Munduan asko bezela, senar-emazte batzuek bizitutzen omen ziran Nafarroan guztiz behartsu edo pobre, bainan txit pozaz eta atseginez, aberastutzeko batere antsiarik gabe, zoririk onenean, osoro konforme beren suertearekin.
Gizonak omen zuen atorra bat bakarra, guk alkandora esaten dioguna. Halaz guztiaz ere, igandeetan eta beste jai egunetan meza nagusira joan gabe ez omen zan gelditutzen; hartarako, gizon hau egoten omen zan ohean, aita Andanen jantzian igande eta jai goiz guztietan, bederatzi eta erdiak arte, da esatea, emazteak atorra garbitu eta lehortu bitarteko denboran.
Hala, neguko jai goiz batean, beti bezela, emazte txukunak atorra garbitu eta lehortzen jarri omen zuen sasitxo baten gainean, eta… zer egin zioten herriko jauntxoek? Mutil koskor baten bidez ebatsi edo lapurtu zioten, bainan ez gaitz egiteko ustean, ez bada gero farre piskatxo bat egiteagatik.
Meza nagusiko lehenengo kanpanak edo ezkilak jotzen abiatu zidarenean, andre gaixoa zintzoro asko bai omen dihoa atorraren bila, eta utzi zuen tokian arkitu ez zuenean, begiak malkoz bustirik joan omen zan senarrarengana esanaz:
— Jesus! Jesus mila bider!! Hauxen da lana! Zer egin behar det nik orain? Ia hamarrak laurden gutxiago dirade eta … Ai, Manuel Mari nerea!
— Zer dun, Apolinaria? Zer dun? Edo zeini negar egiten dion?
— Zeini negar egiten diodan? Zure atorra ebatsi digu norbaitek, lehortutzen neukan lekutikan.
— Ez daukan zeini negar egin haundirik! Horregatik negar egiten dun? Horregatik? Neri baino falta gehiago egiten baitzion nere atorra ebatsi duenari.
— Bai, Manuel Mari. Hori hala da, baina… meza nagusira joan gabe ezin geldituko zera behinik behin. Nola edo hala zerbaitekin moldatu beharko dizut atorra edo… atorraren antzekoa, hamarrak bitartean.
— Nahi denana egin zan.
— Nahi dedana? Ahal dedana ere ez da gutxi.
Hontan, Apolinariak bere kutxatik atera omen zituan lau haur-zapi, eta lau puntaran elkarri lotuta, txirbil suan bero-bero jarririk senarrari ohera eraman omen zion, esanaz:
— Tira, hau jantzi eta ohetik jetxi zaitez agudo. Galtzak sartutzen dituzun denboran deitu nazu.
Lau minutu baino lehenago gizonak deitu omen zion honela:
— Apolinaria, hator azkar. Hau ez dun atorra, baizikan irakiten dagoan kapusaia.
— Manuel Mari, zaude isilik Jaungoikoagatik, beheko bizitzakoek aditu gabe.
Jantziarazi omen zion txalekoa, eta eskumuturretan jarri omen ziozkan bi haur-txapel halako moduan noski… Biak elkarri begira farrez itotzeko zorian zeudela, esan omen zion gizonak:
— Zer jarri behar didan lepoan?
— Sangri-zapi bat txit txukunkiro.
Esan bezela moldatu zuenean mezetara joateko moduan, gizonak esan omen dio ostera andreari:
— Galtzak atzean zuloa duten ezkero… Bakailaoa agirian eraman behar dinat, atorra bat bakarra nuela esan ez dezaten. Agur, Apolinaria!
— Agur, Manuel Mari. Ernai-ernai joan.
Txoteko urria baino dotoreago bai omen dihoa elizara, eta elizpean han omen zeuden jauntxo guziak algaraz, gizon honen etorrerari begira. Parera iritxi zanean, haietako batek esan omen zion:
— Manuel, atorraren muturra darizu galtzaren zulotikan.
Batere kolorerik mudatu gabe, erantzun omen zion:
— Daukanari agertzen zaiok.
Hainbesteraino grazitan erori zitzaien noski ateraldi hau, bizitu ziran artean ez omen zitzaien ezer faltatu senar-emazteei mundu hau ondo igarotzeko.
Halako atorrakin konforme diranak
ez dituzte egingo Campionen lanak:
bat ezin izan eta bi nahi dituztenak
dirade, bai, Fueruen etsai haundienak.
Campion bezela.