Donostiarrek ainitz irriak eta jostetak eta jauziak maite omen dituzte. Hona non daukaten kondaira txiki bat, donostiar batek arras polliki eman dautana, eta zuretzat izkribitzen dutana.
Egun batez beaz, Piarres apostoluak Zeruko atea utzi behar izan zuen apur bat. Minez omen zagoen, nahiz Zeruan ez den minik. Norbeiten bila zabilalarik haren eskuetan bere kargua zeruko giltzarekin emateko, ikusi zuen Sebastian, Donostiarren patroina, eta erran zion:
— Adi ezazu adixkide maitea, ez ote zintuzke idukiko nere giltzak, denbora laburtxo bat?
— Atsegin handirekin —erraten dio Sebastianek.
— Bainan —ardiesten dio Piarresek—, kontu egin beharko duzu, ez uzteko nornahi hemen sartzerat, zeren bertzenaz akabo nintake. Zuk, Sebastian, Sebastian zarelakotz, Donostiar guziak zerurat iganarazi nahiko ditutzu; eta ez da hori nere kontua, ez eta ere justua.
Beha zazu: donostiar guziak jostakorrak eta bizi gozotiarrak dire. Emo zazute, janari eta edari ona, eta xirula eta tuntuna ez dire gaizki trufatzen bertze gaineko gauza guzietaz. Josteta izanez geroztik ez dire gehiago okupatzen, ez zeruaz, ez infernuaz, ez Jainkoaz ez eta ere gure erresumako saindu guziez. Ikusten dituzu itsasoaren hegian nola dabiltzan? Beren buruari atsegin guziak ematen dituzte.
Beraz, Sebastian, nahiz giza ona eta bihotz eztikoa izan, behar duzu ez utzi donostiarrik hemen sartzerat.
— Bainan —dio Sebastianek—, izan zazu urrikalde pixka bat nire herritarrentzat; zeren ez dute heiek falta handirik, burua dute arina, bainan bihotza bera. Galde zazu Jainkoari zertako eman dioten xorotasuna prestutasunaren tokian.
— Zer nahi duzu bada —erraten du orduan Piarresek—, nik ez dezaket bertzela egin. Ez dut nahi Donostiarrik batere zeruan. Zeren bakarrik izanen litake, edo bertze batzuekin. Bakarrik balitz, tristezian biziko litake; eta ainitz balire, ez ginduke gehiago bakerik zeruan; harrabots eta aro asko eta beti xirula eta tuntuna gintuzke. Beraz Sebastian, nihor Donostiatik.
— Ongi da, Piarres jauna, zure nahia egina izanen da; zuren eskuetan dire gakoak.
Hitz heiek erratearekin batean, Piarres badoa fidantzia osoarekin uzten duelarik bere kargua Sebastianen gain.
Piarres gan zen bezin laster, zeruko atea norbeitek jo zuen: Pan, Pan!
— Nor da hor? —dio Sebastianek.
— Ni naiz, San Pedro maitea.
— Ez da hemen San Pedrorik gehiago, ni naiz San Sebastian atezain berria.
— Hobeto, hobeto, dio atejolariak, zeren, ni naiz zure herritarra, donostiar garbi bat.
— O, tristea! —esaten du Sebastianek—, bazoazke nahi duzun tokirat, hemen ez da lekurik zuretzat.
— Zer ez da lekurik! Errebelatzen ari ote zare, Sebastian? Ez da tokirik donostiarrentzat! Beraz mundua akabo da.
— Bai, hala da. Donostiar guziek omen txarra duzue, ongi bizitzea eta munduko ontasunak beizik ez dituzue ikusten.
— Zer diozu, Sebastian? Ez gare beraz zuretzat ezer ere. Ez gaituzu beraz urrikari izanen batere. Gu, zure herritar maiteak?
— Ez! Nola nahi duzue urrikari izan dezadan zuentzat? Ez ote zarete beti jostalari? Zu bera Zeruko ateraino jauzika xirula soinuz etorri zare.
— Otoi Jaungoikoaren miserikordiaz, utz nazazu sartzerat. Bertzenaz ere nere jostetak akabo ditut.
— Bai bainan, nola akabo dituzu, ezin gehiagoz?
— San Pedrok ez nau ikusiko, Zeruan den xillo xiki baterat goanen naiz.
— Ez nezake holakorik egin: zeren San Pedrok ez du gehiago nigarrik egiten eta begiak argiak ditu, eta ikusten bazintu igurriko ninduke laster Purgatoriotarat eguntxo batzuk pasatzerat.
— Zer da zuretzat egun batzuk Purgatorietan pasatzea?
— Aise diozu zuk –dio Sebastianek—. Ezagun da ez zarela sekulan izandu toki triste hartan. Zoaz nahi baduzu zeroni, zeruan ez zare sartuko.
— Ez naizela sartuko?
— Ez!
— Ezetz? Ongi da; zure bihotzaren gainean ez baitezaket ezer egin, ikusiko dugu nere bizkarrak zerbait egin lezaken.
Eta ordu berean, Sebastian eta Donostiarra, bat alde batetik eta bertzea bertzetik hasi ziren pusaka. Eta nola donostiarrak beitiere indartsuak, laster giza unek bere sorbalda zabalarekin, atea saltara zizuen bere partadura edo gontzetarik, eta igurri paseatzerat Sebastian eta bere atea, eta jauzika zeruan sartu.
Sebastian dena tristatua aearen antolatzen ari zen noiz eta ere heldu beitzaio Piarres.
— Zer dire harrabots handi hauk guziak? —dio atezain nausiak.
— Zer den? —errepikatzen dio Sebastianek—. Donostiar batek atea pusketan igurri daut; horra zer den.
— A, zer atrebitu tzarra! Non da gizagaixto ura? Behar dugu kanporat eman.
— Bainan, San Pedro, nola nahi duzu atxeman santu haukiek guzien artean, eta ikusi onduan nola harrapatu? Zeren donostiarrek kaskoa baino ainitzez zangoak arinago dituzte, eta ez da hori guti erratea. Orduan Piarresek, keinu bat eginik, hartzen du esku batez xirula eta bertzetik tuntuna, eta hasten da turruntuntuntun tuntun tuntuntuntun. Zeruko oihartzunek gauza bera errepikatzen dute. Denbora berean donostiar garbia, bere bi besoak altxaturik ematen da jauzika eta irrintzinaka.
Ikusten ote duk oraintxet non den donostiar atrebitua?
— Bai —dio Sebastianek—, hura bera da.
Eta hartu zuten donostiar ausarta eta kanporat eman.
Eta ordutik hunat ez omen da sartu donostiarrik Zeruan.
Uruski donostiarrentzat hau da alegia bat egi batzuek erraten dituena, baina alegia beti. Oxala guziek zeruan sartuko balire.