarik ez da behar eta.
Kortea geratu zan abere barik behientzat jaurtitako azken bedarrak askan zirala. Marmarrek ehuna non egin edukiko eben, baita gautxoriek be. Goizaldea lora ganetan ebilan ihintza isuriten, txoriei lepoan taka egin eta habiak hutsik itxiteko. Sollube ondoan ez zan zerurik ikusten goiza zalako, eta lainoak alderdi guztia estalduten eban.
Bitxabal zehar sendi bat etorran. Burdi ganean ohe bi, arasa bat eta umeak. Jantzi barriakaz etortzan umeak, eta pozik. Ganera goserik ez eukoen. Belate ganera heldu ziranean, azkenez begiratu eutsen euren herritxoari. Senar-emazteak oso itun, umeak barreka. Ez eben ulertuten jazokun haren garrantzia.
Mungiako geltokira heldu ziranean, hutsitu eben burdia eta ohe eta tresnak sartu ebezan bultzian. Goizegi heldu ziralako, han egon ziran begira ordu bi. Egun ha lako ederrik ez da ageri inoz ibarretan! Zeru garbian hodeirik ez zan ageri.
Geldiro-geldiro, bultzia heldu zan. Urira esneak saltzen datortzenak eta barazkiak dakartzenak bakarrik egozan geltokian. Zaratak eta txilioak ziran!
Ordu erdi baino ez eban bultziak han egin. Gero fu-fu-fu-fu urten zan geldiro. Urira etortzan sendikoak itun. Zer idoroko eben? Inor ez eben ezagututen, etxerik ez eukoen biziteko. Senarrak, bere eskuengan itxaropen osoa eukon.
Bultzia uriratu zanean olek erakusten eutsoezan euren kezulo luzeak. Ibai ertzean egozan landola handiak. Ikatza eta burnia ageri ziran. Itsontzi handiak be hantxe egozan. Umeak senti eben poza! Baserrian halakorik ez zan ikusten eta.
Gero txaide zehar jenteak eta jenteak. Hara-hona arin ebiltzazan. Alkarri agurrik be ez eutsoen egiten. Honexek ikeratu ebazan umeak. Eta uri nagusiko geltokian, Bilbaon nora jo ez ekiela aurkitu ziran…
Baina lan egin gura daunak idoroten dau beharra. Eta Bilbaon dago orain euzko sendi bat. Alkarren ganean bizi dira jenteak etxeetan, batez be langileak. Txarrikeriaz beterik dagozan txaideetan emakume lohiak baino ikusten ez diran ertzetan bizi dira gaixoak.
Gizonak ondo irebazten dau. Goserik ez dauko. Ola handi baten lana idoro eban. Basetxeatzaz ez da gomutetan askorik. Baina umeak geroago eta itunagoz dagoz. Ogia jaten dabe gura daben bestean, baina ez dagoz pozik.
Emakumea be itun dabil. Ez jako ageri lehenagoko alaitasuna. Mutilak eskolara doaz, baina erderarik ez dakie eta astotzat daukoez. Guztiek barre dagie euren lepotik. Bobo edonok esaten dautse. Espetxera joango bailiran ikastolara doaz.
Etxe haretan sartukeran, baserriko ikastola polita gomutan jakoe. Han guztia euskeraz hitz egiten eben. Zugatzak egozan ikastola ondoan eta udan sagarrak jaten ebezan. Adiskidetxo onak eukezan, orain ostera bat bez.
Irakasleak be zigortuten dauz erderarik ez dakielako. Etxera doazanean negarrez sartzen dira.
Baina etxean ez dago poztasunik. Ogia bai, baina zerurik be ez da ikusten. Teilatu ondoan dago euren bizitokia. Ez landarik eta ez zugatzik.
Hareik itun ikustean ama be itun dabil, baina nekerik gehien egiten dautso seme txikiak. Altzoan umea ebala sarri urteten da egurastuten, baina umeak ez dau barrerik egiten. Gaizkin antzeko gizonak dabiltz txaide zehar. Eta umetxoak ez dau poztasunik. Jostailuak diran leihotara helduten diranean, barre egiten dau, alai, han diran zalditxoak ikustean. Baserriko bizitzea-edo gomutara jatorko. Zaldiek eta abereek poztuten dabe umea!
Eta hor bizi dira, uri handian, euzko sendikoak. Zaharrenek ahaiztu dabe euskera. Ez daukoe euzko umeen antzik be. Erdera baino ez dabe egiten orain. Ogia jaten dabe, baina galdu dabez gogoak.
Uri horrek, ba, ogi ordez, gogoak gura dauz.
Baina urira joango dira barriro be, baserrian janaririk ez daukoen artean. Oletako keak ez jakoez atsegin, baina beharrizanak dakartz ke artera!