Iluntzean heldu nintzen Austerlitzera, eta, udako usainak sudur-mintzetatik aienatu ezinik, paseatuz joan nintzen Senaren ezkerreko ibaiertzetik aurrera hiri barruraino. Boulevard Saint-Michelen gora egin nuen eta Latin Auzoan sartu nintzen nire puskak aldian-aldian lurrean pausatuz, eskuko hatzen lasaigarri, heldulekutik pixka batean utzi, atzera berriz istingan segitzeko. Paper-mutur batean idatzita neraman helbidea eta paretaren kontra ikusi nuen kartel urdina, rue Mouffetard. Hura zen. Zenbakia baieztatu eta, gehiagorik pentsatu gabe, pentsioko txirrina jo nuen. Sarrailari hiru bat buelta eman ondoren ireki zidan atea nire adin moduko emakume batek. Lekurik ba ote zuen galdetu nion. Sartzeko esan zidan, eta sarreran eserarazi ninduen eskua sorbalda gainean jarri eta indarrez behera eginda. Han egon nintzen, hura harrera-paperen bila nora edo hara zihoan bitartean.
Katuak zebiltzan aulki eta mahai gainetan. Katu zaharrak ziren, ile gabetuak asko. Beltzak, beltz izandakoak, pintarrak eta gorriak. Sei bat kontatu nituen denera. Nire aulkiraino ailegatzen ziren, eta betizu alde egiten zidaten nik imintzio txiki bat egin bezain laster. Beirazko arasa bat bazen leiho ondoan, eta, barruan, katu disekatuak zituzten hainbat posturatan, sekulako hantxe, begira-begira geldituak.
Emakumea heldu zen paper zahar bat eskuan hartuta, baina, atzera, luma bila alde egin zidan. Azkenik betetzen hasi nintzen. Paper hura urtetan aldatu gabea zen, ikusterik izan nuenez, dataren lekuan 194_ jartzen baitzuen. Laua urratu eta seia jarri nuen paper horixkaren gainean, eta ia gelditu ere gabe, bata.
Prezioan konforme jarri ginen segituan, giltzak hartu eta nire gelara eraman ninduen. Atea zabaldu eta altzariak ikusi nituen. Ez nintzen harritu zaharrak ikusteagatik, baina bai denak estalita zeudelako berri-paper orriez. Denak, galeria beiradunaren aurreko kulunkaulki bat izan ezik. Andrea aurretik sartu eta berehala hasi zen paperak arreta handiz altzari gainetatik erretiratzen. Nik neuk kenduko nituela esan nion. Ez zidan kasurik egin. Boz gora errepikatu nion uzteko, gogoa neukala bakarrik eta lasai egoteko, bidaia luzea egina nintzela. Paper guztiak kendu gabe, ordea, ez zen gelditu. Denak bil-bil egin eta armairu barruan sartu zituen beheko apal txikian batere zimurrik eta tolesturarik egin gabe.
Ohe gainean etzan nintzen. Harritu egin nintzen etxekoandreak ez zizkidalako bertako arauak lerroz lerro aletu, beste pentsioetan ohikoa izaten den bezala, eta eskertu egin nion. Ohearen inguruan zeuden gelako gauza guztiak antolatuta. Hasteko ohea bikoa zen, ondoko mahaitxoa eta lanpara xaharra pantaila maiztu okertuarekin. Ohe buruan gurutzea, eta ezkerreko horman, hautsak eta berezko pintura beltzak jana, neska ijito baten aurpegia koadro batean. Horma berean zegoen galeria beiradun moduko bat, eta, haren aurrean, kulunkaulkia. Armairu bat arropa sartzeko, lanerako mahaia eta bizkarrekiko aulki bat.
Txosten bat egitera bidalia ninduen enpresak, Lyonera lehenbizi, Parisa gero; kideko lantegien martxa ikusi eta etorkizunari begira gurean aldatzea mereziko lukeenaren berri eman beharra neukan “zuzen eta zehatz”, ugazabak sarri errepikatzen zuen bezala. Lyongo esperientzia berri samarra neukanez, han hartutako oharrak-eta, biribiltzen hasi beharra neukan, eta horregatik abisatu nion andreari idazmakinaren hotsak enbarazu egingo ziola, beharbada; harengatik lasai aritzeko erantzun zidan, baina.
Ez nuen afaldu ere egin. Tren barruan ogitartekoa eta coca-cola bat hartua nintzen, eta edari hotzak edo ogi gomazkoak, bietako batek, kalte egina zidan. Biharamunean, goiz jaiki nintzen, eta katu disekatuen harrera-gela hura gosari-gela bihurtuta ikusi nuen. Han zeuden lerroz lerro lau katilu eta, aulki bizkar luzeetan eserita, bi gizon gosaltzen. Andreak adeitsu eman zizkidan egunonak, eta nire katilua seinalatu zidan. Esertzearekin batera fitxa hori bat kendu zuen katilu aurretik, seia ageri zen marraztua. Gelaren zenbakia. Gizon burusoil besobakarra neukan ondoan. Moztu zaharra izango zela pentsatu nuen, tresneria hura guztia erabiltzeko erakusten zuen abileziarengatik. Berak argitu zidan, bost minutu pasatu baino lehen: Gérard. Ancien combattant. Nik irribarre egin nion, berak ez bide zuen ulertu nire irribarre hura. Et vous?
Biajantea nintzela esan nion azalpen gehiago eman beharrik izango ez nuelakoan. Gosaria bukatzerako, asmatu behar izan nion, ordea, xehetasun gehiago. Ez naiz orain gogoratzen. Buruan egosi ahala luzatu nion gezurra gezurraren atzetik.
Kalera irten eta goiza paseatuz emango nuela erabaki nuen, foliotara joateko aitzakian, ez bainuen hurrengo eguna arte enpresara joan beharrik. Bazkaldu ere kanpoan egin nuen, eta bazkalosteko menta infusioa hartu ondoren, nire folio zuriak galtzarbean hartuta itzuli nintzen berriz pentsiora. Lanean hasi nintzen, eta ordubete egin nuen folio zuri bakar batekin, Lyongo xehetasunak jasoko zituen txostenari hasiera nola eman asmatu nahi eta ezinean. Halako batean, idazten hasia nintzela, andrea sartu zen gelan, edalontzi bat ur ezkerreko eskuan eta poltsa beltz bat eskuinean. Ez zuen ezer esan; baimenik eskatu, hain gutxi. Kulunkaulkian eseri zen, kanpotik zetorren argiari saihetsa emanda.
—Segi lanean eta ez arduratu niregatik —esan zidan gero, konturatu zenean hari begira-begira nengoela jarrita. Edalontzia leiho-koskaren gainean utzi zuen, eta hortzordeak aho zulotik atera eta bertan sartu zituen. Ordu arte zuzenean begiratzen banion ere, auzo lotsaz edo, nire orriari begira geratu nintzen.
—Erosoago egiten dut lan horrela.
Antiojoak atera zituen, orduan, zorro beltz batetik, eta plastikozko poltsatik hari-mataza eta orratzak aterata puntu eginean hasi zen, lasai-lasai.
—Hauxe da nire txokoa.
Nik harri eta zur begiratzen nion, baina ez nintzen ausartu handik botatzera, eta, hura han zela burutik kendu gabe, etsita, nire txostenari ekin nion. Zeharka bada ere, begiratu egiten nion kulunkaulkian eseri eta puntu eginean hasia zenari. Ez zuen ezertxo ere esaten. Puntu egin, hori baizik ez zuen egiten. Nik zerbait idazteari ekin nion nahastuta zeharo, zertan ari nintzen ere askorik pentsatu gabe.
Ordubete pasatu zen eta etorri bezala alde egin zuen, dena bildu eta bihar arte esanez.
Egia esan, ez zen badaezpadakoa nire asaldura. Erabaki nuen biharamunean etortzen bazen esan egingo niola zerbait, gelaz aldatzeko edo, eta ezezkoa jasotzen banuen, berriz, handik alde egingo nuela. Baina etorri zen biharamuna, eta han agertu zitzaidan, bezperako ordu berean, “berriz ere txokora” esanda, puntu egiteko tresneria alde batetik eta edalontzia hortzordea uztekoa bestetik. Horrela izan zen hurrengo egunean ere, eta ez nintzen ezer esateko gauza izan. Han esertzen zitzaidan lauak pasilloko erlojuan danba, harik eta bostetako kanpaiak entzuten zituen arte. Azkenerako, ohitu ere egin nintzen haren aurrean lan egitera. Nik txostena egiten nuen, eta hark jertse bat, urdin iluna. Beste zenbaitetan, gizonezko mudak edo galtzerdi orpoak pasaratzen zituen.
Aste hartan bertan, eta emakumea barruan zela, katuetako bat sartu zen gela barrura. Han ibili zen bueltaka, alde batetik bestera, paretak eta altzariak goitik behera aztertuko balitu bezala. Seguru-etxeetako prezio-finkatzaileek ez dituzte, seguruenik, gauzak horrenbesteko arretaz begiratzen. Hanka ondo-ondoraino etorri zitzaidan eta, ausartuko ez balitz bezala, buztana pasatzen zuen zapaten gainaldetik; azkenik, erantzun txarrik eta espantu berezirik erakusten ez nionez, jolasean hasi zen nire oinen artean. Nekatu eta, etzan egin zen luze mahai azpian. Atzera esnatu zelarik, nire lan-mahaiaren gainera egin zuen jauzi, eta orduan bai, zerbait esateko asmoa egin nuen. Baina aurrea hartu zidan emakumeak. “Mix!”, deitu zion. “Gizonari enbarazu egiten diok, ez duk ikusten ala?”. Katuak jauzi egin zuen behera eta atearen zirrikitutik alde egin zuen. “Jostarina da oso”, esan zidan, eta barre-azalez burua mugitzen zuen ezker-eskuin. “Je suis désolée”.
Komuneko leihotik barne-patio irekia ageri zen, zuhaitz bakarti bat eta belar ezdeus txarrak harlauza tartetan. Iluntze aldera, ilun-bistan artean, barne patioan ikusi nuen andrea inguruko katu guztiak bildu eta jatena botatzen, ogia eskuarki, ogi ezkoa, seguru asko esnetan bustia.
Txostena idazten aurrera nindoan eta emakumea ere bai jertsearen joste lanean. Bizkarraldea bukatu zuenean, faborez eskatu zidan zutik jarriko al nintzen neurriak ikusi behar zituela eta. Altxatu eta haren aurrera joan nintzen. Bizkarralde urdin hura nire bizkar parean jarri eta ezpain artean jostorratzak zituela, je suis désolée esan zidan, handiegi kalkulatu zuela. Desegiten hasi zen atzera. Norentzat zuen galdetu nion. Ez zidan erantzun. Désolée, désolée baizik ez zuen esaten, “dena askatu beharrean nago”.
Mixek ate ondotik sartzekoa egiten bazuen, xapi esango zion emakumeak haserre:
—Gezurra zirudik, Mix, horren setosoa nola haizen. Esana egiten ez duk ikasiko. Ez al diat esan enbarazu egiten dioala gizonari.
Orduan niri begiratu, eta barkatu monsieur berritzen zidan behin eta berriz, hozkia emateko moduko irribarre hortz gabeez.
Gosari lekuan gerlari ohiak mila bataila kontatua zidan ordurako eta, nonbait, bereak kontatzez nazkatu zenean, niri galdetu zidan Espainian ere izan genuela beste gerrate bat, eta ea ni zer eta nola ibili nintzen. Kartzelako garai gogorrak aipatu nizkion nik orduan. Gauerdiko argi pizte tristeak galerietan, eta zaindarien urrats-hotsak pasabideetan, isiltasuna eta tiroak goizaldean. Arreta biziz jarraitzen zituen agureak nire kontakizun odol girokoak. Anaiari gertatuak eta hari entzundakoak ziren denak baina; nireak balira bezala kontatzen nizkion xehetasun handiz, ezkutatuz, noski, ni neu garaileekin ibili nintzela Espainiako Gerran, eta alferez izatera ere iritsi nintzela gainera.
Elkartasunez edo, kontuen elkar trukean, zerbait esan behar zidala iruditu nonbait eta katuak disekatzen zituela esan zidan. Arasakoak hark disekatuak zirela. Zigor itxituratan ikasi omen zuen arte bitxi hura, naziek juduekin egiten zituzten saioetatik. Mediku baten zerbitzari ibili zela… Han ikusten zirenak ikusita nahikoa ongi, alemanez ere bai baitzekien. C’est la guerre, esan zidan.
Nik agurearen kontatu nahia aprobetxatu nuen, pentsioko andrearengatik galdetzeko. Arreta handirik gabe kontatu zidan zerbait haren senar zenaz, Espainiako gerran brigadista ibili zela eta han garbitu zutela. Emakumea nahastu samar ezagutu zuen berak, eta nazien laguntzailetzat salatu omen zuten Paris askatu ondoren.
Nire txostenarekin segitu nuen. Goizetan enpresara joaten nintzen, nire oharrak eta datuak hartzera, eta kanpoan zerbait bazkaldu ondoren, etxeratzen nintzen, eta lauetatik bostetara betiko bisita izaten nuen. Egun batean, ordurako hogei bat egun banuen etxe hartan, eta andrea alde egina zela eguneroko bisitalditik, katua sartu zen galeriako beira zabaldutik barrena jauzi eginda. Bihotza itzulikatu zitzaidan. Pixka bat lasaitu nintzelarik, tox-tox esanez lortu nuen nireganatzea, hasieran oso zalea agertu ez bazen ere.
Esku ahurra pasatu nion buru gainetik buztaneraino, gutxien espero nuenean, ordea, harramazka egin zidan esku gainean. Hiru lerro gorri. Herrak itsututa, lepotik heldu nion, eta estutuz-estutuz neroni beldurtzeko moduko indarrez, harramazka eta zalaparta egin zuen, baina bertan gelditu zen hilda.
Bizirik gabeko izaki beltz hura aulki gainean utzi nuen, eta nire burua ispiluan begiratuta, konturatu nintzen odola egina zidala. Beste hiru lerro gorri aurpegian. Berehala garbitu eta alkoholez igurtzi ondoren, komuneko leihotik begiratu nuen gortina atzean erdi ezkutatuta; han ari zen andrea katuei jatena ematen. Nik ez nekien zer azaldu behar nion katuari buruz, eta pasabidean etzanda utzi nuen, berak zerbait esango zidalako esperantzan. Aitzakiak bilatu nituen mila. Atezuan egon nintzen ate atzean, andrea noiz itzuliko. Kanpoko atea zabaldu zenean urratsak sentitu nituen, eta halako batean:
—O, Mix! Esan nian, Mix, ez hiola enbarazu egin behar gizonari. Esan eta esan ari nauk eta ez baitu balio.
Gau hartan ez nintzen gelatik irten.
Andreak, ordea, ez zidan inoiz hitzerdirik esan, ez biharamuneko gosarian ez aurrerantzean ere.
Ez zuen inoiz huts egin nire gelan zeukan lauretako hitzordua. Jertsearen bizkarraldea konpondu zuenean, saihets aldeak hasi zituen. Haiek bukatu zituen, eta mahukak gero. Makinaren aurrean jartzen nintzenean, mila galdera etortzen zitzaidan gogora.
Halako batean, gauzak nola ziren ikasteko asmo sendo betea hartu nuen, eta izan nuen nahikoa bihotz senarrarengatik galdetzeko. Oso egoki betiere erantzun zidan senarra gerran hil ziotela. Espainiako gerran, eta haren deskripzioa egin zidan irribarre oroiminezko bat ezpainetan. Boluntarioa izan zen nazioarteko brigadetan, eta bazuela argazki bat harena, erakutsiko zidala. Hortzordea aho zuloan jarri eta, gelatik irten zen. Argazkiarekin itzuli zen handik bost minutura. Bat-batean bihotza itzulikatu zitzaidan berriz, nahi gabe. Argazki horia zen. Arboladi bat ageri zen atzean, eta, erreka batean hankak garbituz, bi gizonezko, bata soldadu jantzian, zutik, eta bestea, argazki-makina hartuta, mahukak beso zuztarretan bilduta eta jaka gainean eserita. Ni neu nintzen soldadu jantzian zegoena. Oroitzapen zahar atzenduak berritu zitzaizkidan burmuinaren alderdirik ezkutuenetik.
Itoak denborarekin ur azaleratzen diren bezala.
Marcel kazetari gisa aurkeztu zen gure artera Ebrokoa baino lehenago gureganatua genuen Teruelgo komentu hartan. Alfereza nintzen ni eta konpainia baten ardura neraman, tenientea falta zelako. Agintariek nire kargu utzi zuten gizon hura, frantsesez banekiela eta erakutsiko niola esanez, mundu osoan zabal zezan nolako soldaduak zituen Francok.
Pertsona egokia iruditu zitzaidan Marcel traturako, aise egin genuen ezagutza. Hilabetez inor pertsona bat ezagutzera iristen ez bada ere, datu fidagarri asko ikasten dira, are egoera larrietan. Luze hitz egiten genuen ordu arte egindako irakurketez-eta oheratu aurretik, frentera noiz joango ginen esperoan ginela.
Behin, ordea, guardian nintzela, guardiako subofiziala etorri zitzaidan argi batzuk ikusi zituela-eta koronelaren bulegoan. Hara joan ginen, eta, atea zabaldu genuenean, leihoa zabalik ikusi genuen eta errainu bat handik barrena aldentzen lasterka. Jarraitu genion berak hartutako bide beretik eta, azkenean, harrapatu egin genuen. Marcel zen. Neu bakarrik izan banintz, ez nion ezer esango. Sarjentua, ordea, lekuko zen, ezin nuen atzera jo. Bertan lotu genuen. Hurrengo goizean agintarien esku utzi nuen dena. Hala ere, esan ere egin nien ez zitzaiola ezer aurkitu arropen artean eta beharbada bizirik baliagarriagoa izango zitzaigula.
Nire saioek huts egin zuten eta hurrengo goizaldean fusilatu zuten. Pelotoiari aginduak neuk emateko esan zidan kapitainak. Viva la República! garrasi eginez erori zen. Eta ni behartu ninduten azkeneko tiroa buruan ematera.
Saiheska begiratzen nion andreari, baina hark, ezer konturatu ez balitz bezala, senarraren gorabeherak kontatzen segitu zuen. Ba ote zekien ezer? Nirekin jolasean ari ote zen? Nire ardura guztia zen ikustea, hogeita hiru urte pasatu eta gero, argazkikoa eta ni nahikoa ezberdindu ote ginen. Bizarra daukat orain, eta ilea azkar urdindu zitzaidan behin gerra bukatu eta gero. Kontsolatu nintzen pentsatuz andreak ez ninduela ezagutu; hala ere, ez nengoen batere lasai.
Berehala saiatu nintzen solasaldia beste alde batetik eramatera, eta andrea ere orduan konturatu zen inoiz baino denbora gehiago egon zela nirekin, eta katuak zain edukiko zituela ordurako.
Irten zenean, pentsatzen aritu nintzen. Orduan ulertu nuen zergatik egin zitzaidan ezaguna, enpresako ugazabak eskaini zidan pentsioen gida hartan, izen hura. Hôtel Virenque, rue Mouffetard. Marcelek esana zidan behin baino gehiagotan.
Gauean, armairua ireki, eta, aurreneko egunean horren arta handiz bildu zituen berri-paper orriak atera nituen mahai gainera. Banan-banan hasi nintzen irakurtzen. Parisko askapen egunaren ondoko sasoikoak ziren. Berri ugari ageri zen. Eta tartean sute bat rue Mouffetarden, Virenque hotelean.
Papera hartu eta taxidermistaren gelara joan nintzen. Atea jo eta, berehalako batean, barrutik, andrea irten zen arin-arin, désolée, désolée esanez eta kolkoko botoiak lotuz. Ohea desegina zegoen eta gizon besobakarrak galtzontzilo luzeetan hartu ninduen, harridura begitartean marraztuta. Elkarri begira egon ginen une batzuk. Mahai baten gainean Mix ikusi nuen sabel aldean ebaki handia egina, eta, tresneria askoren ondoan, lasto pila bat aldamenean zuela. Désolé errepikatu nuen hurrena neuk ere, eta alde egin nuen.
Ezin nuen gehiago jakin-minarekin.
Hurrengo goizean, haiekin topo ez egiteagatik kanpoan hartu nuen gosaria. Arratsaldean, gutun batekin etorri zen andrea. Aurreko arratsaldeko konturik ez zidan ezer aipatu. Senarra hil aurrean, idatzi zion azken gutuna irakurtzen utziko zidala esan zidan. Beldur nintzen nire izena ageriko ote zen non edo han. Horregatik, goitik behera begiratu nuen lehenbizi, irakurri gabe, nire izenaren bila. Lasaitu nintzen orduan, eta irakurri aurretik gutuna eskuetan hartuta, berri-papera eman nion eskuetara, batere beldurrik gabe oraingoan. Ulertuko nuela ezer esaten ez bazidan, baina berri hura ikusi nuela eta ea zer ote zen. Orduan esan zidan, gizon ilehori altu batzuk etxean edukitzeagatik izan zela dena. Oso gizon jatorrak, hitz egiten zutena ongi ulertzen ez bazien ere. Uniformea lisatzen ziela eta gustura asko garbitzen ziela arropa eta bestelakoak. Egun batean, ordea, alde egin behar izan zuten. Jendea igo zen orduan etxera, eta kalera atera zuten etxekoandrea arrastaka. Ebaki-ebaki eginda utzi zutela, ilea moztu eta isekaz tratatu zutela, ondoko kaleetan barrena paseatuz. Etxeari su eman zioten gainera. “Eskerrak Gérardi, hari esker jasotzerik izan dut berriz hau guztia”.
Baina kontu haiek alde batera uzteko eta gutuna irakurtzeko esan zidan. Gauza normalak esaten zituen. Edozein senarrek emazteari esango lizkiokeenak horrelako egoera batean. Bukaeran, eskerrak ematen zizkion azken galtzerdi parearengatik eta jertse bat eskatzen zion “inola ahal balitz”, negua gogorra izango zela eta.