Malko bedeinkatuak

Euskal Erria, 1888

I

 

Mila eta zazpiehun eta berrogeita hamaseigarren urteko negua zan.

Gaua iluna zegoen, zeru guztia hodei beltz ikaragarriz estaldua. Noizik behin, tximisten bat azaltzen zan, eta basotarteak argi urdinez distiratzen zituen, gero lehen baino ilunago lagatzeko.

Pagadi zabal ederrez inguratua, mendimuino baten gainean zegoen Ezkurrua, baserri etxe galanta. Sukaldean, suaren inguruan bertako famili dena ageri zan.

Zizeluan eseririk, belaunean hiru bat urteko haurtxo bat zuela zegoen Joane, baserri hartako burua, laurogei urte munduan igaroa, Gipuzkoako mugaz kanpora atera gabe. Haurtxoa belaunean dantzatzen zuen bitartean, kantatzen zituen gogotik gaztetandik zekizkien euskal kanta zaharrak. Aurrez aurre, sukaldearen erdian haritz enbor lodiek egiten zuten sugar gozoaz beste aldetik arkitzen zan Madalen, Joaneren emaztea, eta hura bezela ere haur bat bezin bihotz garbikoa, sehaskatxo batean zegoen aingeru zoragarri bati lohar eragiten zion, bigunki kantatuaz:

Nere maitea lo eta lo,

zuk orain eta ni gero,

egingo degu gozoro…

 

Bost seme eta bi alaba izan zituen Joanek, eta beretatik bizi ziran hiru seme eta alaba bat. Hau, Granada zeritzaion azpiko aldean errekaren hondo-hondoan zegoen baserri zabalera ezkondua: semeetatik zaharrena etxera ezkondua, eta beste biak oraindik ezkongaiak; hoek ere, aitarekin eta anaia zaharrenarekin bizi ziran beren jaiotetxean.

Lehen esan degun gauean, hiru anaiak ari ziran lanean: Patxi, zaharrena, abarkak moldatzen beretzat; Anton eta Inazio —hala izendatzen ziran beste biak—, nekazariaren etxean beti gertatzen diran behargaietan.

Mari Josepa, Patxiren emaztea, afari legea moldatzen ari zan, talo mehe guri-guriak erreaz, bere seme Jose Manuel zortzi bat urteko mutiltxoak gaztainak erretzen zeuden danbolinari eragiten zion bitartean.

Ikusgarria zan famili hartako batasuna, hango bizitza baketsua. Zaharrak behar bezela maitatu eta errespetatuak; gazteak, haiek agintzen zuten guztia egiteko prest. Keak ongi belztuak zeukazkien sukalde hartako paretak, baina ez beste askoren gela apainak bezela, bakerik ezak eta gorrotoak itsustuak!

Ilundu zanetik ezagun zuen gau hark izugarria izan behar zuela.

Hala agertzen zuten mendigain guzietan biltzen ziran hodei beltzak, eta noizik behin, batetik bestera, arin agertu eta ezkutatzen ziran tximistak, ondoren turmoiak menditarte guztietako oihartzunak esnatzen zituztela, eta beren hitzera beldurgarrian, ziotela “Hemen dator ekaitza, hemen dator!”.

Ilunabarretik bi ordu baino lehen hasi ziran lehenbiziko haize bunbadak, geroago eta indar gehiago hartzen zuten: arboladar iharrek, haizeak mugiturik elkar jotzean, abarrots haundiak ateratzen zituzten. Haizeak beren artean egiten zituen oihu, txilio eta garrasiek baziruditen mintsuen deiadarrak. Euria asi zan, eta lurra jotzean, zekarkien indarrarekin, esan zitekean goitik behera harri haundiak botatzen zirala, eta txilio eta garrasi, oihu eta deiadar hoen artean aditzen zan turmoi bat, eta gero beste bat, eta gehiago eta gehiago, agertu nahi bazuen bezela, bere burrundaratxo dardaragarria bakarrik behar zala han, bere goitanditasun ikaragarrian aditu zedin ekaitzaren musika.

Ezkurruako sukaldeak, nahiz haundi eta lodia izan, ez zuen indarrik halako ekaitza zebilenean mugi gabe egoteko, eta danbateko haundiak ateratzen zituen.

— Gau txarra degu —esan zuen Joanek—, ez da aspaldietan izan holakorik. Gogoratzen zait joan dan urtean bazter hoetan izandu zan lurrikara. Hura bai zala gauza! Azpitik norbaitek mugitzen bazuen bezela, lur guzia dantzan, eta lurrarekin batean, etxeak, basoak, mendiak, dena… Ez zinaten zuek ere alaienak, baina ni ere ez. Eskerrak laster bukatu zanari. Bestela ez dakit zer gertatuko ote zan…

Hontan su bazterrean etzinda zegoen zakurra jaiki zan, eta hasi zan lehenbizi ate aldera hurbiltzen, ateraino iritsi zanean zaunkaz hasi zan.

— Zer ote du gure zakurrak? —esan zuen Joanek.

— Ekaitzaren abarrotsak sentituko ditu —erantzun zion Patxik—, eta orregatik zaunka egingo du.

— Ez —esan zion Joanek —ekaitzagatik ez da hori mugitzen. Norbait da hor, etxe inguruan.

—Ez du txit giro ibiltzeko, dana dala —esan zuen Madalenek—.

Etumetako Martin izango da, bada gaur Aiara joana zan.

Ez da hura —esan zuen Antonek—, hura ilunabarrarekin batean etxera joa da. Gainera gure zakurrak Martin ezagutzen du, eta haren pausoek ez dute mugitu.

—Agudo jakingo degu zer dala —esan zuen Inaziok, eta bere lanari laga, eta bazihoan begiratzera, sukaldeko atea kanpoko aldetik norbaitek gogorki jo zuenean.

— Ongi etorri dala Jaungoikoak ordu honetan gure etxera dakarrena —esan zuen Joanek Inaziok atea irekitzearekin batean.

Eta “Gabon” esanaz sartu zan sukaldean, alde guztietatik ura zeriola, arpegi ilun eta bekozko ilunagoko gizon bat, bere bizar luze erdizuritua eta bere jazkera ikustean erdalduna zirudiena, baina ahopean esan zituen euskerazko bi edo hiru hitzetan ezagun zuena nongoa zan.

Guztiek toki egin zioten su ondora alderatzeko, eta Joanek esan

zion:

— Bustia zatoz, jantzi lehorraren premia dezu, eta hobe dezula uste det lehenbailehen aldatu.

— Bai!—esan zuen Madalenek, eta sehaskari eragiteari utzita joan zan erropa lehorrak ematera etor-berriari.

Bitartean, Joanek eta Patxik egin ziozkaten galdera batzuk,

baina “bai” edo “ez” besterik ez zuen erantzun. Pentsatu zuen Joanek nekatua egongo zala, eta bakean utzi zion.

Aldatuta etorri zanean, afaria prest zegoen, eta esan zioten esertzeko Joaneren ondoan. Eseri zan, eta guztiak elkarrekin afaldu zuten.

Bukatzean, Joanek, ohitura zaharrari jarraituaz, errosario santua

errezatu zuen. Ez zuten jakin kanpotarrak eranzun zuen edo ez. Hain zegoen iluna, isila eta beregandua, ezik inork ezin asmatu zezakean zer egiten zuen.

Errosarioa errezatu zutenean, ohera ziran guztiak, eta arrotza ere bai, etxeko gelarik onenean.

Goizean jaiki zanean, bezperan bezin iluna arkitu zuten, eta emakumeek, zerbait izuturik, Joaneri esan zioten:

— Ez dakigu zein sartu zaigun etxean. Beldur izatekoa da behar ez dan gauzaren bat egingo ote duen.

— Dana dala —erantzun zien Joanek— guk lagundu zaiogun, eta

gauza txarrik ez zaigu gertatuko. Ez al gera aski etxean geran lau gizonezkoak, zerbait egin nahi balu ere ez uzteko?

Emakumeak isildu ziran hau aditzean, baina gizon arrotz harenganako zuten beldurrik ez zuten galdu.

Horrela igaro zuten hurrengo eguna, kanpotar harekin hitz asko egin gabe. Egun hartan guzian ere, ekaitzak segitu zuen, baina lehenagoko gauean baino zerbait indar gutxiagorekin. Beti ere begiratzen zuen bere bideari jarraitu nahi bazion bezela gizon arrotz hark, baina ekaitzak oraindik zeukan indarra ikustean, etxean gelditzen zan.

Hurrengo goizerako haizea baketu zan, eguraldia bigundu, eta bere soineko lehortua jantzirik atera zan Ezkurruatik kanpotar hura. Egun guzian ez zuten bere berririk izan, zekitena zan Errezil alderako bidea hartu zuela. Baina batere uste ez zutela, ilunabarrarekin batean aurkeztu zitzaioten sukaldean, gau hartako ostatu bila.

 

II

 

Berriz ere atera zan hurrengo goizean, eta berriz ere inguratu zan Ezkurruara arratserako.

Baserri hartakoak gertatzen zanarekin harriturik zeuden.

Beti ere emakumeek aitatzen zuten gaizkileren bat ote zan kontua, baina beti isilarazten zituen Joanek bere karitatezko hitzekin.

Egun batzuk modu honetan igarorik, arrats batean ez zan agertu lehengoetan bezela.

— Zer gertatu ote zaio? —esaten zuten.

Eta bakoitzak gauza bat zioen.

Baina biharamunean, Antonek Altzolara joan beharra izanik olajaunari ikatzik behar ote zuen galdetzera, pagadi itxi batean ikusi zuen kanpotarra arbola baten sustrai gainetan eseririk, esku artean burua zuela.

Kontatu zuen etxean ikusi zuena, eta Joanek esan zuen:

— Gizon dohakaberen bat da hori, eta ahal dan errukirik haundienarekin egin behar zaio guztia.

Negu guztia igaro zuen gizon arrotz hark Urdanetatik Errezil bitartean dauden basoetan, baserri batera edo bestera biltzen zala gauerako.

Izenen batekin ezagutu bebar, eta inguru baetako jende guztiek deitzen zioten basotarra.

Udaberriak txoriz eta lorez, kantuz eta likurtaz, hostoz eta kabiz bazter guztiak bete zituenean, neguan zelaietara eta itsasaldera jetsitako artaldeak itzuli ziran mendi aldats haetara. Etumeta aldeko zelaiak ikusgarriak agertzen ziran. Lore politez estalduak, beren gainean bazkatzen artalde ederrak zebiltzala.

Etumetan bazan mutil gaztetxo bat, Ezkurruako Inazioren adiskide haundia. Egun oro, artaldea saletxera biltzen zuanean, etxerakoan irrintzi ujuju alaiak eginaz joateko ohitura zuen. Jendeak zioen ez zala han inguruetan bera bezin irrintzilari onik ezagutzen. Honen irrintziak haserratzen zuten basotarra batez ere, gehienean egon ohi zan bezela oihanen batean bakar-bakarrik zegoanean.

Esan zioten Etumetako artzai hari, obe zuela ez gehiago irrintzik egin, gauza txarren bat gertatu ez zekion, eta galdetu zuen:

— Zer gertatzen da bada?

— Basotarra haserratu dek hire ujujuekin —esan zion lagun batek.

— Zer gaitz egin diot nik?

Inork ez zion ezer erantzun.

Handik aurrera etzan ilunabarretan aditzen mendarte haietan lehen bezelako irrintzi alairik.

Etorri zan San Isidro eguna, Erdoiztako patroiaren festa, eta ilunabarrean, etxerakoan, basotarraren kontua ez zekiten asko irrintzika joan ziran beren baserrietara.

Hala behar eta, irrintzi hoetako bat aditzean, arkitu zan basotarra Etumetako artzaiarekin, eta esan zion hitzera baino marrua hobeto zirudien bozarekin:

— Isilduko al haiz, irrintzirik egin gabe?

Artzaia izuturik joan zan eginahalean etxera: errekaren murmur soinularia ere iruditzen zitzaion atzetik segika zetorren basotarraren oin hotsa.

Egun hartatik abuztuaren azkena bitartekoak, ez ziran lehengoak bezin alaiak Etumetako artzaiarentzat izan.

 

III

 

Hau da egunaren zoragarria! Abuztuaren hogeita bederatzia, San Juani martirioa eman zioten eguna, San Juan Txiki mendi hoetan esaten zaiona.

Goiz-goizetik egunsentiko argi gozo larrosatua baino lehen hasi dira irrintziak, kantuak, pozezko alarauak, Aiatik hasi eta Errezilera, Aizarnatik Asteasura.

Ernio ez da ageri, lainoa oraindik trinkoa da. Azpian entzuten da errekatxoaren pil-pil gozoa. Baserri denetatik ateratzen da jendea, jaiegunetako soinik onenak jantzirik.

Horra non dan eguzkia! Garo tartean ihintz tantoek dizdiz egiten dute: lainoa mehetzen dihoa, eta behera eta behera erreka bazterrei eta mendarte zokonei itsasten zaiela.

Ernio aldera badihoaz jendeak Errezildik eta Aizarnatik, eta Asteasutik eta Aiatik, eta bidea dagoen toki guztietatik.

Eta jende talde hoetako batean ageri da basotarra.

— Zer ote du —galdetzen zuten ezagutzen zutenek—, hori, hain bakartasunaren zalea, beti jendea dagoen tokietatik ihesi dabilena, gaur honera, beste gainerakoak datozan tokira etortzeko?

— Betiko bakartasunaz aspertua egongo da —esaten zuen beste batek.

Eta hoek honela ari ziran bitartean, jendea bazihoan gora eta gora Erniorontz, eta jende talde hoietako batean basotarra ere bai.

Goiztarrenak Ernioko Gurutzera igo dira, beren otoitza egin eta badatoz. Badihoaz ondoren besteak, eta besteak, eta gehiago. Errezilgo bidetxigorrak ez du urte guztian hainbeste jende sentitu bere gainean. Oraintxen dihoa gora basotarra ere. Isilik dihoa: bekokia, beti bezela ilun darama, begiak tristeak. Bera da bakarrik ilun dagoena hainbeste gizon eta emakume, zahar eta gazte alairen artean.

Iritsi da Gurutzera, eta bere begiak galdu dute zerbait lehen zeukaten triste antza. Begiratu du eskuira eta ezkerrera, eta malkoak isuri ditu Gurutzearen oinean, eta belaunikatu da.

Jaiki da, eta berriz eta berriz begiratzen du ifarraldera eta hegora, sortaldera eta sartaldera, eta berriz eta berriz ere malkoak darraizkio oraindik malko bat isurtzen alde haietako jendeak ikusi ez dutenari!

Baina nola ez? Handik ageri danak eta han bihotz batek sentitzen duenak edozeini malkoak ateratzen diozka.

An azpian, leize zulo batek oi duen erara begiak bereganonz daramazkiela, Errezil; beste aldetik, Larraul, Asteasu eta beste zenbait herri txiki; harontzago, zilarrezko arraia bat dirudiela, Oria ibaia; beste aldetik, Urola; hemen eskuitara, Tolosa, Gipuzkoaren burua ezkutatzen duten mendiak; hor, ezkerrera, Izarraitz haundia sartaldeko haizeetatik gordetzen duela Azpeitia, Iraurgi zaharra, San Inazio Loiolakoaren jaioterria; han ageri da ere, Urolako ertzean, Gipuzkoako Patroi dohagaraiaren etxe santua; harontzago, mendi galantak, batzuk basoz estaliak, besteak haitz tontor latzak erakutsiaz; ageri dira Aizkorri eta Udalaitz eta Aralar eta beste asko; eta han ifarraldean ageri da itsaso zabala, eta bere ertzean Kantauriko itsaso honek muin egiten dien huri guztietan ederrena, Donostia, txorikume bat amaren hegopean bezela, Urgul mendiaren azpian bildua. Eta hoen guztien gainean, hemen ageri da, besoak zabalik, Gurutzea, mundu guztiak ikusi dezan, mendiaren gainean jarria. Besoak zabal dauzka alde denetara mesedeak zabaltzeko, salbatuaz; horkoak Nafarroaldetik datorren ekaitzetik, hangoak Bizkaialdean dabilen izurri txarretik, eta itsaso zabalaren gainean dabiltzanak, urrikal guztietatik.

Basotarraren bihotza ere goratu zan gauza hoek ikustean, eta Gurutzeari begiraturik, eta alde denetan mendiak eta itsasoa ikusirik, esan zuen malko gozoak isuriaz:

— A, Jauna, bedeinkatua izan zaitezala beti eta beti; bedeinkatu zaitzatela batez ere euskaldunek, bada zure haunditasunaz oroitarazteko eman dieztetzu lurrean diran bi gauzarik haundienak: mendiak eta itsasoa.

Jetsi zan Iturriotza, eta han ibili zan egun guzian beste gainerakoekin. Ezagutzen zutenek, zioten “Ez dirudi lehengoa. Gurutzera igo danean bezela ez zegoen horixe jetsi danean”.

Arratsalde hartan, urte oro San Juan Txiki egunean ohitura zan moduan, Iturriotzen ziran Asteasuko, Aiako eta Errezilgo tuntun jotzaileak. Jende asko inguratu zan hango ur eder osasuntsua edatera, eta dantzatu ziran aurresku bat baino gehiago.

Handik Ezkurrua aldera zihoala basotarrak arkitu zan Etumetako artzai gaztearekin, eta hots egin zion. Bestea beldur zan, baina jende asko izanik egun hartan inguruetan, joan zitzaion.

— Barkatu, gaztetxoa —esan zion —, ez nekien zer egiten nuen zure irrintziak haserratzen nindutenean. Eta horregatik, orain nahi nuke bion artean irrintzi sekula baino alaiagoak egitea. Eta hala, batak eta besteak egin zituzten ujujuak eraman zituen ilunabar haizeak Beizama aldera.

 

IV

 

San Juan Txiki gaua da. Dena isil dago Ezkurrua aldean. Bakar-bakarrik aditzen dira han azpian hosto tartean errekatxoaren betiko murmurrak.

Ilargi beteak zabaltzen ditu bere argi zilarreztuak, eta erreka bazterrak lainopean daude.

Ezkurruako sukaldean festa haundia da. Denak daude basotarraren inguruan eseririk, eta honek guziai kontatzen die bere bizitza, modu honetan…

 

Ni naiz Mutrikuko baserri batean jaioa, Arnomendian. Txikia nintzalarik hil zitzaidan ama, eta aitak bidaldu ninduen morroi, Gaztañeta itsas-agintari famatsuaren etxera. Han Motrikun, etxean aditzen nituen kontuekin eta egun oro ikusten nuenarekin, egin zitzaidan itsasora joateko gogoa.

Orain hamabost urte eskatu zuten jendea Arantzazu zeritzan gerraontzirako, eta ni izandu nintzan lehenbizi prestatu nintzana.

Aitak ez zuen nahi joaterik, zergatik aguretua zegoen, eta ez zuen etxean gizonik berari laguntzeko; baina ni, aitaren esanik entzun gabe, aita gisagaxoa negarrez uzten nuela joan nintzan.

Itsasoz ibili nintzan toki askotan; eta halako batean Pasaian geundela, hartu nuen berriro aitaren mandatua etxera joateko, bada geroago eta zegoela makalagoa.

Ez nion obeditu berriz ere, eta esan nuen: “Ez nago ni agure zaharrak eta eriak zaitzeko”. Ibili nintzan urrutietan, ontzi batean eta bestean, eta behin agintari nagusia errespetatu ez nuelako behar bezela, presondegian sartu ninduten, eta handik atera nintzanean, etxera bidaldu Getariara zetorren ontzi batean.

Laster igaro nituen Getaria eta nere etxea bitartean zeuden bideak, eta etxera iristean ez nuen arkitu pareta zaharrak besterik. Galdetu nuen, han auzoko baserri baten, zer gertatu ote zan, eta orduan jakin nuen, nola nere aita nik emandako samintasunarekin denboraz lehen hil zan; nola etxera etorri ziran Markinako baserritar batzuk, eta gau batean, nola ez zekitela lastoak su hartu eta etxe guztia erre zan.

Orduan ezagutu nuen nere egite txarra; eta gero bart bezela mendian behera jetsirik, ibili eta ibili nintzan, nola ez nekiela, biharamuneko gauean ekaitzak baso hoetan harrapatu eta hemen sartu nintzan arte, lehortzegatik baino gehiago beldurragatik, bada haize txistuak eta turmoiak, eta ekaitzaren hots guziak iruditzen zitzaidan esaten zidatela “Seme eskergabea, zer egin diozu gurasoari?”.

Hala igaro det, beti nere kezka nerekin dedala, hemen bizi izan naizen denbora guztia. Uste nuen nere mina ezin sendatu zitekeala, zergatik bihotza gogortua neukan, malko bat ezin isuri nuen, eta non sendagaia bilatu ez nekien. Munduko gorabeherek zerbait itzalia zeukaten nere txiki denboran piztu zidaten kristautasuneko sua. Beste norbait alai ikusten banuen, barrenak ezin eraman zidan, horregatikan haserratzen ninduten Etumetako artzaiaren irrintziak: nere konzienziaren deadarrak iruditzen zitzaizkidan.

Baina gaur goizean, hainbeste jende ikusi hor gora dihoala eta berekin joatea gogoratu zait. Igo naiz Gurutzera, eta o! han ikusi dedanarekin isuri ditut malkoak, malko bedeinkatuak, nere bihotza bigundu da, eta irudi zait aditzen ziran hegazti kantuak eta sentitzen ziran surmur guztiek zekartela nere aitaren boza, esanaz “Barkatua zaude, ene seme maitea”. Harrazkero, beste bat naiz.

 

Aditzaile guztiak zer poztu ziran esan beharrik ez dago, edozeinek pentsa lezake.

Gau hartan ohera zihoanean, ireki zuen Joanek gelako leihoa, beti bezela zerura begiratzeko.

Ilargia zegoen zeru urdinean, izarrez koroatua.

Han behean, laino xurizka.

Basoetan ez zan ezer entzuten: bakar-bakarrik errekatxoa zihoan behera eta behera, betiko soinuarekin.