Sauro

Euzko Gogoa, 1957

Gaur negarrez eta bakarrik zebilen. Sauro begiurdina, alegia. Buruko ile kixkur erdi horiak, haizeak eraman behar zizkiola zirudin. Musuko bi oheak malkoz beteak ikusi dizkiot. Neurri egokiko ezpaintxoak behin ere baino gorrigo zeramatzin. Aurreko egunetan, ez beti alabaina, itunegi ere ez nun arkitzen. Zakur bat lepotik uhalez lotuta, harekintxe hiri hontako harizti batera joaten zan. Gogoko ez zun lanera, nonbait. Ibileran antz ematen zitzaion. Okerren bat egin dulako amaren astinaldi ondoren, halaxe irten ohi da mutikoa atarira.
Ez dakit nola, behin irripar egin genion elkarri. Eta egun asko baino lehen, ia adiskide mami ere egin ginan.
Nik galdetzen nion, esanaz:
— Bai goiztar zabiltzala, Sauro!
— Zu goizago zabiltz, hain urrutitik alderdi hontaraino horren txintxo. Ni ere pozik joango nintzake, lekaimetxe hortan norbaiti jaupa laguntzera. Ikasten ibilia naiz; bainan ez nun bukatu.
— Zaila da-eta. Hainbeste latinezko hitz ezin buruan sartu noski.
— Bai zera! Latinak ez nau ikaratzen.
— Zenbat senide zerate?
— Aita eta ama eta ni: besterik ez gera. Hamaika urte ditut.
— Txakurra nondik ekarri zenduten?
Eta hau galdetu nionean, bekoki zabala erabat goibeldu zitzaion. Inola ere ezin nun asmatu zergatik ziteken. Hainbeste eta hainbeste, ez al zebiltzan, bada, alderdi hartan beren txakurrak lagun zituztela?
— Ez al didazu esan nahi? —berriz, nik.
— Ez dakit, Aita. Ni ez naiz gogoratzen. Beti horrelakoxe itsusia ezagutu det.
— Jale ona al da?
— Ona danik, honek ezertxo ere ez. Txito milina da. Nazka ematen dit.
— Horrenbeste?
— Emango ez dit, bada? Egunero hau hartu; eta, honi hitz bat eragin ezinez ibiltzea, batetxo ez da pozgarri. Beste hainbat ibiltzen diran bezela, anaitxo edo arrebatxo bat bizkarrean hartuta ibili nahiago nuke; arratsaldean ikastetxetik etxera itzultzean harekin jolasean, hura goraka jaso, eta hari musu emanez. Txakurrari nola musu eman? Batzuk bai… txakurrari musuka, hura magalean hartuta!
— Txakurra egurasteko, beti zu bidaltzen al zaitute?
— Astegunez ni; jai egunez ere ni! Amari esaten diot, beste senidetxo bat behar gendukela. Bainan hark erantzuten dit guk ez degula baratzarik, azak burutzen diranean haurtxo musugorri baten bila haruntza joateko. Gure auzokoak ere, nere lagun Athosi aza artetik oso anaitxo polita ekarri zioten. Gainera, lehengo gudatean txito landertu omen ginan; eta beste haur bati soinekoak erosteko txanponik ezin omen luke inguratuko amak.
— Eta, zure aitari horrelakorik ez al diozu esaten?
— Lehengoan ere, txakurra, bere oinez ibiltzeko gauza ez, hainbeste ahuldu baitzan, eta aita hasarretu egin zitzaidan. Ni omen naiz errudun. Beste mutilak, eta neskazahar eta agure zahar saila ere, txakurrekin pozik ibiltzen omen dira: haiei hitz goxo-biguinak esan. Haiek hustu nahia agertzen dutenean, haientzat txoko egoki bat aukeratu. Lepoan ere galartzu musker-nabarrak haiei ipini, apain-apain….
Besterik esan gabe, aurrera egin zun.

Bestelako zeregintxo bat sortu zitzaidan, eta harizti hartara gabe egun batzu joan ziran. Halako arratsalde eder batez, bere kideko mutiko batekin borrokan zebilen. Ikusi ninuneko, atxintxika etorri zitzaidan.
— Zer zabiltza, Sauro?
— Lehengo hartan esan gabe utzi nizkionak entzun nahi al dizkit? Aitak, hala jarduten zunean, haize burrundara hotz batek masailak ebakitzen zizkidala iruditzen zitzaidan; eta, isilik egotea hobe zala-eta, ez nion ezer erantzuten.
— Zure aitak non lan egiten du, Sauro?
— Bidegurutzeko amabitzan, ez al du behin ere ikusi izan?
— Nola uste nezaken, hura zure aita zanik?
— Batzuetan lan astunegia izaten omen du: berezibilak pilatzen diran arratsaldeetan, alegia. Baina, toki hura bikaina omen du. Erromatarren hainbeste txakur eder eta mardul ikusteko, oso aukerakoa. Haundizkien seme-alabak ere, noizik behin harro-harro han igarotzen omen dira, beren txakurrak erakusten, ilea moztuta guri-guri: haiek, haiek txakurrak! Beltzak eta horiak. Zuriak eta hauts margokoak. Nabarrak eta gorriak. Artzainora eta eper-zakur belarriluzeak: guztitatik erruz, eta oso begi betegarriak. Umeek baino lan gutxigo ematen omen dute. Eta, txakur bat hiltzen bazaio norbaiti, beste bat aixa erosi omen liteke.
— Eta, zurea non dezu?
— Zergatik galdetzen dit? Hona, malkoak begitara datozkit. Ez hura hil dalako. Hainbeste aldiz entzun diodanez, gure aitak beste bat erosiko ote didan beldur naiz.
— Aldarte onez dagon batean, hitz xamurrez, ez erosteko ez al diozu esango?
— Nik ez det txakurrik nahi! Txakurrak ez du bihotzik. Harek ez daki inor maitatzen.
— Noiz hil zan?
— Atzo hamabost.

Hizketa horiek lehengo garagarrilaren aurren erdian genitun. Gero nere mutikoa ez nun ikusten. Ondoren, udarako beroei ihes egiteko hotsean, hiri hontatik alde egin nun. Berriro onera itzuli nintzanean, Sauro gogoratzen zitzaidan. Eta, azkeneko ostegun hortan, jaupa emateko nere betiko txadonera ia iritsi nintzalarik, inguru hartako beste txadon batera nindoala, Sauro hantxe ikusi nun. Oraingoan txito alai. Orain zazpi hilabete baino hazigoa. Udaran belarra soroan baino ia gehiago.
— Zer egiten dezu hemen, Sauro?
— Meza laguntzekoak ikasten amaitzera, honeraxe etortzen naiz.
— Horren gartsu, beraz!
— Bai al daki? Nere aitak beste txakurrik ez du erosi. Ez omen du erosiko. Amak ere ez du nahi. Esan didate, luzaro baino lehen, anaitxo txiki bat ekartzen ez badute, arrebatxo polit bat ekarriko didatela. Ama ere, harentzat soinekotxoak josten ari ohi da.
— Pozik al zaude?
— Oso, gainera! Aita: harako leihoan dagon zakur beltz itsusi hura ikusten? Ginaren etxekoa da. Egunean ez dakit zenbat haragi erosten duten harentzat haiek. Guk geron etxean hirurontzat baino gehiago. Gina, harako harizti hartara askotan joaten da; eta, hark hantxe esaten dizkit horiek.
— Gina aspalditik ezagutzen dezu, beraz?
— Bai, Aita. Zuk ez al dezu ezagutzen? Amak ez omen dio musu ematen behin ere; eta, laster beste zakur bat erosi behar omen diote. Ginak ere txakurrik ez du nahi.
— Udara hontan ez al zera inon izan?
— Napolin. Atsedena behar zula-eta, gure aitak hamabost egun atera zitun oporrerako. Joan ginan. Eta, han ere, mutil haundi batzuek txakurrak uhalez zeramazkitela ikusi nitun. Erruki ematen zidaten. Lehenago uste izaten nun hemen bakarrik zirala horren nolabaitekoak, kidekoak baino txakurrak maitego dituztenak.. Adi beza! Urrutietako alderdietan ere, horren txakurzale al dira?
Mutikoari zer erantzungo nion? Ezetz?