Eguraldi txarrak maiz ikusten dira baserritan, baina hura bezelako gutxi.
Goiz-goizetik eman zion elurrari tipi-tapa. Argitzerako zuriz jantzi ziran aldapak eta zelaiak.
Hodei astunek ez zuten arintzen hasteko asmo apurrik, eta pitxak heldu ziran gero eta lodiago.
Putxerriko haize soinuak alde batetik, eta Bargapeko durrundarak bestetik, adierazten zuten oraindik etortzekoa zala makurrena. Gaua nolakoa ote zan, hortik igerri.
Eta hutsa, hori besterik izandu ez balitz.
Harunzkoan arin, honunzkoan geldi-geldi, emakome eta gizapilen hotsak. «Zer da ba? Zer gertatzen da?» galdezka batzuk, «Joxpa-Antoni gaixoa, Pello gizajoa!» beste batzuk esanaz. Eta Joxpa-Antoni, Pello-Mariren emaztea, negarrez; bihotza estutu eta ito ez ito jarrarazten zion barruko kezka beltza bere begi bihurritan nabaritzen zakiola.
Hura gaua!
Denak aidean, batez ere Joxpa-Antoni, soinu guzietara belarriak txintxo, gorria ikusten ari ziran bitartean, han zabiltzen basoan mutilik bizkorrenak jo honera jo bestera, Pello Mariren arrastorik ezin topatuz, neka-neka eginik eta ia-ia gogaldurik.
Bazauden ba herrira itzuliko ote ziran edo… eta non, irrintzi luze baten atzetik, «Hemen, hemen!» oihu egiten dien bila zabiltzen arteko batek.
Begiak igortzi behar izan zituzten ikusten zutena sinistekotan.
Zuhaitz zahar baten goitik beherako zuloan kukurtuta, hotz daldalian, ahosabaiari mingaina itsasirik «Ai ene!» —eta hori nekez— ezertxo besterik esateko gauza ez zala hantxe zegoan artzai gizajoa.
Lehen baino lehen gertatua jakin nahi ba, eta «Zer ari zera hemen, Pello?» galdegin zioten; baina alferrik.
Ahal zutena eginaz eta zergetara eraman zuten; bizkorgarritik pixka-pixka edatera eman eta hasi zan poliki piztutzen.
— Joan al da? —galdetu zuan zentzuna zerbait etorri zitzaionean.
— Bai, bai —zioten lagunak zertaz jakin gabe—, hura joan eta gu etorri.
— Ez nuan nik halakorik bazela sinisten, baina oraingoan!… Jesu, Maria eta Joxe! —eta sinatu egin zan Pello.
— Ze ikusi dezu, ba? —lagunak leher egiten.
— e ikusi duten? Ze ikusi duten galdetzen dezute? Ez al dezute zuek ikusi dama?
— Dama?…
— Dama, bai; dama agertu zait —eta buruko ilezpi guziak zuti jarri zazkion—. Dama, su eta garra zeriola. Etsi nuan suzko atzapar haietan hartu eta lezera sartuko ninduela. Hara!
Eta erakutsi zituan soineko, esku eta aurpegi errekerutuak.
Hori aditzean alkar begiratu ziran beltzuri eginaz. Bazakiten txikitatik hasita ez zuala Damak txantxa onik Ilunpetagaineko malkorretik Lakuntzeko pertza bota zenekora igarotzen danean, eta ez zituzten guziak berekin. Are gutxiago ilunabarrean ikusi zuten dizdira bizia gogoratzean.
—Ea —agindu zuan topatu zuanak—, bota Pello neri bizkarrera, eta zuek aurretik elurra hausten, arrio etxe aldera!
Aipatu beharrik ez da Joxpa-Antoniren etxeko sukalde zabalean ezin atxiki ahala ahaide eta adiskidek zaukaten solasketa gaia: Dama gora, Dama behera. Ez zegon han hotzik.
Eskanbil handiena egiten zuan gizaki mordol maltzur batek; batxiler edo zan. Ez zuala harek halako gauzik sinisten, atso gezurrak besterik ez zirala-eta.
Azkar kutsutu ziran haren antzeko batzuk, irri eginaz oso mingarri.
Bi alde jarrita, gogotik heltzen zion bakutzak bereari, eta aurki burrukatuko ziran, ordu arte isilik sua piztu eta piztu zegon lakuntzar arrai buruargi bat mintzatu ez balitz.
—Nik Damagatik zerbait esan dezaket, inork ere, agiri danez, ez dakiena.
Danak isildu ziran. Lakuntzarrak pipamotxa azkazkal gainean hustu, eta jarraitu zion bere herriko hizkuntza zerbait launduaz.
Amurgin errekako harkaitz-buruak ondo daki…
Ordu asko juaten men zazkion damatxoari erreka baztarrian txutxunpiko, ugerizko motto gorria alinokan, oin txiki txuriek sartuik ur hotzien, honen geinalde agiri zen bere aurpegi zoagarrien iduri eder garbiei begire txoatuik. Haren begien dizdirikoak norbeit jotzen bazuen, adio!, haren bihotza domatuik, betiko garbi enamoatuik! Bera berriz inortaz ere enamoatzen ez.
Beino, amio, hari ere bere gareie eileetu!
Pagotei lodi eta abartsu haik estalpe ona ematen baitziobien, erbi eta azari, basauntz eta pizti guziteti bapo hazitzen men zien, eta han emen zekan eginik lurpien bere txaola aiztari harro-harro batek.
Biek elkar ikusi eta gogoti elkar zaletu… dena bat.
Gauz onak ordia gutxi irauten baitu eta… jakina!, udazkeneko lehendaaizko aurieki, jaso txaola eta pil-pil egiten ziola bihotzak alde egin zuen aiztari gaztiek.
—Eta damatxo?
Orduti aldatu men zen haren izakera.
Behinere negarrik egiten ez zubien begi polit haiteti ninike malkuek, bere maitiengandi irrutxi, hiltzen zuen bakartasun samin harek.
Garai hartan ohitura men zen gau-iletan jei egitea jentilen seme-alabak, danburre eta pistu soinuen kanta eta danzan.
Halako batez, jentil alabarik ederrena atera zen kantari aurrez-aurre ilargiari.
Baldin nere min hontaz ez bazera alaitzen,
zuaz, eta esaiozu nere maiteari
egunero negarrez nola nagon urtzen,
bera ikusi gabez hemen naizelari.
Jakile nola baitzauden atzetik zebiltzkion guziei muxin egiten ziola, harreituik zauden halako eran damatxo ezizuan mutilen zorionez, berehala gizaki batek erantzun zionien
Ai, Damatxo burugoi!
Beharko dezu jakin
ezin dala ezkongai
jentila kristauakin.
Damak berriro:
Kristaua dalako baldin
banauka ni ahazturik
kupidez! kristau arin
egin nazala harturik.
Ba ote? Minduik jentilen Damatxo txoratu haren kaltez, sekuleko istilua haik sortu men zubien. Eta geizki ibiluko zen baldin okolondoka denen arteti sartu eta gazte indertsu batek heldu ez balio esanaz «Hona ni zure alde, Damatxo agurgarri!». Uste gutxiko bere maite haren agerkerak izargaitz eginda, haren besotan erori zan.
Nola ez zakiela, hurren egunean bere gelan arkitu zen magalean gurutze bat eta burutik behera ogaindi bustirik.
Susmetu zuen bataiotua izandu zela.
Ez noski haik nahi bezin laster, beino noizbait udaberritu eta ezkondu zien.
—Polite da gero, e? —galdetu zuan.
—Oso polita —erantzun zioten.
—Pa tu agüela!—atera zan batxiler.
—Arrano astaputze! —lakuntzarrak—. Kalamatike txintxurretik ezin pasa eta… hik neri erakutsi! Begitzok, bazekat nik estrabien mandokoa… ¿Nahuk apustu —eskutan txu hartuta— baietz harek hik beino lehen sumar, restar eta…
—Eup, bake bake! —hasi ziran danak—. Aurrera Damatxoekin. Zer gertatu zan gero?
Haratx zer. Denboraz umiak izandu zitubien eta haiki batea baita hasarrebidiek, oaixe nik beste horreki bezela. Aitek bataiotuazi nahi ba, eta amak uke. Beti peleien, eta egun batez isikezez nekaturik, emaztea bere umieki gurdi batien hartu eta heldu zen elizara bataiotuazteko asmoan, eta hurbil zaudela aditu behar izan zuen emaztien ahotik aitormen kirats eta gogor hau: «Nere senarra: behar dezu jakin ez dutela behinere bataioa hartzeko egiazko gogorik izandu. Hargatik bataiotua banaiz ere, zureganako maitetasunen indarrez buruz galdurik neonek eskatuta, ez dut nik zer ikusirik, eta…. agur nere semetxoak, agur, agur betiko! Zuek zerurako, ni mendirako».
Hori esan, eta sugar bihurturik hondatu zen. Ez da besterik eguraldi txarretan mendi batetik beste batera igarotzen ikusten dena, eta on dagonian, zeinbait aldiz leze atakan motto gorria urrezko orraziaki orraztu eta iruzkia hartzen. Aizgorrikoa ote da? Anbotokoa ote da? Denak bat ote die? Hortxen ikusi —azkendu zuan lakuntzar arraiak.
Gauza bat ez zuan esan. Ordu ezkero ez dala inor Damaren lezean oinak sartzera trebe.
Adiskide: Napar aldera bazatoz, nahiko dezu ikusi? Zure mendean naukazu. Baina… Alo, alo!, ez gero inolazko ere «Lakuntzeko pertzik» aipatu.
Holakorik ahoan hartzen badezu…. Jainkoak lagun dakizula.