Ametsa

Gernika, 1952

Pierrek begi bat ireki zuen, gero bestea. Goiznabarra zen dagoeneko, baina haren aldamenean Marcelle, haren emaztea, lo betean zetzan oraindik. Apur bat gelditu zen hari begira: adats horaila buruko zurian zeukan nahas-mahas, aurpegiak nekatuxe itxura zuen… Berandu oheratu ziren bart; haien ezkontzaren urteburua zen atzo eta adiskide zenbait abetaldu zituzten arratsaldean; gero restaurantean afaldu zuten —ezkondu baino lehen egin ohi zuten bezala— eta dancing batean eguna amaitu.

Pierre ondoez batean zegoen. Gehiegi jan eta edan zukeen edo. Eztarriak kilikatzen zion, gehiegi erre zuen ausaz. Eseri zen ohe bazterrean, gogoetaturik. Zoriontsu izan ote zen ezkonturte hortan? Ezin esan zezakeen. Oroitzen zen Marcelle, bere emaztea, nola ezagutu zuen. Alkarrekin bazkaldu ohi zuten, lantegiko jantegian: hor zuten alkar ezagutu. Arratsez, lanetik ateratzean, batak bestea igurikitzen zuten eta zenbait aldiz ostatuan sartzen ziren edari bana hartzera. Geroxeago Pierrek zinemara eraman zuen. Noiz maitemindu zen hartaz? Baina maitemindu ahal zen egiazki Hurbilkiago so egin zion; lo zegoen beti, gau-jantziaren xamarra askaturik, bular bat ageri… Sorbalda ukaldi bat eman zuen Pierrek. Egia esan, ez zen neskazale amorratua; ez eta edarizale, ez eta kirolzale… Haundia zen hain zaletasun gutxi eukitzea ezertarako! Herabe edo alfer ez haatik. Aitaren aholkuari jarraituz, lankide-eskolan sartu zenean ikasle ona izan zen; baita orain, lantegian, langile eta zintzo beti… Bizia aski ondo irabazten zuen, hori bai.

Beharbada, ez zen Marcellez maitemindu, baina bidezko da «neska bat eukitzea» hogei eta lau urteko mutil batentzat. Behin ausartu zen neskatila bere etxera eratortzera; gurasoek nekez gerokotu. sosekin kanpoan erosi etxe txipi batean beren egunak bukatzera joan zirenetik, berau ere haiekin bizi zen. Eta Marcellek etortzeko deia ohartu. Irrifar egin zuen Pierrek, egun hura gogoratuz. Gisakoa zen Marcelle, oro har… Handik hilabete zenbaitetara ezkondu ziren, hori ere bidezko baita. Bien gurasoak ezteieratu ziren; neskarenak kanpokoak ziren, txintxo-txintxoak, pozik alabak senar jator, langile bat bildurik zuelako. Eta ezteiliar ziren bizpahiru lankideak ere oso pozik zeuden. Pierre eta Marcelle, biak lagun onak zirelako, eta gauzak haundizki egin zituztelako… zer jan, zer edan bazen; gero dantza eta kantaldiak.

Geroztik, biziak jarraitu zuen, gertakari handi gabe, bi ezkonberrientzat. Ondo alkar aditzen zuten. Etxeko andre on agertu zen Marcelle. Nahi izango zuen, naski, etxe eder eta handiago bat, oraindar tankeran antolatua. Irabaziak, ordea, urriegi zituzten hortarako; biek lanean jarraitu zuten, ezkondu aurretik bezalaxe. Igandeetan zinemara joaiten ziren, batzuetan dantzara. Auhenka ibiltzerik ez zuten horraitio, nahiz zenbait aldiz doi-doi heldu hilabete azkeneraino. Ezen Marcellek jantzi dotoreak ere maitexko zituen; hori zuten bien arteko liskar aitzaki bakarra. Baina Pierre ez zen batere haserrekor, eta liskarrok ez zuten irauten. Gainera, goxo da andre apain batekin irtetzea igandeetan…

Gogoan zerabilen ez zela hain gaizki bizi; lankide haurdun asko baino hobekiago. Berek haurrik ez zeukaten; ez eta nahi ere, oraingoan behintzat; gero ikusiko. Baina oraintxe zeuden bezala, goxoki bizi zitezkeen, bi-biak… goxoki bizi ziren…

Gaur haatik ondoezik zegoen Pierre. Goizegi esnatu zelako ote? Ala Marcelle bere aldamenean oraindik lo zekusalako? Ez zen eiki txit ederra horrela apaingarririk gabe, aurpegia engoitik zimeldua. Bata besteari hain hurbil izatea! Bere emazte, bere bizilagun eta ohelaguna… Eta, halaz ere, harengandik oso bestelakoa zela bera irudi zitzaion, oso beste bat. Haragizko lokarriak ez zituen beraz batu, pozik irakurtzen zituen astekarien esakeran. Txorakeriak! Gizakiak ezin ditezke bat; bakoitza bera egoiten da, beti, halabeharrez.

…Bere buruaz kexatu zen Pierre. Zer? Burmuinzaletzen ari ote zen orain, horrelako gogoetak alatzeko? Ohetik jeiki zen, emeki, emaztea ez esnatzeagatik. Ezbaian egon zen pitin bat, gela erdian zutik, ez jakin zer egin. Gero joan zen erosi berri zuten pick-up ederrera —epean erosia, bistan da— eta ospil bat ipini zuen, beste edozein baino areago laket zitzaion ospil hura. Kantariaren andre abots ikusgarriak gela isilean hots egin zuen:

 

Mélancolie, un jour s’achéve

      Mélancolie, un jour s’achéve

 

Mugonez ohartu zen goiz zela oraindik; ez zituen auzoak iratzarri behar ez eta Marcelle ere. Lozale zen hau eta estakuru bilatu ohi zion senarrari, ametsetan hitz egin eta esnatzen zuela hotsez. Irratia beraz beheratu zuen. Begiak itxi zituen erosoago entzuteko:

 

      chaque jour, dans la fumée et dans

      l’alcool, on noie ses peines…

 

Alkoolean lorrak itotzen… Eta zergatik ez? Zertako besteek bezala ez egin? Ez zegoen ongi, benetan, egiatan. Behar bada edateak lagunduko zion. Sukaldera joan zen, koinak bonbila eta edontzi bat hartzera; edan zuen pixka bat eta gero oheratu zen berriz, bonbila eta edontzia ohapean utzirik.

Ospila amaitzera zen. Ohetik jaiki gabe pick-uparen besoa atzeratu zuen eta beste aldi bat entzun zuen. Gero beste bat. Eta edan zuen, gehiago.

Sorgor zegoen ezindua. Soinez behintzat, ezen gogoa inoiz baino bizkorrago zeukan. Alkoolaren eragina ote? Nahi ta nahiez, hasi zen pentsatzen behinere pentsatzera ausartzen ez zen gauzekin. Zergatik ez zen ausartu bada? Ororen buruan zer biziera ilaun, gertakari gabekoa berea! Nolaz ez zen hortaz orain arte konturatu? Guzia beti berdin, egunero ordu berean lanera, egunero lankide berak, egunero hizketaldi berak, egunero emakume bera etxean!

So egin zion berriz ere, bere ohean zetzan emakumeari: itxusi zen benetan goizñabarreko argi ilunean, ahoa erdi zabalik kulunka lo. Baina bere emaztea zen, hari loturik zegoen ezin hautsizko lokarriez, loturik betiko, inoiz ere ez, zen askatuko… Inor ez dela aske? Edonor, sendi, buruzagi, aberri, ezkontide edo ahaide bati loturik dela? Zer zeritzaion berari! Ez zen edonor… Bere haurtzaroaz gogoratzen zen, ume eskolan zebilela. Mentura liburu ederrak irakurtzea maite zuen orduan; baina berak ez zuen sekulan menturarik ukan. Gertakari haundiak jazo ziren munduan, gudak, borrokaldiak, baina berak ez zuen haietan parte hartu, ezertan ere ez parte hartu. Noren erruz? Gurasoen erruz: «bide zuzena» joerazi zioten beti, bide hori ordea bizitzako gauza eder eta haundi guztietatik baztertua dago. Irakasleen erruz: horiek ere bide zuzena erakutsi zioten… ezdeuserako. Eta Marcellen erruz! Neska ergel arrunta. Muxu zenbaitengatik, bere bizi guzian hari loturik izango zen. Izugarria Irudi zitzaion gau minean murgiltzera zoala eta ihesbiderik ezin aurki… Izugarria!

Koinak bonbila hustu zuen eta, ohartu gabe, ospila oraindik beste bider bat ibilarazi zuen:

 

      un beau jour, dans la

      fumée et dans l’alcool

      on noie ses rêves… Pour toujours.

 

Baina ez zuen entzuten; negarrez zegoen orain, ezin bestean deus bat zen, bai, eta hori besteen erruz. Marcellen erruz. Urdanda! Urdanda zikina!

Herotsarekin emaztea esnatu zen. «Zer duke, esan zion grinaturik. Bet-betan hari buruz inguratu zen, besotik oratu eta astinduz. Askatu zen Marcelle eta esan zion berriz: «Baina zer duk? Zoratu ote haiz?»

Farregin zuen basaki, eta gau minean, alde guzietatik aranotsak sortu zituen haren farreak, abere irri urrundikoak, aspaldikoak alegia. «Zoratu ni? Askatu naun, aske naun!» Oihuz hasi zen bestea. Baina ahoa estali zion eskuaz: «Isil hadi, urdanda, isil hadi!» Harek, aldiz, gero eta zarata gehiago… «Isil hadi, isil hadi», birresaten zuen, haren lepoa eutsiz. Azkenean, isildu zen; haren burua atzera erori eta han zegoen mugitu gabe.

Bere baitaratu zen Pierre, bet-betan: «Habil hemendik» esan zion emekiago. Marcelle ez zen mugitu. Orduan konturatu zen gertatuaz eta uste izan zuen zerbait lehertzen zitzaiola buruan: emaztea ito zuen!

Pierre esnatu zen, bihotza pil-pil. Zer amets ikaragarria! Baina nondik dat ozkio horrelako asmo ertzoak gizasemeari, lotan delarik? Bere buruaren isekaz, irri egin zuen. Leihora begiratu zuen gero; goiz argia zen. Alo, biziak jarraitzen zuen egunetan, bezala; lana, lantegiko lagunak eta Marcelle. «Marcelle! Zer muturra egingo du ene ametsa jalgiko diodanean!» (Ez zion haatik guzia jalgi nahi…) Haren aldera inguratu zen, alaitua. «Ea, —esan zion eztiki—, ea, Marcelle?»

Hila zen, zintzurrean eta besoan aztar urdin batzu zeuzkala; bazetzan erdi bilutsik, begi margulak zabal-zabalik. Gizona zutitu zen harriturik. Gela miatu zuen arrotza bait litzakeen. Hor zegoen pick-up berria, ateak irekirik. Hor zen koinaka bonbil bat hutsik, ohapean.

Orduan?

Ohe ertzean eseri zen Pierre, burua eskuetan hartuz.

Behin batean… alkoolean… ametsak ito… betiko.