Rita

Pamiela, 1988

Emakume beltz bat naiz, Rita dut izena.

Ez dut zuriek beltzengan miresten dituzten kualitate horietako bat bera ere. Ez dakit abesten. Ez naiz korrikalari ona. Nire gorputz guztia arrunta da. Nire hankak motzak dira. Dantza egiterakoan, nik bakarrik pasatzen dut ondo. Beltz guztiei bezala, jazza asko gutatzen zait. Beltz asko bezala, Harlemgo auzoan bizi naiz. Bulego batean lan egiten dut, zuriek maite ez dituzten lanbide horietako batean, garbitzen. Lankide zuriak, nik nahi ditudanean bakarrik ikusten ditut. Hilabeteak igaro ditzaket lankide horiek ikusigabe.

Rita naiz, emakumea, beltza, arrunta.

 

Goiza da, baina ez du argitu. Harlemgo karrika luze estuak zaramaz beterik, jendez hutsik. Lepoa goruntz okertu behar zerua ikusi nahi badut, baina ez dut nahi izaten.

Bi kale zeharkatu ditut, zerbait argitu du. Zinbabweren aldeko manifestaldi bat gurutzatu dut. Harlemgo beltzak, hemen jaioak izanik, ez gara ez hangoak, ez hemengoak sentitzen.

Heldu naiz. Metroa hartu behar dut. Lur azpian bero egiten du. Marraz, hitzez, pinturaz apaindutako tren zikin bat gelditu da. Ateak zabaldu direnean barrura sartu naiz. Peter eta Bettyrekin egin dut topo, ia egunero bezala.

— Egun on!

Beno, goizero, ezpainak mugituz begiratzen nautenean hori esaten dutela suposatzen dut, eta gaizki ahoskatutako “Egun on!” batekin erantzuten diet.

Bettyk poltsan daraman pilotatxo bat atera du, bi eskuekin hartu eta behatz artean darabilki, batera eta bestera, pilotatxoaren borobiltasuna ikutuz, materia sentituz. Eskola batera joan zen bakardadea gainditzeko teknikak ikastera. Geroztik, eseritzea lortzen duen mementutik, pilotatxoa ateratzen du, behatz artean, maitekiro laztanduz, norbaiten ukabiltxoa balitz bezala, bakartasuna urrun dadin. Bapatean, balaztada indartsu bat egin du trenak, balantzaka utzi gaitu zutik gindoazenak. Geltokira heldu gara, Peter eta Betty agurtu ditut buruko keinu batez.

Labana bat balitz bezala laztantzen dit aurpegia kaleko haize hotzak. Elur zuria batera eta bestera baztertuz edo zapalduz nabil. Oinazpian elurraren kirrizkada sentiturik iritsi naiz lantegira.

Bulego hotz, huts batean, besteek utzitako zikinkeriak garbitzen dihardut. Hemen bizitzak ez du xarmarik. Garbitzen ez duten jendeak zikinak dira benetan, gizonak batez ere, erabiltzen dituzten komunek kirats izugarria botatzen dute, asko kostatzen zaie, nonbait, botoi bat zapaltzea. Mahainak zigarro hautsez beteak. Paperontziak boteilaz, melokotoi hezurrez, paperez gainezka. Aulkiak bere lekuan jarri ditut. Ez dut ezertaz pentsatzen. Hemen eztanda egiten dute nire irudi guztiek.

Kalegorrian nago berriro. Hotza egiten du, neguko hotza. Bi hilabete elurra ari duela. Bulegotik ateratzen naizen bakoitzean, makina batez elurra kentzen ari den mutil bat ikusten dut. Beltza da, ni bezala. Hasiera batean elkarri begiratzen genion, hitzik edo keinurik egin gabe. Gero irripartsu, buruko keinu batez elkar agurtzen genuen. Orain, “Kaixo!” urduri laburra esaten diogu elkarri. Asko pozten naiz hura ikusten dudanean. Topo egiterakoan, alaitu, lasaitu egiten dela ohartzen naiz bere aurpegiko keinu triste, larria.

Kale asko zeharkatu ditut, bulegoak, etxeak, komunak txukuntzen. Beti zurien kakak kentzen. Hiriko iragarkietan, karteleetan, filmetan, zuriak dira pertsonai bakarrak. Kalerik nagusienetan zuriak besterik ez dira ikusten. Haien artean nabilenean hoztasuenez eta higuinez betetako begiradak jasotzen ditut. Azalaren koloreagatik bakarrik epaitzen gaituzte.

Gaua iritsi da, argiak piztu dira, hiriak su hotz handi bat dirudi gau beltzaren gainean.

Nekatua, gogaitua sartu naiz etxean. Diskojogailuan Mingus ipini ondoren, ur beroz eta aparrez ia isurika dagoen bainera handi batean murgildu naiz, ene gorputzeko gihar guztiak biguntzen, nerbioak lasaitzen, nere haragi beltza berotzen dihardutela. Umiliazioa, hotza, babeseza kalean geratu dira. Minguseren pianoa eta ur beroen laztana besterik ez dut sentitzen.

Zazpigarren pisuan dagoen apartamentu batean bizi naiz bakarrik. Gurasoak hil zitzaizkidanez geroztik, nire erara moldatu dut txoko txiki hau. Sukaldea, bainugela eta logela leku urrienak dira, egongela da etxeko zatirik handiena. Barrutik, leihoak landarez beteak dauzkat. Hostoek, loreek estaltzen dituzte kristalak, kanpoaldea ia ezer ez da ikusten, ez dago zer ikusi beharrik. Etxeko ertz guztiak kolore alai beroz apaindurik daude.

Nire azal beltzarenganako mesprezua duen gizartetik ihesirik, lau horma hauen artean aurkitzen dut babesa. Kaleko edozein izkinetan jakinarazten didate emakumea eta beltza naizela. Horma hauen artean, Rita naizela dakit… Kolore guztiak maite dituen pertsona bat.

Larunbata da, , pozik sentitzen naiz nire denboraren jabe naizelako. Central Parkeko inguruetan nabil, janari bila lurrean saltoka dabiltzan txoriei so. Metroruntz nindoala, Petererekin egin dut topo. Beltza da, ni bezala. Ia beti jantzi urdinskak daramatza, luzaroan aldatzen ez dela dirudi, baina usain ederra botatzen du beti. Luzea, argala, korrikalari ona izan da, lehiaketa asko irabazi du. Dena utzia dauka aspaldidanik.

— Ez dut zurien bufoi izan nahi —esten du maiz—, nahiago dut emakumeen atzetik korrika egin.

Hau esaten duen bakoitzean berarekin haserratzen naiz. Txantxetan dabil gehienetan. Lagun artean ibiltzea atsegin zaio, ez du bakardadea maite.

— Epa Rita! Zer berri?

— Zaharrak berri, Peter.

— Zereginik ba al dun gaur?

— Beti zagok zeregina, bainan hik zer eskaintzen duk?

— Hire etxera afaltzera joatea. Negua dun, bostak ditun, laster gauaren iluntasuna iritsiko zaigun eta… Badakin… Gau bakartiak ez zaizkin gehiegi komeni.

— Nik asko maite diat bakardadea.

— Bai, hori ongi zekinat. Bakardadea, askatasuna eta sua ditun hik gehien maite ditunanak, baina dena dela nirekin ere ez haiz gaizki ibiltzen.

— Baina nola hi hain bakarti? Nun dituk hire bestakideak?

— Uf! hori dun galdera pila. Eta, zer? Bai edo ez!

— Arrazoia duk, hirekin ere ez diat gaizki pasatzen.

Erositako janaria sukaldeko mahai gainean ipini dugu. Peter afaria egiten hasi da. Mantal zuri bat jantzi du. Nik egongelan dagoen tximiniko sua piztu dut. Radiadoretako giltzak itxi ditut, bero gehiegi sortu ez dadin. Mahai txiki bat sutondo inguruan ipini ondoren, lurrean eseri naiz suari so.

— E! Esnatu! Hara hemen zortzi lata ireki ondoren egindako entsalada zoragarria. Hik labean dagoen arraia ekarri ezan.

 

Lurrean eserita suaren ondoan afaldu genuen. Peterrek hiru postre jan zituen. Gozo zale amorratua da.

— Primerazko sukaldaria haiz, suerte galanta izango dik, senartzat hartuko hauenak.

— Zalantzarik etzan izan, nik aste bukaeretan janaria prestatuko dinat.

— A! Eta beste egunetan?

— Beste egunetako janariaz emaztea arduratuko dun.

— Orduan ez haiz hain zoragarria izango.

— Ez? Zergaitik?

— Ez duk emaztea askatuko sukaldeko kateetatik.

— Hi betiko leloarekin.

— Eta hik zerbait berririk proposatzen al duk?

— Ez iezadan adarrik jo! Musika pixkat ipiniko dinat giroa baretzeko.

Emeki-emeki, Charlie Parkerreren saxoaren garrasi sakonak sala guztia hartu zuen. Sugarra hobeto ikus zedin, sukalderaino eraman nituen boteilak, ontzi guztiak. Peterrek koltxoi handi bat ekarri zuen, tximinitik hurbil ipintzeko. Hitzik esan gabe eseri ginen.

Hatzekin jolasean hasi ginen. Hogei dantzari suaren argipean, hogei itzal luze dantzan. Behatz gorrituak, esku beltz beroak negu zuri hotzean. Larrua jo genuen. Peterrek lo hartu zuen, niri musu bat eman eta gero. Ongi sentitzen nintzen, lasai. Ez nuen lotarako gogorik. Ongitasun hura sentitu nahirik, une baketsu hura luzatu nahi nuen. Koltxoi ertzean eseri eta errauts gorrien irudi aldakorrei begira egon nintzen luzaro, pentsakor.

Bapatean, zoriona bazterretan salgai dagoen kaleetatik…

— Margie! Margie! —etsipenez, bakartasunez betetako oihu goibel bat entzun nuen.

Ez zuen erantzunik jaso. Ezingo zuen atsedenik hartu elurrez betetzen ari ziren izkinetan. Hotzez hilko zen zulo bero bat aurkitzen ez bazuen.

Zigarrokina errautsetara bota, saxoa isilarazi eta gau honetan bederen maite dudan Peter besarkatu dut, argi guztiak itzaldu ondoren.

Hiri handi honetan ez dago malkorik, handituz joan den araberan agortu zaizkio.