Mikel Trakets

Euskal Esnalea, 1926

Mikel Trakets eta Edurne Zoli senar-emazte zintzo eta langileak ziran.

Nik ez det oraindik Edurne bezelako emakumerik ikusi. Bere eginbeharretan txingurria bezain bizi, arduratsu eta azkarra, etzuan egun guzian une bateko atseden apurrik hartzen. Isil eta apala; bere senaragandik entzuten zituan irain eta ergelkeriek ez zioten inoiz ere bihotzeko alaitasun eta aurpegiko irripare gozoa kentzen. Edurneren etxeko toki eta gauza guztiak ispilua bezain garbi, txukun eta dizdiratsu zeuden beti.

Eta Jainkoak emandako seme-alaba Jon eta Mirentxu bezain ume apain, guri ta zoragarririk ez zan, ez, benetan, Mendietako hiri politan. Zorioneko umeok ikusten zituztenek beren ama langilea aho batez onetsi ta goraltzen zuten.

Langilea zan bai benetan gure Mikel ere, egunero lanean hautsi eta puskatzen zan gizon sendo mardula, etxeko horma nagusia baino zintzoagoa gizarajoa. Ez zuan txarbiderik ezagutzen gañera: ez ardorik edan, ezta ke-belarrik erre ere. Hitz batez, aldaretan jartzeko ez zuan burestun edo koroia besterik behar. Burestun hori iristea baina, bere eritzi okerrak eragozten zion Mikel Traketsi.

Bere emaztea hain langilea izanik, ez zuan Edurneren lan erdirik ere ikusten. Buru estu samarra eduki gaxoak. Etxean ezer egiten ez zuala; alferkerian bizi zala, Madrilgo erregina bera baino zabalago bizi zala, esaten zion egunero Edurneri.

— Ez dezute euli batek adina lan egiten emakume berritsuok!—esan zuan Mikelek egun batean.

— Zuek goizalde guzian egiten dezuten lana ordu batez egingo nuke nik. Nik adina lan egingo bazendu ez zenduke horrelako arpegi zuri-gorrizkarik izango, arraietan!

— Gure eginkizunak aldatzea nahi al dezu, gizon? —esan zion orduan Edurnek, senarraren eguneroko leloaz asperturik.

— Ni bihar sorora joango naiz eta egin zuk etxeko lanak.

— Ondo dago, ederki dago. Bihar ikusiko da gure etxean bakoitza nor dan.

Hurrengo egunean goizean goizik jeiki ziran senar-emazteok, beti bezela. Mikel inoiz baino harro eta alaiago zegon, etxe barruko lanetan hamar emakumek baino askoz gehiago egin zezakela buruan sartuta zeukan, eta egun hortan andreari erakuspen haundia emango ziola uste zuan.

Edurne alai zegon bera ere, baina etxean gauza okerren bat gertatuko ote zan beldurrak kili-kili ta atximurka zorrotza egiten zion bihotz barrenean.

Hasi zan bada Edurne Zoli etxeko eginbeharrak senarrari erakusten.

— Txerrieri lehenbailehen jaten emaiezu; eta ikuiluan lotuta dagon astoaz ere ez ahaztu. Txito eta oiloak ondo zaindu bakarren bat galdu ez dedin. Gure haurrak gosaria emanda ikastolara garaiz bidaldu. Eguerdirako aza-porru eta lur sagarrak (patatak) ondo egosi. Bi azaldun talo gozo guri-guriak erre —esan zion azkenez Edurnek Mikeli.

— Bai, emakumea, bai; utzi nere gain, zuk uste baino hobeago egingo det guzia eta.

Hartu zituan bada Edurnek atxurra bizkarrean, saskia eta igitaia galtzarbean, eta gurutz ikurra eginda sororantz abiatu zan.

— Nundik hasiko gaituk? —galde egin zion bere buruari Mikelek Edurne Zoli sorora joan eta berehala. Eta “Ura ekarriko diagu lehenbizi” esanda, etxean bilatu ahal izan zituan bi urontzi haundienak hartu zituan eta ontzi bat aurreko aldetik, bestea atzetik, ezkerreko bizkarrean aga sendo lodi batetik zintzilika zeuzkala iturriratu zan, eta ontziak hartu ahal zezaketen ur guzia sartu zuan etxean. «Bazeukagu beñepein egun batzuetarako ur naikoa» esan zuan harro-harro, lan haundia egin balu bezela.

Hartu zuan gero kaiko haunditxoa, eta uraz erdiraino edo bete ondoren, bere esku zikin latzaz arto-orea egiten hasi zan. Lodiegi iruditzen zitzaionean ura neurririk gabe botatzen zion, mehe samar zanean berriz irina esku zabalka, kaikoak gainez egin arteraino.

Txerriak kurrin-kurrinka zebiltzan bitartean, goseak hilik gaixoak, aurreko gauetik ezer jan gabe zeuden eta. «Itxodoizue apur baten, —erantzuten zien Mikelek—, lur-sagarrak zuritu eta zubentzat janaria gertatu arte». Bai zera, ez ziran horregatik isiltzen txerriak, eta muturraz jo eta bultzaka ate makala lurreratu nahian zebiltzan. «Zaudete geldirik arraiuok, bizkar hezurra berotuko dizuet bestela-ta» didar egiten zien berriz. Alperrik ordea, lehen baino ekinaldi gogorragoa egin zuten gure txerriek, eta holako batean, daunba!, lurrera bota zuten txerritokiko atetxoa eta denak batera sukaldean sartu ziran lasterka, harrapatu ahal guzia garbitzeko.

— Utikan! Kanpora hemendik, txerri goseti amorratuok! —zion larri-larri Mikelek, sutatik hartutako ileti sendo bataz txerriak jo eta ostikoka atera bultzatzen ari zala—, nere ordu erdiko lana galdu egin nahi didate abere mutur zikin aluok.

Atera zituan nolabait sukaldetik berriz txerritokian sartzekotan, baina atea lurerratu eta hautsita ikusi zuanean sumindu zan gure mutila eta «Nola zainduko zetikagu txerriok? —zion—, etzidatek lanik egiten utziko pizti gogaikarriok… Semeari hots egin beharko zioagu, nahiz eta gaur ikastolik gabe gelditu».

—Hi, hartzak makila —esan zion semeari ohatzetik atera zuanean—, eta eraman itzak txerriok bideberritik zehar baso aldera, nik berentzat janaria ta guretzat eltzekoa gertatu arte. Gaur ikastolik gabe gelditu beharko dek, seme. Ondo zaindu, bada, eta tarrantak (automovil) datozenean arretaz ibili, bat edo bat azpian hartu ez dezaten.

Jon txerriekin joan da laster, ikuiluko atean oilo loka agertu zan hamabost txito urdin nabar polit atzetik pio-pioka zituala.

«Zuek ere bai, moko zikin aluok? Etzerate, bada, nerekin asko jolastuko!».

Hartu zuan orduan hari luze bat eta txito guzien ezkerreko oina amaren hankari loturik, ikuilurantz bultzatu zituan. Sartu zan berriz sukaldean lur sagarrak zuritzeko, baina beretzako bakarrik lan haunditxoa-edo ikusirik, lotan zegon alabatxoari hots egitea bururatu zitzaion berari laguntzeko.

Ekarri zuan bada Mirentxu, zazpi-zortzi urtedun neska lirain-polita, eta bere esku txuri-bigunetan aizto amutsa utzita ekin zion berriz lur-sagar zuriketari.

— Ama nun dago, aitatxo? —galde egin zion samur-samurki Mirentxuk.

— Soroan zegon —erantzun zion garratz-garratz.

— Zenbat aldiz lo eginda gero etorriko da?

— Bazkariz etorriko den, gaur bertan.

— Eta ikastolik bai al dago gaur, aita?

— Ez, etzegon gaur ikastolik, irakaslea gexorik…

Ez zuan Mikel gezurtiak bukatzeko betarik ere eduki, ikuiluan oilo loka oihu eta zarataka orduantxe hasi zalako. Jauzi batean joan zan gure gizona ikuilura, bidean bilatu zuan arto ore ontzia lurrera botata.

Eta zer ikusi zuan bertan?

Izugarizko azeria oilo eta txitoak ahotik zintzilika ikuiluko leihotik ihes egiten eta askari lotuta zegon astoa oilo lokaren garrasi eta zalapartek izututa, jauzi eta ostikoka itotzeko zorian. Hurreratu zitzaion gure Trakets iso-isoka, baina sekulako ostikoa hartu zuan sudur- sudurrean.

Mirentxu neskatilari bitartean aitaren arraio eta marraskak esku dardara egin zioten, eta aiztoak zart!, ezkerreko eskuan ebaki haunditxoa egin zion.

— Aita, aita —hasi zan negarrez deadarka— odola egin zait!

Ez zeukan orduan aitak erantzuteko gogorik, eta ikuiluraino joan behar izan zuan sudurretik odol iturria zeriola zegon aitaren laguntza bila.

Ez ditugu baina oraindik Mikel Traketsen zoritxar guziak ikusi.

Aita-alabak ikuiluan zeudenean, txerriak heldu ziran laster-lasterka Jontxuren aurretik, tarranta zaratatsu batek izututa. Sukaldean sartu ziran guziak, eta lurrean botata zegon arto oreari batzuk, zuriturik eta zuritzeke zeuden lur sagarrei beste batzuk ekinaldia egiñik, berehala irentsi eta garbitu zuten guztia. Txerri muturluze batek, sutondoan aza-porru eta lur sagarrok egosteko urez beteta gerturik zegon eltzea plast! su gainera itzulita dena itzali zuan.

Heldu zan Jon gaixoa ere txerrien atzetik didarka.

— Aita, txerriak ihesi egin didate eta sukaldean sartu dira!

— Bai? Atera itzak berehala! —erantzun zion ikuilutik.

— Aita, dena jaten ari dira baina.

Sartu zan Mikei lasterka sukaldean, eta edestu ditugunak ikusirik, hartu zuan ero eta bero haga haundi bat mutikotxoa buruan jotzeko, baina…. “Zer egin behar nuan nik?” esan zuan eskua bat-batean gelditurik, “Zer egingo nuan nik nere semetxoa hil baizik?”. Gaixoak ez dauka errurik ordea! Nik, nik daukat gertatu diran oker guzien errua!…. Beste egunetan hau dana ondo zebilen, nerekin berriz… Mila demonio!».

 

Mikel Trakets itun eta burua makurturik zegon. Jon eta Mirentxu sukaldeko txokoan negarrez. Sukalde hortan ez zan ez su ez garrik ageri, Mikelek lanean berriz hasteko gogorik ere ez zeukalako.

Igarotako gertapenek gogaiturik utzi zuten guzia.

Heldu zan bere garaian Edurne sorotik belar gozo bigunez gaineztutako saskia buruan zuala, eta etxea esan degun eran ikusita, harriturik gelditu zan begiz ikusten zuana ere sinistu gabe.

— Enizun nik mila aldiz esaten —ziotsan Mikeli, honen ahotik gertatutako guzia aditu ondoren—, enizun nik esaten Jaungoikoak ez gaituala guziak era batekoak egin, eta bakoitzari dagokion eginbehar eta tokia eman diola? Emakumeak etxe barrua ondo zaintzeko, gizona berriz ateko lan gogorretarako gerala? Eta guziak gure eginbeharrak ondo betetzeko nahiko lan degula?

— Bai, orain ongi ikusten det, baina lehen enuan sinisten.

Zorigaiztoko egun hori ez zitzaion inoiz ere ahaztu Mikel Traketsi.

Ez zion aurrerantzean bere emazte zintzo eta langileari irain eta hitz gaiztorik esan, eta beti pake osoan alai eta zoriontsu bizi izan ziran senar-emazteak.