I
SU ONDOAN
Gau hura, neguan ohi diranez, iluna zan. Aurrean genduan itsasoa olatu biziz eta ekaitz indarrez harrotua: zerua tximist orroka: haizea, kalezoko eta leiho zirrikixtoetan txistuka. Gau hartan, etxetik ate, girorik ez zan!
Ni umea ere banintzan artean eta eguraldi beltz arek oso beldurtzen ninduan. Hantxe, apalondoan gaztaina erreak kolkoan nituala, su-ondoratu nintzakion nere aitari; eta bere alboan nere barruko beldurra uxatu nahirik, eskuak bere belaunetan nituala, gaztaina zuritzen eta jaten ekin nion.
Gau artan aitaren begiak, kezka beldurgarri batek baleragie bezela, beltzagoak ziran. Ni ezer galdetzen ausartu gabe, zai-zai eta eten gabe begira jarri nintzakion.
Noizbait nigana itzuli zan eta bere antz iluna galtzeke, nere eskuak bereen artean igurtzi zizkidan.
—Seme, entzun al dezu behin ere, Arraldeko Garbaidunarena?
Hau entzun orduko anaia guziak aitarenganatu ziran bizi-bizi, eta onek gure gogoa barneratu zuen ezkero, honela ekin zion:
II
OHITURA ZAHARRA
Ez nuan neuk ikusi, nere amonari entzun bainion; eta harek ere bere amak ikusi eta berari aditua zuala, zion. Aspaldikoa da, ba, gertaera hau. Hala ere entzun nuenetik josi-josiak ditut nere gogoan Arraldeko haitz muturrak.
Gure Zarautz honetan, orain ahaztutako hamaika ohitura eder eta ikusgarri baziran antzinan. Horien artean Garbaidunena, ikusgarrienetakoa zenduten. Garbaidunak herriko gizasemeak ohi ziran, ez lekaideak, eta noizean behin Azpeiti bideko «Villa Padierna» jauregi aldean gauaz batu ohi ziran.
Bakoitza bere bidez, argitzaile bat aldamenean eta burnizko kate sendoak soinean zituala, jauregi haren ingururatzen ziran. Handik hasi eta guziak ibildeuna eginaz, batera herriratzen ziran. Ikusgarria zan gero egun haietan alderdi hura! Herritik gauaren ilunpean hainbat argi sotil agertzen ziran, eta Garbaidunen otoitz eta kate hotsak, itzalgarriagotzen zuten bide hartako ilunpe beltza.
III
ODOLBELTZ
Garai hartan, herriko gizonen artean bazan gizatxar bat: betoker, bekozko ilun, bihotz gogor eta lapurra. Bere eskuetan errukarriren bat hil ote zuan ere, bazan zurrumurrua baztarretan. Guziak ,aren asmo okerren beldur ziran, eta umeek bere izena entzutea aski zuten bertan behera ihesi ekiteko.
Izena ere bere izakereari zegokiena zuan: herriak, ohi duan bezin egoki, jarri baitzion: «Odolbeltz» deitu zioten eta Odolbeltz gelditu zitzaion betiko. Gazte garaian, ohi danez, maitasun izpi-antza sortu zitzaion bere bihotz beltzean, baina beste gizonei bihotz bigun eta gozatzaile ohi zaiena, hari bihotz garratz eta urratzaile izan zitzaion.
Herriko neska garbi, apal, begi urdin-ezti bat behin begiz jo zuan, eta gogorik txikiena ere bere buruari ukatzen ez zekielako, oraingo bere maitasun honi galerazpenik ipiniko ziotenik ere ez zuan uste. Hala zan bere ustea, baina haren usteak uste, jokoak gaizki irten zion, eta Manttoni (hala zeritzan neskatxa) beste gazte on, langile eta kideko batekin ezkondu zan.
Odolbeltzek Manttoniri zion gorrotoa, ordutik ezkerokoa. Eta, zoritxarrez, Manttoniri bi urte buruan, umetxo bat uzten ziola, senar gaztea hil zitzaion. Heriotz beltza eta ezkutukoa hura! Goiz-goiz lanera zihoazen baserritar batzuek bide ertz batean luze-luze zetzala bilatu zuten. Nork hil ote? Nola? Zergatik gero? Guziak erantzun berbera zekarten: «Hamaika arraiepola! Heriotz hortan Odolbeltzen eskua ez dala zuri gelditu! Bai, gizatxar hori horrenbeste eta gehiago ere egiteko lain badek». Garbi hitz egiteko kemenik inork ez ordea, Odolbeltzi beldur baitzioten.
IV
GAIXOA!
Manttoniren negarrak! Bere bihotzeko ilunpe beltza! Nork neurtu gero? Inork ere. Bere ume gaixoa lepoan hartu, jaso bere besoetan, laztandu, berari begira-begira jarri eta azkenean, bihotzean estutzen zuala, negar eta negar, eta negarrez ezin ase alargun nahigabetua.
Odolbeltz, ostera, egun gutxi barru, gau eta egun jarraika hasi zitzaion, eta lehengo nahigabez gainera ikaraz eta beldurrez lotua zekarren Manttoni errukarria.
—Mantoni, oraintxe ba, senarra hil zatzu eta… Nerekin nahi bazenduke…
—Behinere! —erantzuten zion Manttonik.
—Nere maitasunak zure bihotzaren hutsa beteko du. Nere zoriona zurekin eta zuretzat nere…
—Neretzat hil zaidan senarra besterik ez zan, bai, eta hura joan zaidan ezkero malkoa besterik ez dute nere begiek. Bihotzak berriz… oi, hau gau beltza!
Hitz hauekin batera negarrari ematen zion. Odolbeltz gaiztoa ordea, negarrak, errukitu beharrean, su bizian jartzen zuan. Halakotxea zan bere bihotz makurra!
—Ez al dakizu zein naizen? —erasoten zion ikaragarri alargun gaixoari—. Onean makurtzen ez bazera, ba, txarrean ondo ezagutu behar nazu, horratik!
Honelakoak ohi ziran gaixoaren egunak senarra hil zitzaionetik; eta gizon haren beldurrak behin edo behin bere bihotza makurtuko-ez-makurtuko bazerabilen ere, senar zanak utzitako umea ikusteak bere gogoa sendotzen zion, eta alperrik ziran Odolbeltzen ahalegin guziak. Alargunaren bihotza hildako senarrean zegoan eta beste ezkontzarik ez zuan nahi.
Urte bat, bi, hiru. Manttoni beti ere zuzen, beti ere garai. Odolbeltzen bihotzak maitasun-antz guziak behin betiko galdu zituan, eta gorroto ukeldeari ate zabala iriki zion. Jarri zan lehen maite zuenaren ondoren, bigundu ezin zuan bihotz hura bere aizto gaizkileaz zatitzeko: baina ardi sotilak beti ere otso amorratuaren haginetatik ihes egiten zuan.
Halako baten, sulezeko etsaiak edo… gorroto zuan emakumea hiltzeko aukera egin zion.
—Bihar —zion Odolbeltzek—, gauaz Garbaidunak batzekoak dituk, neu ere garbaidun jantziko nauk… Garbaidunei argi egitea beharrekoa dek bai, eta bidea argitu dizadan Manttoniri hots egingo ziot… Gaua ilun… Noizbait bakarrik geldituko gaituk… A, emakume harro hori bihar nere eskuetan hil beharra dek!
V
OTSOAREN ERASOA
Esan bezela egin ere. Biharamunean Odolbeltzek garbai-nekale jantzita gertu zuan gaberako. Manttoni, bederatzi eta erdietan apaldu, umea lotaratu, eta sukaldeko ontziak garbitzen hasi zen. Honetan ari zala, ate joka ekiten diote… Bihotzak gorako bat egin zion ate hotsa aditzerakoan eta berez bezela umea lotan zeukan sehaskara begiak joan zitzaizkion: barruak ikara zegion ume hura azkenengo aldiz balekus bezela.
Berehala beste bi ate hots: azkar-azkar eta dardaraz aratzen da. Gaua zorgin zuloa baino beltzago zetorren! Luzetu argia zein ote zetorkion ikusteko eta… ene…! kurrixka bat eginaz gorputzak atzera egin zion. «Odolbeltz ordu haietan! Zertarako gero? Onerako ez, noski».
Aurreratzen zaio Garbaidun jantzian andre izutuari: goitik berainoko soineko lodi hauts margoduna zuan; bizkarretik berriz kate eta burni-lokiak.
—Aizu, etxekoandre —esan zion— gaur garbai-nekalietakoa naiz eta argi zadazu bidea.
Manttonik beldurraren beldurrez zer erantzunik ere ez zekien. «Odolbeltzi argi egin gau itzal artan! Ai ene, eta gizon harek, bera hilda, gorroto guziak ase nahiko zituan! Eta hori jakinda ere joan egin behar… bai ba, Garbaidunak beren argitzailea aukeratzeko eskubidea zuten eta, nahi eta nahiezkoa zan argi egitea».
Hitzik ateratzeke, itsu antzean, hartu zuan arkontzia: umeari bi laztan isil-isilak eman zizkion eta, bihotza erdi bi, Odolbeltz atzetik zuela atera zan. Etxetartean biak isil-isilik zihoazen; andrea aurrenen, noizean behin atzera zeharka begiratuaz eta gizonagandik ahal zuen urrutiena; gizona berriz Agurtza otoiztuaz begiak lurrean josita ben-ben atzetik.
Munora heldu ziranean, andrea etxeak alde batera utzita herritik irtetzeko bidea zeramatela ikusirik, geroago eta beldurtiago zihoan.
—Nora goaz? —galdetu zion garbaidunari.
Odolbeltzek bere otoitz antza uzteke, ahost itzalgarriz, «Kolarkoko iturrira» erantzun zion.
Emakumea, toki artara zeramatela entzuterakoan, dardaraz hasi zan. Badakizute iturri hau non dagon. Getariko bide zabalera irtetzerakoan, Granadako Duke jauregi aldetik beste aldera zubia badezute: hor bada, Duke jauregiaren bestaldera baratza itxia ikusi leikezue. Iturri hori hortxe dago: orain horma barruan noski, baina garai artan hormarik eta aterik ez zan. Guzientzat zabalik baitzegon.
Iturria bera baino ere beldurgarriagoa zuten harako bidea. Zergatik ote? Orduan Getariko bitxabalik ez zalako. Orain alderdi haietan bide zabal eta argia dezute: baino gure gertari honen garaian mendia eta itsasertzeko haitz soila besterik ez zan. Manttonik eta Odolbeltzek, bada, hondartzatik iturrira haitza besterik ez zuten.
VI
ILUNPEAN ARGI
Utzi ditzagun pixka bateko gure garbaidun eta berekin dihoan emakume izutua. Beste garbaidunak ikusi behar ditugu. Irakurle, ohitura harrigarria ikusteko zaude. Atozea nerekin eta sartu zaite, arren, isil-isilik Azpeitirako bitxabalean. Han datoz herri aldetik bana-banaka, orain askok parrez ikusiko lituzketen, baina orduan begirakunez eta lotsaz ikusten zituzten garbaidunak.
Gure aurrekoak dira. Ez zaite zu behintzat barrez hasi: ordukoak bezela, begirakunez eta harrigarriz geldi zaite beren aurrean. Haien sinismen sendoak gure artean iraungo balu, ez ginake oraingo euskaldunik asko geran bezin lotsagarriak izango! Ez oixe!
Hara hor bide erdian guregana datorren argi bat. Aurretik argiarekin datorrena, Zarauzko etxerik ospetsuenetakoa dezu: haren atzetik, zaku zahar bat bizkarretik behera, esku-oinak katez lotuak, begiak lurrean eta ezpainak otoika dakarzkien horrek ez zuan orain arte horrelako apal itxurarik. Bera ere etxe oneko jauna eta argi egiten dihoakionaren etsai amorratua zan: baina orain gorroto kutsuak Jainkoaren aurrean garbitu nahirik, lehen gorroto zuanaren ondoren apal-apal pekatari jantzian dihoakizu. Hori bide zuzena!
Eta urrutiago datorren beste bikote hura? Ene! Horixen da harritzeko bilguna! Ile zuria batek buruan eta besteak berriz ume irria arpegian. Nola ote? Garbaidun eguna heldu danean aiton zaharrak bere soineko zakarra jantzi du: han dago iloba txikia aitonaren soinekoari beldur antzean begira. Aitonak eskutik heldu eta: «Ilobatxo maitea —dio—, atoz gaur nerekin. Neri horrelaxe erakutsi zidaten nere aurrekoek eta zuk ere Jainko barkapena nola eskatu behar dan, gaur gauean ikusiko dezu. Atoz: zu aurretik argi egiten; ni Jainkoari erruki eske zure ondoren». Eta hala datoz biak.
Hor beste bi ere. Ama —gaxoa!— hil zaie eta, haren gogoa lehenbailehen zeruratzeko, beren buruen beheratze hau Jainkoari eskeintzen diote. Seme onak hala behar!
Hoien antzera beste argi eta argiak ere nonahi azaltzen dira. Bide bihurretan harutz-honuzka agertu eta ezkutatu: behin ezkerrera eta beste behin eskubira: herritik eta inguruko baserrietatik. Gau honetan ez da gizon edo emakume hazirik etxe barruan gelditu, umetxoren bat zaitu beharrik edo ez izanik behintzat. Zarautz guzia hementxe bildu zaigu.
Argitzaileek lehen esan degun jauregi alderaino laguntzeko beharra zuten; ez baina handik herrira berriz itzultzeraino. Inoiz garbaidunak berak bide erdiraino bakarrik laguntzeko agintzen zion bere argitzaileari, eta orduan haraino bakarrik lagundu behar zion. Hala ere askotan argitzaileak, berriz herriratu arte bere gogoz lagundu ohi zion.
Odolbeltzek, ikusi degunez, Kolarkoko iturriraino bakarrik laguntzeko agindu dio Manttoniri, hara ezkero ez du behar gehiago lagundu beharrik. Gerotxoago hauei ere jarraituko diegu: bitartean beste garbaidunekin egongo gera.
Hara poliki-poliki bi mordoxkatan nola zatitzen diran: baita banaka-banaka bidearen bi ertzetatik herriratzen nola ekiten dioten ere. Orain gu eleiza ondora goazen, handik etorrera hobeto ikusiko degu eta.
Lehenengoak bide muturrean agertzen hasi dira zugatz artean bi argi lerro luzetzen-luzetzen… Sorgin-talde bat edo anime gaixoren batzuk ote diran ere esan liteke! Halakotxe isil eta astiro datoz. Ez beti baino; inoiz isil beldurgarri hura kate hotsak urratzen du… garbaidunen kateena dezue. Itsasoko olatuen burrundara haien otoitz zurrumurruaz nahasten da, eta bien bitartean herriko etxe banatuak argi gorri ilunez janzten ari dira.
Garbaidun gaua! Gau itzalgarria! Beren argiek garbitokiko su-txinpartak dirudite: Miserere mei!… Erruki ni! Erruki ni! hoska ari zaizkigula esan behar. Ai, anima gaixo haiek lurrera etorri ahal balitezke! Zer gorputz urratze eta ze neke eramango lituzketen beren hutsak garbitzeagatik!
Sulezetik ere deadarka ari zaizkigula dirudi. «Oi nere zorigaitza! Oi nere gau beltza! Oraindik lurrean zaudeten gizonok, or zaudeten bitartean zeuen pekatuak garbi itzazute. Gero garbitzerik ez dago eta. Ai hau hil ezina! Ai hau betiko beharra!».
Garbaidunak beren azken otoitzak egitera eleizan sartu dira. Oraintxe itxi du azkenengoak elizako sarrera, eta handik ate gelditzen zan argi pittina berarekin urtu da… Oi, hau beltz gelditu da herri barrua! Akelarko zapoak ere isilik daude gau onetan. Lur guzia ilunak irentsi duala dirudi…
Bainan… zaude geldik! Zer zarata da hori? Zer oin zalaparta? Emakume kurrixka bat entzun ote dedan, nago… Bai… Hara berriz ere… Orain gizonen baten hitz hasarratua… Emakumearen ondoren aizto bat eskuan duala dihoa!… Oi! Bera da? Odolbeltz!… Eta ihesi dihoan emakumea… Manttoni! Zer dute? Nondik nora agertu zaizkigu hemen? Atoz nerekin pixka baten eta lehenago utzi ditugun tokian bertan har ditzagun biak.
Munoan, hondartzatik zehar iturrirako bidean ekitekotan utzi ditugu lehen. Goazen haraxe eta beren begietatik ezkutu, jarrai dizaiegun.
VII
HAITZ ARTEAN IHESI
Emakume errukarria geroago eta kezkatsuago zegoan: Odolbeltzek noiz erasoko beldurrez, beti ere atzera begiraka. Alderdi guzia isil-isilik! Inoren aztarrenik ez: garbaidun gaiztoaren kate hotsa bakarrik.
Noizbait haitz artean zehar hasi ziran. («Arraldea» zaio izena toki hari, harriz betea dagoalako) eta emakumea gizonagandik ahal zuen urrutiena zihoan. Inoiz gizona katez lotua zetorrelako, atzeratu egiten zan eta Manttoni haitz gainetan, hura igo zain, argi eginaz gelditzen zitzaion.
Odolbeltzen arpegiak Arraldeko ilunpean izugarriagoa zirudien: itsasoko olatuak hondartzan lehertzerakoan, barru-barrurainoko ikara beltza zemaioten Manttoniri. «Hara nere azkena! —zion—. Oraintxe erasoko dit gizatxar horrek, hemen det laster bere aizto gaizkileaz nere bihotza erdibitzera! Hau larria! Hau egoera beltza!».
Azkenengo haitzera heldu ziran. Odolbeltz kateagatik nekezago zetorren artean: Manttonik berriz, ohi zuanez, arin-arin haitz muturreraino igo zuan. Zer egingo? Hantxe zegon iturria: Odolbeltzek haraino bakarrik laguntzeko agindu zion lehentxeago.
«Agindu bezela egin det, esan zuan bere artean emakumeak. Une bat gehiago gelditzen banaiz, hementxe hilko nau gizatxar horrek. Aingeru Zaintzailea, zaitu nazazu!».
Besterik gabe hartzen du arkontzia eta, gizonak bere zain han dagola sinistu dezan, haitz gainean uzten du. Gero tximista baino arinago haitz artean ihesi ekiten dio. Beldurrak hegak zemaizkiola zirudien. Haren lasterketa, haren haitzulo gainak azkar igarotzea!
Odolbeltz, emakumeak uste bezela, haitz gainean zegon argia ikusirik, emakumea ere han zualakoan, bazihoan. Baina haitza gaindu zueneko bere atzipena eta emakumerik eza ager zitzaizkion. Bertan aho beltz harek birao nazkagarri bat bota zuan. Alde guzietara begira ekiten dio: gauaren ilunpe beltza besterik ez… Amorruaren amorruz kate gogorraz soina joka hasi zan. Halako baten andrearen gona gorria Munoan gora begiztatzen du.
Ai, ikusi al dezute arrano beltza bere atzaparrak gerturik oineztarria baino arinago arkume gaixoaren gainera erortzen, eta lehenengo erasoaldiak huts egiten badio, bigarren aldiz amorru biziagoaz begi-idiki batean goi-goitik behera zorrotz bere burua botatzen?
Halaxe ba Odolbeltzek, bere atzaparretan zekarren emakumeak ihesi eta berriro nabaritu zuanean, begi beltz haiek ilunpean argitu zitzaizkion, eta soinean zituan kate eta guzti gorroto-zantzo bat eginaz, iparra olatu gainean baino arinago, haitzez haitz hondartza aldera lasterka ekin zion.
Gaizkileen begiak zer dutenik ez dakit nik, baina ilunperako eginak dirudite. Beren azkena tokirik ilunena, sulezea ohi dutelako ote? Hala nonbait.
Odolbeltz, une batean haitz guztiak igaro eta, hondartzaratu zan. Alboko gauzei begiratzeke itsu-itsu zijoan. Emakumea bakarrik. Ihesitako emakumearen gorroto itsu-amorratua bere bihotz kiskalduan.
Itsasoa goraka zetorren eta uhin bakoitza hondartzan lehertzerakoan, olatu gainean mamu arin taldea hegaka hurbiltzen zan. Mamu arin haiek Odolbeltzi belarrietaratzen zitzaizkion, eta bere amorrua gehitzeko, barrez ekiten zioten esanaz «A, kaskailu zaharra! Eure eskuan eduki emakumea, eta azkenean bizirik ihes egin ere bai? Ez daukak berriz harrapaturik, halako kerten horrek».
Hontan beste olatua lehertzen zan eta han ziran piloka beste mamu taldeak. Joaten zitzaizkion Odolbeltzi eta batek oinetatik, besteak bizkarretik bultzeka ekiten zioten: Ia Odolbetz! Pixkat azkarrago… eta eure eskuetan dek emakume harro hori. Jo hortan! Ia herri barruan bada ere harrapatzen dekan! Guziak garbaidunetara joan dituk eta herria hutsik zegok. Helduiok hantxe eta inork ikusteke hil eta kito. A, orduan bai pozik hire bihotza eta ase hire gorrotoa!
Eta honela ziotela bultzeka zeramaten gizatxar hura. Mamu haiek txerrenak ziran eta, ohi dutenez, Odolbeltzen gogo lizuna gaitzera gehiago makurtu nahi zuten. Henek, txerrenen esanak entzunda, gorroto bururapen biziagoak zerabilzkian bere barrenean: eta zeinek hitz egiten zionik ez bazekien ere, txerrenen iseka eta algarak amorru labe goria ixutzen zioten bere bihotzean.
Bitartean emakumea arnas-estuka, Munoa igarota, kalean zehar tximista hutsean zihoan. Baina haitzetik harainoko bideaz indarrak ahuldu ere batzaizkion, eta gizona geroago eta hurreago nabaritzen zuan. Hantxe zegon bere etxea Itsaskalea igarota berehalaxe, baina atzean aditzen zuan oin hotsak agi asko adierazten zion etxera baino lehenago gizona gainean zuala.
Orduantxe, kale mutua okertzerakoan, orpoz-orpoz zetorkion Odolbeltz: eta bere azkena han zualakoan uste guztiak galdu zituan. Odolbeltzen aiztoak gauaren ilunpean dirdai egin zuan: arnas-estu bat gehiago, eta Manttoniren lepoan zan aizto galgarria. Baina honetan irrist eginda luze-luze erori zan gizagaiztoa: baita hura zapoka eta biraoka zegon bitartean, emakumea etxeko atera azkar heldu ere.
Bi haga luze astunak batetik bestera sartzen ditu. Une bat gerotxoago han zan Odolbeltz atea bota beharrean. Manttoni beldurrez eta ikaraz koxkolduta noraitu ez zekiela, atea noiz eroriko zain zegon. Etxean bakar-bakarrik; auzoan laguntza eske hasteko ere inor ez!
VIII
HIL DA!
Halako baten Odolbeltzen indarrak atea hausten du, eta orduan ditu Manttonik estuasun eta larri guziak berekin. Odolbeltzen begiak, atea erori zaneko, otso gosetiarenak bezela, argi-argi agertu ziran Manttoniren begietan. Orduantxe bai ez zitzaiola ihesiko bere esku artetik! Hantxe ordainduko zizkion hainbeste egunetako bihotz-min eta gorrotoak!
Haa uste: baina Jaunaren begiak halako gaiztakeriarik ez ikusiko, ez horixe! Gaizkileak noiz edo noiz bere gogo zimurrak betetzea baliteke, baina noizbait helduko zaio hari ere Jainkoaren ezpata zorrotza, eta burnia uretan bezela, gaiztoaren gogoa sulezeko zoko beltzenera eroriko da.
Estuasunean, zeruak ate berri bat ireki zion Manttoniri. Odolbeltz gainera zetorkiola, badihoa ihesi ikuilura: han dago etxeko zezena askan lotuta. Etxeko guztiak ondo ezagutzen ditu eta hala Manttonik beldurrik batere ez dio. Askatzen du aberea: adarretatik heltzen dio, eta gizona sartu zain zutik gelditzen da.
Hura bilguna emakume eta zezenarena! Hau lepo sendoa okerka, adar-zorrotz, sudur-hoska, emakumearen galzoria usmatu balu bezelaxe eraso zain. Hura berriz, haitzurdin irudia zirudiela, eskuak zezen adarretan: begiak atean josiak: arpegia zuri-zuri: ileak harutz-honutz. Antzinako emakume garaile bat zala, esan behar.
Une bat geroago izan balitz, galtzen zan Manttoni. Odolbeltz, aizto gaizkilea eskubian eta argia ezkerrean duala, ikuiluan sartzen da. Emakumea ilunpean begiztatu orduko, ez zezen eta ez beste, barruko gorroto guziak eragiten diola, itsu-itsu bere gainera dihoa.
Gero… emakume garrasi bat… zezen orro ikaragarria hurrengo, eta herio deadar larria eginaz gorputz bat luze-luze lurrera dator. Hil da!…
—Zein…? zein, aita? —eraso genion anaia guziok batera.
Aitak begiratu zigun eta isil-isilik gelditu zan. Txingorrak gogor jotzen zuan leiho atea, eta haizeak, zirrikixtotik zehar, intziri luze bat bialdu zigun.
—Manttoni errukarria!… —esan nun beldurraren beldurraz aitari gogor eutsirik.
—Ez zan Manttoni, seme —erantzun zidan.
—A!… —egin genduan anaia guziok arnas hartuaz.
Eta aitak, bertan ikusiko balu bezelaxe, honela jarraitu zion:
—Ez da Manttoni, ez. Odolbeltz da. Zezenaren adar zorrotzak saihetsa idiki dio eta ikuiluko ate aldera odol jario luzea dihoa.
Manttonik begiratzen dio pixka batean; gero zerura begira: «Eskerrak Zuri —dio—, nere Jainko maite horri!», eta beste hitzik gabe lurrera erortzen da. Ordu arte beldurrak eusten zion, baina aske arkitu daneko, hainbeste neke eta larritasunez etenda, gaixoa!, txorabiatu egin da.
* * *
Hurrengo goiza… Eguzki izpiek ikuilu atetik sartuta barrua argitzen dute. Ate ondoan emakume bat dago, arnasa gabe dirudienez, harutzago gizon bat datza: eta bien artean odol erreka luzea… Zezena bakarrik bizi dala dirudi, han dago gizonari sudur hoska jaikiten ote zaion zain bezela, baina, ez alperrik!
Emakumea ostera, berriro arnaska asten da begiak irekitzen ditu: eskuak bekokira badaramazki… Ez daki zer gertatzen zaion… Hontan besoak beheratu eta «Ene, odola!» dio, eta bat-batean gaueko gertapen guziak burura zaizkio. Hau beltzak, nere Jaungoikoa!
Baina era batean bere umetxoaren zotinak entzuten ditu, eta bizi-bizi haren sehaskara dihoa. Haurra irribarrez goiz argiari agurka ari zan. Manttoni makurtzen zaio: bere besoetan estu-estu hartzen du: eta ama-bihotzak bakarrik lezaken eran laztanduaz:
—Ene semetxo maitea —dio—. Ai! eta zure amatxo bart hil balitz…!
IX
JAINKOAK ALA BEIKIGU!
Aita isildu zan: eta lehenbizi eleizan eta gero S. Prantziskoren semeen lekaidetxean ordulariak bana-banaka hamar dan-dan jo zituan. Anaia guziok elkarri begira genion eta, beldurrak eraginda, aitaren ondoragotu ginen.
Baina hura, ordua aditzerakoan, jaiki zan eta bere ahoskera aldatuaz:
—Hamarrak —dio—, eta oraindik lotaratzeke? Jaiki eta goazen logeletara. Gabon Jainkoak dizutela!
—Baita zuri ere.
—Ondo lo egin!
—Bihar arte!…
Ni txikiena nitzan eta ez nion aitari alde egin.
—Aita, nik gaur zurekin lo egingo, bai?
—Zergatik, seme?
—Odolbeltzen ipuinak oso beldurtu nau-eta, bakarrik lotaratzen ez naiz ausartzen.
«Atoz bada nerekin» esanda, berekin eraman ninduan.
Kalean haizea gogor zebilen, eta kazkabarra kristelak hausi beharrean zan. Soin guzia ikaraz nuala oheratu nintzan: gero luzaro loa nere begietatik urruti izan nuan. Noizbait horratik, loak hartu ninduan.
Haiek ziran amesak! Han nitzan laster Arraldeko haitz artean: «Ene! zein da hori? Odolbeltz!! Hara bere aiztoaz neregana… Aita! aita!…».
Honela esnatu nitzan ohe gainean zutik, eta aitak eskutik helduta maiteki galdetzen zidala:
—Zer dezu, seme?
—A!… —erantzun nion—. Odolbeltz amesetan nereganatzen ikusi det, baina… ez da egia, ez aita?…
—Ez zaite beldurtu, seme, hara ilargia zeruan inoiz baino ederrago.
Halaxe zan: eguraldia oso aldatua zegon: zerua oskarbi, izarrez apaindua eta ilargia baztar guziak argitzen zituala. Goizeko ordu biak ziran…
Hurrengo egunean lagun koskor guziok Munoan batuak geunden. Gure begiak Arraldera zihoazkigun, baina ez zan inor haratzeko gauza. Odolbeltzen ipuina entzun ezkerotik, urrutitik begiratzen genion alderdi hari.
Honela ibili ginan egunetan goiz-arratsaldero geure ogi puska eskuan genduela bakoitzak ipuin berriak kontatuaz. Batek lapur heriotzak, besteak itsas ekaitzak: Pernando Amezketarra honek, Juanito Txistularia harek, eta abar.
Gerora, urteak joan, urteak etorri, Arraldeko Garbaidunaren irudia gure buruetatik ihesi zan, eta irudiarekin batera beldurra ere joan zitzaigun.
Orain berriz bururatu zait, eta pozez eta nahigabez ibili ohi naiz Arralde haitzetan. Nahigabez, gure herriak zituan hainbeste eta hainbeste ipun zahar eta asele eder galtzen ari diralako. Pozez, ostera, euskal gogoa berriro ernetzen hasi dalako, eta ernetze honek euskal asaben bihotzak gureetan piztuko dituelako. Jainkoak noizbait zorion hau bekigu!