Bizi nizano oroituko naiz ene herriko itzegileaz, hunen lantegiaz, hunen zakurraz.
Agerreko nausia zen. Lekorneko plazan, berrogoita zenbeit urtetako gizon sekail ginarri bat, errea; laborari-etxe goriko buruzagi zelarik, itzegilea ofizioz.
Etxe aitzinean zagoen lantegia, erregebidearen gainean. Egun guziez eskolatik lekora, egun guzia kasik ortzegunetan, han nintzan ene adineko bertze mutikoxka batzuekin. Alta ez baitezpada esker ona egiten zaungulakotz Agerrek! Gizon kexua zen, berriz ere diot, ele gutirekilakoa. Ardura idorki manatzen ere zaungun erabil ginezon hauspoaren giderra, lan nekea baitzen hori gure beso ttipientzat.
Lantegia hala-hulakoetarik zuen, dena aroztegi bat iduri: harrizko pentokaño baten gainean sua bere kebidearekin; haren sahetsean hausko handiak; aitzinean aska bat urez betea, behar orduan burdin gorrituaren iraungitzeko; hegi batean estoka, erdi estoka, erdi ungide, bere ezpain lodien artean xilo hertsi biribil bat zaukana; harateko xokoan, lurrikatzaren meta, beltz dixtirant; ateari hurbil, paxet batzuek jasaiten zituztela, burdin-ziri mehe andana bat.
Lau seme bazituen gizon harek, ene heineko, enekin ardura zabiltzanak, aneia batzu bezala maite bainintuen. Ez uste ukan bizkitartean heiengatik ere nindoala hain maiz lantegirat.
Itzegile bilakatzeko tirriak hartua ninduelakotz ote? Egiaren den bezala erraiteko, biziki ofizio pollita zitzautan. Eta errexa. Behatuaren ariaz, ikasia bezala nuen jadanik. Aski zen, ezkerreko eskuaz burdin-ziria atxikiz, hunen muturra suan ezartzea, han idukitzea gorri-zuritu artio, eremaitea gero ungidearen gainerat, hemen eskuinaz mailu ukaldika mehatzeko, biribiltzeko, xorroxteko, azkenean xilotik sartzeko. Mozten zen, eta xilo barnean gelditu poxiaren buruari emanak zitzaizkon gain-behera lau aldetarik lau ukaldi, ordutik katxet jartzen baitzen, eta kaskaño batez igortzen baitzinuen, beltz-urdin, hoztua, eskalapoin itze, bil-untzirat.
Eta zer sosak ez ziren irabazten! Anitz aldiz aditua nakon erraiten amari, hau ere harriturik baitzagon:
— Agerrek egun guziez bortz liberakoa garbi ateratzen du… Agerreko andereak bortz liberako ederrik bazien sakelan, hondarreko merkatuan ere…
Nonbait izan behar zen zerbeit, ezen itzegileak etzuen iduri baziola etxeko laborantxari eskerrik.
Ezpeletako merkatuan zeraman bere saltzapen izigarria, hamabortz guziez. Mahain baten gainean ezar bakotxa bere untzian katxet mota guziak, eta erostuner emaitea aski sosean hunenbertze. Beti joaitea ba katxetek, konda ahala, ikus ahala: zenbat zenbat, eskalapoinak berex, klosken berentzat! Eta bertze egilerik nehor ez Eskual Herri guzian, Bastidan baizik!
Ba, itzegile jarriko nintzan handituta. Itzegile edo apez, hau ere ofizio goxoa baitzitzautan.
Bainan ez nuen baitezpada oraino geroaz halako grinarik. Bertzerik nerabilan buruan eta bertzerik zen Agerreko lantegirat egun guziez hain gogotik ninderemenana.
Sartu eta berehala, hunaindiko xokoan, ikusiko zinduen errota bat gaitza, haxaz bi ernai xuten gainean, errota bat gogorki zabala, bere bi mazeletako zirien artean huts bat baitzaukan. Haxari zatxikola bazuen zur makila bat; hunek, errota itzulikatzen zenean, baitzerabilan hausko handiaren goiti-beheitia. Eskuzko erabiltzaleak bakan baitzituen hauskoak, errotari zagon hunen alaraztea.
Bainan nork higi errota? Ez zabilken alabainan bera!
Zakur batek. Karno, etxeko zakurrak. Kokatzen zen errotaren barnean, eta han besoez bermatzen zelarik eta zangoez iduri aitzinatzen, tokiaren gainean zagolarik bizkitartean, bere azpian ibilarazten zuen errota, itzuli, itzuli.
Karno bere errotaren barnean bere aztaparrez joka, ez nindaken ase hari beha egoitetik. Harengatik nindoan, orai aitortzen dautzut, hain ardura Agerreko lantegirat; bertze deusetako.
Nausiarekin zen goizetik hasten lanean Karno, arratsean harekin gelditzeko. Otorontzetako tenoretan ere baratzen zen, guziz eguerditan, hamabietarik biak artean; bere teian, ateari hurbil, loaldia egiten zuelarik itzegileak bezala.
Akitzen zen gaizoa eta, gehiago dena, pastikatzen naski; ezen ardura jausteari zagon, hatsaren hartzeko, jabaltzeko lurrean etzanik egonez. Nausiaren kexua lan hori egiten zakonean! Zume batez zafratuz, oihuka, larderian igortzen zuen berriz errotaren barnerat; bainan bizpahiru itzuli eman orduko huna egundaino bezala zakurra beheiti, jauzian.
Kabalek badakite gizonak baino hobeki beren indarraren izaria, eta ez dute gainditzen. Itzegileak, ohartua bide zelakotz horri, barkatzen zakon bere lau zangotako lagunari; eta hunek indarrak bildu artio, guri zagon, niri edo haren semeer aldizka, hausko giderraren erabiltzea.
Bainan ahal bezain laster hurrantzen nintzakion zakur maiteari. Urrikalgarria zen zinez, hatsantuarekin sahetsa goiti eta beheiti zerabilala, mihia luzatua, hunen axaletik lantxurdan odolaren bafada bazoakolarik. Perekatzen nuen, lausengatzen, deitzen bere izenaz: orduan, gozoarekin, higitzen zuen buztana, behatzen zaundan begietarat eskerren emaiteko bezala; adixkide min bilakatzen ginelarik zerbeit hortzen arterat emaiten nakonean, ogi puska, gasna, gaztena, orotarik on baitzitzakon. Bainan, sinetsiko nuzu nahi baduzu, ez zuen laket horrela alfer egoitea luzaz; indarrak berritu zituen bezain sarri, jauzi batez igaiten zen bere errotaren barnerat.
Zakur pollit, langile, maitagarria, kabalaren itxuran jendearen gogoeta gehienak zerabiltzana!
Nausiak, jorik ere artetan, nik bezenbat maite zuela uste dut. Hasteko, ezontsa jartzen zenean, manatzen zuen etxeko emazteer ont zezoten bazka hezur gehixagorekin.
Maina horien guziengatik horra non, egun batez, atzemaiten duten bere teian Karno betezpalak eroriak, begia hits, ilea latz. Ez nahi xutitu. Deituz ere, ala zerbeit eskainiz, ezin higiaraz buztana baizik. Hiru egun handiz haren ordain ufatu ginduen sua Agerreko semeek eta nik, aldizkatu.
Laugarren egunean, goiz-goizetik, bazabilan haurren mihietan berri hau, orori halako bat egin baitzaungun: itzegilea, ikusiz zakurra behingotz eri zuela eta ez nahiz sehirik hartu, Bastidarat joana zela bertze zakur baten bila.
Ez nintzan agertu lantegirat, erranguran nolakoa etorriko zen Karnoren laguna: eder eta azkarra agian, ernea, eskuetako errexa, ez ausikikaria, hain urrundanik heldu zenaz geroz! Bastida urrun hartan ba ahal ziren holakoak, hainbertze aldiz aipatuak zauztaten itzegile heien baitan! Hura lanean ariz senda zadien laster Karno gaizoa.
Biharamun goizean, jaiki nintzan orduko, aitak erraiten daut idorki:
— Ez hadila joan egun Agerrerat. Aditu duk?… Oroit nik erranaz, Juaneito, ederrak hartu nahi ez balin badituk.
Debeku horrek anitz gogoetatu ninduen. Zendako egin ote zaundan aitak? A! zerbeit izan behar zen erran nahi ez zaundanik! Eskola hastekoa baitzen oraino, inguru handi bat eginez banoa erdi gordeka Agerrerat.
Oihuka, seme gehienak ez ninduen utzi lantegitik hurbiltzera. Etxe aitzin guzia plazako gizonez betea zen. Harritu nintzan hondarra, ikusi nuenean Karno jauzteka ari bere esteka hausterainokoan, erotua. Ez zaundan behatu, ez ninduen gehiago ezagutzen, ez zuen ezagutzen nehor. Zalapartaka zabilan, jo harat, nahasiak, haguna zariola ahotik, ile-ondoak xutik. Berehala nausiak, hogoi urratsetarik, tiroaz aurdiki zuen.
Errabiatua zela erran zautaten etxeko ene haur lagunek, miresten zutelarik aitak nola kausitu zakon eta zilatu burua erdiz erdi.
Ene bihotzmina eta nigarrak!… Ez dut ukan, arimaz egia, ene bizian, nahigabe saminagorik.