Gaur dira bederatzi urte irakurri nebala Irurak-bat deritxon eguneango paperean: «Donostiako zezenak ikusi nahi ditueenak era ona daukee, bada bihar goizeko egunsentian Arietzatik urtengo dau Madrilko Uri izeneko bao ontziak, eta etzi gaurdiko orduan handik bihurtuko da ona lau ordurako, uri polit hartan egun bi eginik».
Jai biren helduera, erdi dubazko joan-etorria, eta Donostia ikusteko gogoa, mugonegiak ziran ni baino buru astunago batek bere eskuetatik ihesian itxiteko.
Denbora gitxigaz zeregin askorako, eta diru gutxiagoaz aldean, begien iragi-itxi baten joan nitzan Bilbora, eta gaua izar aurrean eginik, ondino ilunez, Madrilko Uria-n nere gorputz gaixoak atzeko bazter baten bilatu eban, eta handik lau edo bost txistuka jorik, urten ganduan birehun batzuek, piesta zale handiak, beste hirurehun ikuszaleen artetik ajuju ez txikiak haizeari emonik.
Ibaizabaleko ur geldiak atzean itxiten genduzan artean, nire piesta lagunak erabileen poza ezin sinistu lei, guztiak bada, euren ustean, urte txarretik, esanan bidez, atarako ebeen sabela pozaldi itxasozko joanera hatan.
Serantes nausiaren punta ez genduan ostean itxi oraindino, agertu ziranean sartaldetik hodei pila itxura beldurrezkoak, eta bertan batera tximist eta trumoi ikaragarrizkoak. Gainetik geunkan haize hain gogorra eta euri hain ugaria, ze uste genduan zeru osoa geure gainera etorrela. Jagi ziran azkenerako mendiak lako olatuak, eta honeen artean ebilen bao ontzia batetik bestera, goitik behera, intxaur azala baino arinago. Lixiba soineko baino bustiago, erdi itota beroagaz, itsas-joagaz galduta, pozaldi joazaleen baino gaixo dirudia geunkan guztiok.
Ondarroako badiaren aurrean gelditu ginanean jagi nintzan etzanda negoan tokian, eta dinpela eskuan harturik Antiguako eleizara begiak ipinirik, agur egin neuntzan nire ume denborako leku guztiei, malko sendoak begietatik urteten eustezela, bada eleizatzean hobiratuta egoan neure aitaita maitea.
Alboan neukan lagun batek itandu eustan zer esan nahi ebeen egin nituan gauzak. Erantzunez Ai! handi bat emon neban, eta atzera lehen lez jarririk, esan neutsan:
— Nire malkoak eta nire agurrak umetako izanak gaitik agertuak dira. Gaur lako egun baten nire amonak egistu eustan irakurle miragarrizko bat eleiza haren aurrean, eta orantxe be uste dot ikusten dodala zelan altzoan neukan irakurgai ha egistatuten eban artean, musu batzuk bitartean emonda.
— Ze irakurgai da bada hori?
— Gogorik badaukazu neure berbeta motelean entzuteko, Donostiara helduagaz egistuko deutsut, orain bada ez neuke, nahi baneu bere, erarik hartuko, hain orapilduta daukat bihotza, eta galduta burua, olatuen gora-beherakaz.
Gauza guztiek daukee mundu honetan bere amaiera, baita bere gure kalbarioko bideak. Heldu ginan bada Donostiako urira eguerdiko inguruan. Urten genduan Madrilgo Uritik Jaungoikoak eta donostiar txalupa gizonak nahi izan ebeen legez, eta lurrean behin oinak ipinirik, nire laguna eta ni sartu ginan Itsaldeko Kapean.
Zezenetara joan beharrean, hartu genduan biok Eubako komentuko bidea. Igon genduan aldats biguna, eta heldu ginanean komentu aurrera, pozez beterik ikusi ebeen gure begiek aurrean geunkan Loiolako ibarraren iduri ederra. Eseri ginan arbolaz ingurutako zelaitxo batean, ezkerrean geunkala Loiolako ibarra, eskuman mendien katea, eta aurretik Donostia jaiez apaindurik, eta han urrutian itsaso zabala.
Orduan esan eustan lagunak:
— Eskinia….
— Zorra da —bertatik erantzun neutsan, eta aurrez aurre jarririk, halan hasi nintzan.
II
Hiru ordu barru zazpi urte joanak izango dira Antiguako kanpaiak ondarrutarrei deiten eutsela Salberako. Itsasgizon guztiak etorri ziran egun hartan bestetan baino goizago. Arratsaldeko ordu bietatik herri guztia ebilen alde batetik bestera biharamuneko jai handiaren sentian. Zahar eta gazte, emakume eta gizonak Antiguako aldats garratza igoten hasi ziran. Neure amona zaharrak, apari tresnak Jesus baten garbiturik, neskatxa bat egina, eskutik oratuta eroan nituan aringa aldats gora. Eleiza azpira heldu ginanean, ozta-ozta sartu ahal izan genduan halako jende tartean, eta behin eleiza barruan, entzun genduan Salbe santua, zeruko aingeruak baino obeto kantatua, Ama Birjinaren arpegian gure begiak ipinirik. Salbea amaituta, jendea urteten hasi zanean, sartu ziran korupean gizon butzuk eskopetakaz. Itandu neutsan amonari zertara etozen halan gizon hareek.
— Goazen kanpora eta han esango deutsut.
Eta bertatik urten genduan eleizatik, eta jarri ginan eleizaurrean egoan intxaurpean, eta halan egistuten hasi zan:
«Gaur lako egunen ilunabarrean gure antzinakoak etorri ziran Salbera, Ama Birjinagana bihotzak amodioz beterik. Gaur legez eleizia guztia argiz beterik egoan:
Birjina Santaren arpegian zeruko eguzkiaren argitasunagaz distiratuten eban, ederturik bera eta semearen jantzi urre hariz loratuakaz, eta urregorri garbizko koroiakaz, Ondarroako seme batek, aita done Agustinen ereinular, Kilipinetako ugarteko komentutik eskini eta bidalduak. Salbea entzunik, jatzi ziran guztiak eureen etxeetara, biaramuneko jaian oroitza ipinita.
Gauerdiko lo gozoan egoazala, esnatu zan uriko jende guztia Antigoako kanpaien hotsorro gogorragaz; gizon bat legez, urten ebeen kalera erdi jantzirik, eta itanduten eutseken alkarri:
— Zer dago Antiguan?
— Zer esan nahi dau kanpai hotsorro hain gogor eta jarraituak?
— Goazen hara!
Eta gizonak eta emakumeak korrika ahal guztian igon ebeen aldatsa, eta, erdi itorik arnasa ezin eginik, ikusi eben, miragarrizkoa, kanpai biak, eurak bakarrik hotsorroten ebela. Eleizako atea zabal-zabalik egoan, baita altarako argi guztiak biztuta, eta eleiza barruan hiru gizon, guziz itxura txarrekoak. Bata, urbedeinkatu ontziaren alboan egoan, bestea eleizerdian, eta hirugarrena altara gainean Ama Birjinaren koroiari oratuten eutsala ezker eskuagaz eta Jesus umearenari eskumakoagaz, eta hirurak zirkin ezin eginik.
Uriko alkatea deituagaz, eratsi zituezen uraistegira, eta ikaragarrizko legautsia ezagutua izan zanean handik, egun batzuetan eroan zituezen han gure aurrean dagon mendi gainera, estu-estu loturik, eta han hil zituezen, hanka bat saman oropildu eta arbola adar baten loturik. Txarto dabiltzenak, txarto amaituten dabee. Hiru lupur gaiztoen soinekoak eurren makiletan ipini zituezen eleiza honen uztaizinetan, eta oraindino soineko honeek ikusi leikez gaurko egunean ipini izan ziran tokian.
Handik hona lau gizon eskopetadun etorten dira urtean-urtean, uriko Bilgumaren aginduz, Ama Birjina gordetzeko halako lapurren eskuetatik».
Eta hau esanagaz jagi zan, eta ni bere, jarrita egoazen tokitik, eta biok egin genduan aldats behera, ozta bakarrik, bada jenderik gehiena ordurako jatzi zan urira.
III
Irakurgi hau neure lagunari ezagututen emonagaz, begiratu neban itsasgainera, eta ozta-ozta ikusi ahal izan nituan eguzki sartzaldiaren azkeneko ziargiak. Orduan esan neutsan:
— Jatzi gaitean urira: hara heldu orduko, zezenetatik urten izango dabee.
Eta bertatik agur bihotzeko bat eginaz Eubako komentuari eta hango inguruetako mendi eta zelai guztiei, bihurtu ginan Donostiara bakoitzak bere bizitzearen oroipenak gogora ekarriaz.
Egun haren eta arratsalde haren gogoak ez dau hain errez niregandik ihes egingo.
* * *
Urte asko joan dira beti-betiko ezkutuetara, baina ni zaharra izan arren, bihotza poztutzen jast gure euskera ederrean irakurten dodazanean Donostiako Bilgumaren Pestagiari Aldimaitzak bidaldu dostan, eta esker asko emoten deutsadaz, han ederto esandako bitzerak; eta poz handia hartuko neuke irakurgai honek, haren ustean, baliorik baleu parte hartuteko uri hatan izango diren euskal hikuntzaren jostagudan eta bertsolarien bilkidan.
Nahi izan neuke bidaldu Aldimaitz-jaunek merezi daben irakurgai, upin, lan edo moldaera on bat, baina jaun hareek gehiegi dakiee, eta ezagutuko dabee berehala zer emon leikean berandik baserritar ilun batek, bizkaitarren artean azkenengoa, erdaldun tartean sartua, behin edo behin baino euskeraz egiten dabena.