Guda ipuinak

Eguna, 1937

Negargarriak ez balitzaz oraingo guda zantarreko jazokunak, lantzean behin barrealdi bat bere egin leike mendi ertzeko gauzekaz.

Badakizue mendiko iluntasunean beti ikusten dirala hobeto argi tximistadak gauez, egunez baino.

Eta baserrietan beti dabilela argia batera eta bestera leiho aurretik, edo basaz betetako bideetatik parola, baita oraingo txiskeruak zigarroa biztuteko… eta abar.

Dana dala argi asko ikusten zan gauero lehenengo iluntzeko orduetan Bizkaiko herri baten.

Bardin da batean zein bestean, izenak ez dauko ardurarik.

Hango milizianoak, guda-mutilak, zur egozan baten bat atrapetako, ze herrian entzute handia egoan gauez, morseko argi kinuakaz berbaz ebiltzala patxistak eta.

Gau ilun baten ikusi zituen pinudi ertz baten argi batzuk, eta prest jarri ziran atrapau nahirik ea nortzuk zirean, behar zan saria emoteko argidunai.

Isil-isilik igoten hasi ziran mendiz gora zaratarik egin barik, lantzean behin ikusirik ondo, argiak biztuten baziran edo ez.

Eta argiak txist eta txist, geroago eta hurrago egozan, eta ez argiak bakarrik, euren berba hotsa bere ederto entzuten zan.

Gure miliziano azkarrak hasi ziran lurraren kontra euren soina estaldurik eurekana eta, batak alde batetik eta besteak bestetik, joan ziran ondo-ondoraino, bata besteari esanaz: “Etxauk duderik be! Eurek dozak!”

Hau esanaz batera, iskiluak aurreratu eta altoa bota eutsen gogoz eta sendo:

— Alto a la República! Viva la República! Arriba las manos! Gora eskuak!

Eta holango didarrakaz beldurtu egin zituen argidun baserritar bi, majo-majo jesarrita egozan lekuan, zigarro bana ezpanetan eskegite zituela, iluntzeko bakealditxoen euren herriko gorabeherak kontetan, izerren azpian.

— Ene! Zuek zarie argidunak? —esan eutsen batek—. Ze argi edo ze arraio dabiltzue hemendik?

— Hemen etxauk beste argirik inguru guztian zeruko izerrak eta geure zigarroaren argitaldiek baino, ta.

Hau esanaz danak barre baten jarri ziran.

Mutilak arnas estuka, eta Patxiko eta Erroman Gibelondokoak, euren sustu edo larrialdia igaro eta beste zigarrotxo bana bizturik.

Patxikok abestu, bertso hauxe abestu eutsen:

 

Ilunetan-ilunetan

sarri egoten gara barriketan

etxe ondoko solo ertzetan

guda berriaren kontuetan.

Gazteak zarie oraindino

ilun argiak igerteko,

Patxiko eta Erroman garezala

herri guztian bakitela.