Metropolis

Maiatz, 1982

Metroan ibiltzea maite zuen. Auto horien haizea eta burrunba zizkolatsua laket zitzaion. Mendian sortua zen. Zirudion orduan, hiri handi hortan, lurpean, jenden artean, haize mehe bero horrekin mendian zabilala larrazkenetako urri-minen hego hatsean barna.

Horregatik, egunero bi edo hiru ordu pasatzen zituen metroan. Aste guziez txartel-karnetak erosi ondoan, sekulan reskillatu gabe (legalitate betean obratzen baitzuen) ibilera honen harat-honaratak gozatzen zituen. Nahiz ez zoan Chatelet, Nation, Louvres eta Couronne estazionetan gaindi baizik, iduritzen zitzaion Romen, Muetten, Sebastopol edo Loretten zelarik munduaren inguruan hiriz hiri: Madrilgo Oriente plazan, Erromako Neronen baratzetan, Atenako akropolean, New York Central Parken zikintegi miatzen, Moskun Puxkin kafean Maiakowski entzuten edo Buenos Airesen Atlantiko itsasoari begira.

Eta beti zutik.

Metroaren gelditze bakoitza eskala bat zitzaion: aireportu, leihor urrundu, tren-hartoki hotz eta xuri…

Baina asmatu herrialdeak baino, aurpegiak maite zituen. Bistan da berea (arrunta) ez zuela sekula ikusten, eta besteak zituen beraren mirail hoberenak. Horrelakorik ez zen posible mendian, haizearen eta eguzkiaren arteko bakartasunean. Jende mota guziak bazabiltzan hor, zerrendaka zenbakiak balituzte bezala. Lasterkada hortan nehork ez zakien helburu balizkako horren balioa. Aurpegi batek bere erakasle bati pentsarazi zion: hari so egon zen bulta bat, eta erabaki zuen, zinez, erakaslea ederragoa eta sentsualagoa zela. Kitto. Jendeek begiak galduak zituzten, ziloa bazuten ikusmenaren lekuan. Agerizko ezaxolak zerbait makur handiagoren beldurra gordetzen zuen. Beldurra ere senditzen zuen batzuetan mendian. Ororen estakuru bakarra lana zen, eta bizitza irabaztea gatik (ez da oraino horren zaila paradisua irabaztea) lasterka bazoatzin. Kaseta besapean, ataxe-keiza eskuan, La Méthode de la Méthode irakurtuz, zeinek sakonago bere leidura, eta zein bestea baino diferentago…

Beldurra…

Lasterka ibiltzea maite zuen… Haur denboran mendian manera berean bazoan, xori zango-hautsien ondotik, hosto erortzen ari zena atzeman nahiz. Beti debaldetan naski. Metroa mendia zuen, jendeak lagunak zituen eta denek helburu huts bera zuten.

Azkenean jende osteen ikusera berdina eduki zuen: asmatutako ortzaiz bati begira zagon eta, belarriak kloxar edanen eta arrotzen ele makaleri hetsi zituen. Metroa, segurantza gabea gatik, kartzela bihurtu zitzaion. Irria galdu zuen. Plazerrez baino beharrez hartzen zuen metroan. Goiz nardagarri batzutan burdinezko errotapera botatu gogo zuen bere burua. Hori, momento batentzat baizik ez balitz ere, haize bero mehearen eta burrunba saminaren geldiarazteko.

Gehienetan ordea, arratsetan, lurperatzen zelarik, martxoko Pariseko haize motzetik metro barneko gozo oparoa iragaiten zen.

Eta han, nola haize hegoa, airea, amatsu, airea jastatzen zuen.

Egunero eta gauero mendi alegiazko haize horren hatsaz…