Mozoloa

El doctor Peru Abarca, 1881

Antxina-antxina baten jaio zan mozoloa luma baga, motz-motzik edo bilosik. Egoan lotsatuta arpegirik emon ezinda.

Hasi zan uluka.

Batu zirean uluetara txori asko: ingiratu eta itandu eutseen, zer eban.

Erantzun eutseen:

— Zer izango dot? Ez nakutsu danau moztuta, luma bat baga? Hotzak igaro behar nau, eta ez daukat arpegirik egunaz urteteko; gautxori izan beharko dot neure bizitza guztian. Emoidazuez arren bakotxak lumatxu batzuk; jaioko jatzuez barriak, eta ez jatzue igarriko gitxi batzuk kenduagaiti.

Errukitu zirean; emon eutseezan luma ahalik onenak eta ederrenak.

Halango baten urten eban bere zuloti txito ederto jantzirik. Harrotu zan dana hain apaindua burua ikusirik, eta esaten eutseen beste hegazti eta txoriai:

— Ez dago zuen artean ni baizen ederrik. Begira nire luma bete eta ederrai.

Egin eben beste txoriek euren batzarra, eta zinoen “Zer? Lotsatuko gaituala guztiok zantartzarrak? Ez dago bera baino itsusi eta ezainagorik, bere arpegi eta korputzean. Geurea da daukan luma jantzi ederra. Erantzi daigun.”

Esan eban kurriloiak:

— Hobe izango da lehenago mandatu bat bialdutea gure aldetik, eskatuten jakozala atzera emon jakozan lumaak, eta neu izango naz mandatari.

Joan jakon kurriloia eta emon eutsan mandatua.

Mozoloa larritu zan, eta damutu jakon harrotasuna hartuaz inoren mesedeakaz. Ihes egin eban ezer erantzun baga. Harik hona dabil ezkutuz, burua egunaz agertuten ez dabela beste txorien beldurrez. Nozbait urteten badau, darraikoz txori asko euren lumaak kendu gurarik, eta daroa bizitza bakar bat, eta hau, bere harrotasunaren dongakeriagaiti.