Munduan beste asko bezela zan behin gizon behar bat.
Gaieza lanerako, ez zuen beste oskairik, jan behar bazuen, anima onaren doankia edo limosna besterik.
Gosetua oso eta behartasun haundian, ikusi zuen goiz batean pasatzen bere ondotik gizon bat, diruz josia zegona mundu guztiak esaten zuenez ahoa betean.
Arrimatu zan beregana umil-umil, eta esanaz ze beharra zegon, eskatu zion Jainkoagatik egin zegiola limosnatxo baten mesedea.
Baina gizon aberats porrokatu hura, aberatsa baino zikotzagoa zan, eta aberats eta zikotza baino ere oraindik bihotz-gogorragoa.
Ikusi zuen bezin agudo pobrea, erantzun zion —guziro modu txarrean—, esanaz hobe lukeala lan egin, lotsagabekerian inori hala eskatzen ibili baino.
— Ez naiz gai lanerako, jauna —esan zion lehen baino umilago oraindik gizon beharrak—. Zer janik ez det, atzotikan mokadurik progatu gabe nago, eta horla behar badet izan, denbora gutxi barru goseak hilko nau.
— Hil hadi nahi badek, ez dik munduak gauza haundirik galduko hire faltan —erantzun zion hark modu txarrean.
— Bihotz gogorra du, jauna, pobrearentzat, eta nahiz berorrek ez uste, pobreak ere Jainkoaren semeak gera.
— Hoa hortik agudo, eta ez nakala pazientzia progatu, zergatik beste moduz hire bizkarrean hausiko diat eskuan daramadan makila.
— Gaizki egiten du, jauna, inor mehatxatzea, zenbat eta gehiago ni bezelako pobre bat, inoren gordezkeriarik gabea. Lana franko du pobreak bere behartasunean, inoren mesprezarik gabe ere.
Hitz hauek ahotik ateratzetik ez zuen akabatu oraindik, horra non gizon aberats bihotz-gogor harek altxatu zuen jotzeko eskuan zeraman makila, eta pobrea, jakinik ez zuela haren kontra gauza onik aterako, hitzik gehiago egin gabe hasi zan korrika hargandik eskapoz.
Aberats zikotzak, orduan, oso errea eta bere onetatik aterea pobrearen arrazoiagaz, hartu zuen bidetik harri bat eta, errabian eta indar haundiarekin, iraitzi zion pobreari.
Jaunak nonbait nahi izan zuen harria erortzea pobrearen oinetara, honi ezer gaitzik egin gabe.
Pobreak orduan altxa zuen lurretik harria, triste baina keja bat gabetanik, sartu zuen kolkoan, eta bere bidean joan zan, zikotz gaizto hari ezer egin eta ezer esan gabe, baina zin eginaz ez zuela ahaztuko txarkeria itsusi hura.
Denbora puska bat pasa zan ordutikan.
Gizon beharra bere beharrean zan oraindik, eta estu eta pobre bizi zan doankiaren mesedez.
Aberats zikotza berriz, diru gehiago eta gehiago biltzeko bere afanean, edozein moduz zala, txarkeria haundi batean atxilotua izan zan, eta kartzelara eramana —non pasa baitzituen hilabete batzuk errabiaz eta lotsez akabatzen—, kondenatua izan zan azkenerako justiziarengandik plazaren erdian hogeita hamar makilazo hartzera borreroaren eskuz.
Egun sinalatu hura ailegatu zanean, goiz-goizetik zeuden jendez beteak herriko karrika edo kale gure gizon aberats zikotzak pasa behar zituen guziak plazaraino joateko.
Nola hain gaizki tratatu izan baitzituen denak bere orguiluan, denak zioten bere desgrazian errukiaren lekuan errabia.
Noizbait bada, ailegatu zan bere ordua, eta gizon zikotz hura, Jainkoagaz eta bere suerteaz ernegatzen, atera zuten kalera, erropaz arin, eta lotsa handiagorako, asto itsusi baten gainean eramanaz, alde batetik borreroa, erabakiari kunplimentu eman behar ziona, eta bestetik pregoilaria, kale izkina guztietan irakurtzen zuela deadarka haren txarkeria eta justiziak emandako erabakia.
Jende pila guzti haren tartean zegon gizon behar, noizbait aberats zikotzak dakigun bezin txarki hartu zuena.
Ikusi zuen bezela honek ailegatzen ondora mutil txikiaren oihu eta burlazko deadarren eta handiaren irriaren artean gizon bihotz-gogor hura, atereaz beti berekin gordetzen zuen harria, altxatu zuen eskui eskua, intentzio txarrez bota zion aberats zikotz hari bihurtzeko.
Baina instant hartan, Jaunak nonbait ikutu zion damutasunez bihotza, eta lotsaturikan intentzio txar hartzaz, utzi zuen erortzen lur santura eskuko harria, eta bere ahotik ez zan atera ez eraso bat, ez irain bat.
Gizon berak barkatu zion zikotz hari egin zion gaitza Jainkoak agintzen digun bezela, eta kondatzen dute esan zuela honela beretzat:
«Hargandik mendekatzea zanean aberatsa eta fuertea izango zan erokeria haundia nere aldetik. Mendekatzea gaur, denaren burla danean, diru eta onra gabe dagonean, eta lehen lausengatzen zutenek berek txistu egiten diotenean arpegira, umildua ikusirik, azio itsusi eta lotsagarria litzake. Jainkoak barka dizaiola nik barkatzen diodan bezela bere txarkeria».
Hau da, gizon etsaigoti eta mendekakorrak, euki zazute beti gogoan erakasde eder hau, eta besteratu edo imita zazute gizon beharraren ejenploa zuen etsaiakin. Hala agintzen digu gure Jainkoaren lege santuak.