Huna zer zautan behin kondatu lagun batek, Stalag IV egontokian.
Stalag hortan goiz guziz biltzen ginituzten elgarretarat Marché des esclaves deitzen ginuen leku batetarat, eta izendatzen zituzten, gure artean, komandoetarat joaiteko hautatuak zirenak. Komandoak erran nahi du lantegia.
Batzuetan ainitz betan joaiten ziren, bertze batzuetan zonbait bakarrik; batzuetan laborariak, bertze batzuetan ofizio berex batzuetako langileak… Noiz nola. Egun hortan izendatu gintuzten bi ogi-egile, eta gure puska tzarrez kargatuak, soldado armatu betek segitu gintuen treinean gure komandoraino. Han, han zen, Leipzig hiriko ondoan, herrixka batean. Gure ofizioan behar ginuen lanean ari, tokiko ogi-egilearen etxean. Ez gintazken gaizki. Ene laguna ez nuen ezagutzen, baina mutiko on baten manerak zituen. Gerlako balentria batentzat ere medeila bat ukana zuen.
Ez ginen leku tzarrean sartu. Gure etxekoak, familia gisako bat ziren. Aita-ama xaharrak eta hiru alaba, hogoi urte inguru hortakoak. Seme bakarra gerlan hila zuten, Frantziako mugan. Ez baikinen gu ere mutil tzarretarik, emeki-emeki gure burua ezagutarazi ginuen eta maitarazi. Frangotan onkeria batzu emaiten zauzkuten. Letrak heldu zirenean, gure familako berriak jakin nahi zuzten. Azkenean arras etxekotu ginen, heien mahainean jaten ginuen eta heiekin libroki mintzatzen ginen gerlaz eta gerla-gose ziren buruzagi nahasiez.
Hola-hola, jin zen eguberri. Gure etxekoek gomitatu ginituzten, ni eta ene laguna, heiekin eguberri gaueko apairuaren hartzerat. Mahaina ederki emana zuten. Alaba bat zerbitzari. Goxoki eta alegeraki egin ginuen gure janaldia. Apairua bururatu eta, luzaz solastatu ginen gure bizitokiez, gure familiez. Orduan etxeko andereak aipatu zuen gerlan hilikako bere seme bakarra: duela urte bat etxean zuten permisionez, surat berritz sartu eta berehala hil han nonbait, Wissembourgeko eskualdean.
—Zoin egunez? —zuen galdatu ene lagunak.
—Urtarrilaren bian! Ba, ba…
Lagunek haren hil xehetasunak igorri zuzten etxerat. Sarjent baitzen, bere buruzagiek manatu zioten joan zadien zonbait gizonekin patruila baten egiterat frantses lerroei buruz. Arboldegi batean frantses multzo batekin elgar jo zuten. Sarjentak manatu zioten bere gizonei ahal bezen laster gibelerat itzultzeko. Bera azken gelditu zen, lagunetarik berex. Dohakabea, arbol baten gainean gordea zagon frantses batek tiro batez garbitu zuen. Ez zuten alemanek haren gorputza ere bildu…
—Nola zuen izena? —zuen, berriz ere, ene lagunak galdatu.
—Raoul —zuen ihardetsi alaba batek—. Gaixoari, hemendik surat berriz itzultzean, lepotik banakon emana urrezko medaila ttipi bat eta medaila hartan Raoul izkiriatua.
Ele horiek erabili ondoan, joan ginen oherat. Arrats hortan ene lagunak ez zautan oherakoan ahorik ere ideki. Harritu nintzen, ezen biziki jostakina zen, usean. Galdatu ere nakon, ean, sobera pesta eginik, burutik minez zagon. Biharamun goizean ene laguna beti berdin, kopeta ilun batekin. Ari nitzaizkon galdeka zer ote zuen bada, baina ez zuen ele bat ere eman nahi. Arratsaldean, noizbait, mintzatu zen. Ba… eta… komandoko buruzagiari behar ziola erran berriz haren stalagerat itzularazteko. Ez zela laketzen, ginen tokian.
—Ez laketzen? —nion ihardetsi—. Baina orai arte ez hin ba deus arrangurarik! Zer egin zauk bet-betan? Nehon ez hiz hemen baino hobekiago izanen, norentzat hiz ba kexo? Enetzat? Etxekoentzat?
Ezetz, ezetz… Ez zuela nehorentzat fits erraitekorik, oro harentzat onak izan zirela. Ez nakien gehiago zer asma. Dena den, ene lagunak ardietsi zuen stalagerat itzultzea, eta, ongi pena handiarekin, bakarrik gelditu nintzen.
Joan baino lehen, ene laguna jin zitzautan esku emaiterat, eta letra bat utzi zautan eskuetan, erranez:
—Ni joan eta, letra hau emanen duk etxeko andereari.
Erran bezala egin nuen. Gure etxekoek ere pena zuten ene lagunaren joaiteaz. Etxeko andereak ideki zuen letra… Paperari lotua, bazen medaila tipi bat. Paper hortan ene lagunak larriz izkiriatuak zituen hitz hauk:
“Bihotzak ez nau laguntzen zuekin egoiteko. Zuen semea nik hil dut”.
Eta, medailaren gainean hitz bat, Raoul.