Erdi ilunean arkitzen zan hainbeste aldiz eguzki dizdizariak bete zuan gelatxo polit hura. Txoko batean, goitik erortzen ziran burtina haiekin erdi estalia zegoan jarrita ohe txiki bat non gordetzen zan etxe hartako aingerutxoaren gorputz biguna, zeinak utzitzen zun bakarrik azaltzen arpegi gozo bat non argitaratzen ziran gaitz izugarrizko harrek igarotu arazitzen ziozkan minaren aztarna guztiak. Ohearen ondoan, umearen gurasoek egiten zuten ahalegin guztia begietatik irten nahian porrokatzen ziran malko haiek ezkutatzeagatik, eta begi haiek ezagutzera ematen zuten ez zala aspaldian etxe hartatik negarra asko urrindu. Umeak, erretzen zun berotasun hura ezin sufriturik, ateratzen zitun noizik behin besotxoak eta amak estaltzen ziozkan berriz berehalaxe, kopeta kiskalgarri hartan musu bat utzitzen zun, eta gero, hatsbere bati bizia emanaz esaten zion: «Nire semetxo maite gizarajoa!». Haurra zegoan gaizki, txit gaizki, baina bere gurasoak ez ziran sinistera mendarotzen.
Sendakinak, agertuaz atearen ertzean, eraman zun guraso gazte haien bihotzetara izugarrizko eresian sartu arazi zien esperantza eta beldurraren nahasiera bat. Sendakinak begiratu zion umeari, jarri zuen esku gogorra bere kopeta txikiaren gainean, ireki zitun burnizko behatz haiekin haurraren begi bigunak eta aingeruaren aitari esan zion:
— Antonio… hau badihoa!
Aitak jetxi zitun hainbeste denboratik negardun zeuzkan begiak, arteztu zion semeari begiratasun bat non zihoan bere amodio guztia eta bere anima osoa, ezagutu zun bihotza estutzen zitzaiola, estutzen zitzaiola odolik gabe gelditu arte, eta atera zan gelatik. Amak negar egiten zun, desegintzen zan malkoetan: gaixoa, erotuta bezela, joan eta etortzen zan alde batetik bestera heriotzari semetxoaren bizia kendutzeko, zerbait, topatu gabe, bilatuko balu bezela.
Hau badihoa!…
Izugarrizko hitzak enzuginetan berriztean, soinu egiten zioten etsaiaren esaera madarikatua izan balitz bezela. Gerturatu zan ohera, musu eman zion behin eta ehun aldiz bere semeari, hiltzera dihoan seme bati bakarrik musu ematen zaion bezela, eta umeak, erretzen zun berotasun harrengatik gorrituta zeuzkan masailetan bere amaren malkoaren irristaratzea sentitzean, esnatu zan zegoan lotarkiatik, begiratu zion begi triste eta eder haiekin eta «Amatxo,—esan zion—esan du sendakinak banoala… jarriko didazu soineko berria, ez da hala? Soineko txuria… Eta zu etorriko zera nerekin eta bueltatuko gera azkar aitatxo ikustera, ez da hala, amatxo?».
— Bai, nere semea, bai, zurekin joango naiz —erantzun zion amak zer esaten zun pensatu gabe.
Eta berriro oroitzean sendakinaren hitzak, uste zun, bere erotasunean, garaitu ahal izatea bere semea eramatera zetorren ikusten ez zan arerioa, uste zun garaitzea mundu osoa, Jaungoikoa bera, eta gelan bermugituaz orroetzen zun mintzatzen zun baino hobe: «Ez, ez da joango; nere semea ez da joango… Ezin hil lezake… Semea nerea da, eta bere bizia ere bai… Ez dute nere semea eramango bere ama eramaten ez duten bitartean… Ez
didate ostuko…».
Eta kupigarrizko ama gaixo harrek, bere aingeruaren gorputza ikusten ez zan arerioren baten begietatik ezkutatu nahi izan balu bezela, hartu zun besoetan, muin ematen zion, estutzen zun bere arpegiaren kontra, laztantzen zun erateko, amodioz beterik, semearen azken asnasak.
Semearen ondotik alde egitea behar zan…
«Nerea da, nerea da!», orroetzen zun amak eramaten zuten bitartean, eta haurraren anima aingerutxoakin zerua edertzera hegatzen zan denboran, entzun zan etxean algara bat, auhenak eta negarra baino mila aldiz tristeagoa, mila aldiz izugarrizkoagoa…
Umea hil zan, hil zan aingeruak hilko liraken bezela aingeruak bizi balira, eta etxe baten alaitasuna eta ezkontza baten dohaintasuna izan zan gorputztxo hura gelditu zan bizirik gabe…
Eta jarraitu zan egunean, hilobi txiki batean arkitzen zan umea berak eskatu zun soineko txuriarekin apainduta.
Eta iritsi zan gorputz hura eramateko ordua: bere gurasoaren ondotik eraman behar zuten betiko, gehiago behinere ez ikusteko.
Aitak, bere semetxoa hilda ikustean, ez zun ulertzen nola halako gaitz izugarrizkoaren aurrean mundua ez zan hondatzen, nola zuhaitzak ez ziran mila pusketan txikitzen, nola ez zan eguzkia iluntzen… Ez zun ulertzen nola ikaragarrizko ekaitz batek bere turmoi eta tximista suzkoarekin ez zun ehun zatitan puskatzen gure lur negargarri hau… Hil zan semea eta mundua oraindik bizi zan!
Amak, azkenengo aldiz begiratzean bere sabeleko puska eta bere odoleko odola izan zanari, eguzkia bezin ederrak izan ziran begi haiek ikustean, umearen ezpainetan ikustean barretxoa, hainbeste aldiz bere musuakin desegin zion barretxo hura, begiratzean nola haurraren bularraren gainean behatz txikiek gurutzetuta lora polit bat edukitzen zuten, orduan sinistu zun semetxoa hil zala, ostu ziotela. Orduan konturatu zan bihotza atera nahian zeukala, senti zun kopetan izugarrizko pisua, estutu zitun hortzak, okertu zitun begiak eta burua eskuakin indarrez estutuaz, erori zan bere semearen gorputzaren gainean gehiago ez altxatzeko.
Horrela konplitu zan umeak opa zuana: zihoan soineko txuriakin eta amaren laguntasunean.
Baina ez ziran aitatxo ikustera etorriko; hau, munduan sobre zegoala sinisturik, laister haien bila joango zan.