Erramon gudaria

Ipuiak, 1953 / 1924

I

 Etzetorren belakuan gure mutilla. Zortzietako emen zala gaztigatu, eta bederatziak joak diralarik agertzen ez. Etxe hartako iskanbila ta nahaspila! Nork isilik eta geldik eukiarazi gau hartan umeak? Izan ene, maite zuten beren osaba Erramon gudaria!

        Basetxeko leihoetan badago norbait zazpietatik ezkero herriko bideari begira eta begira. Hamaika aldiz, gudariren bat bidean ageri dala eta, “Bera da, Erramon da” esanaz erakarri dituzte umeak, leiohetara pozaren pozaz etxeko danak. Eta zenbat bider berak buru-bihotzetan daukaten huraxe dala ere  sinistu! Batzuetan gainera, zaharragoak dira, bera dala eta bera dalari gogotsuago ekiten diotenak, handik laister, Erramon ez dala eta, atsekabetzeko.

        Hau mundua! Zenbat aldiz uste ohi degu begiak dakustena, bihotzak izatea nahi lukena  dala! Bai dala egia, gizona itxaropenez bizi ohi dala..!

        Baina hamarrak dira eta ez da mutila inondik ageri. Ama, batez ere, kezka gogorretan jarri da. Etortzen laga ez ote dioten, bidean zerbait gerta ote zaion, eta abar… Ama bihotzak bakarrik, horrelakoetan, esaten dakizkian beste maite kezkarik asko. Etzan, noski, etxe hartan giro: bazan zer esana, egon ezina eta buruhauste pranko.

        Andik laister, horratikan, zakurraren zaunga zoliak eta gazte baten oinkada edo pauso sendo batzuen hotsak baretu zuten itsaso nahastu hura. Hango poza sukaldean Erramon ikusi zutenean! Gazte trinko eta lerdena da bera. Eri edo gaixo egon danaren ezaugarriak dakarzki bere arpegi horixkan eta matrail hezurretan. Frantziako gudari soinekoz jantzia dator.

        Amak maite laztanez besarkatu du  pozaren pozaz negarra dariola; umeak gerritik zintzilik jarri zaizkio, «Osaba Erramon, osaba Erramon» behin eta berriz diotela.

        — Ongi makaldu haiz gizajo hori —dasai  bere anaiak esku bat gudariaren sorbalda gainean ipini eta begiz begi oinetatik bururaino begiratuaz.

        — Eta pozik honela natorkizutenean. Hamaika erori dituk hankaz gora gehiago ez jeikitzeko… Eta oraindik, guda madarikatu hau bukatzerako eroriko ditukenak, anai.

        — Baña, mutil, exeri adi, or tente egon gabe, nekaturik etorriko itzan-eta, —esaten dio amak maiteki. Ta gero neskameari:

        — Mari, ipini zan mahaia lehenbailehen aho zabalik begira egon gabe; gero ere kontuok jakingo ditun, bai.

        Batek galdera bat, besteak beste bat, orain ume bati muxu eman, gero bestea belaun gainean jarri, etorri zan apaltzeko garaia.

        Apaltzen ari diran bitartean, gudari honen eta bere etxekoen berri eman behar dizut, irakurle, honezkero jakin minez edukiko zaitut eta, seguru aski.

        Laburdiko basetxe batean gaudela igarriko zenion, noski, eta gudari hau basetxe hontako semea degula ere bai. Ama, alarguna aspalditik, hirurogeita hamar urtetik gora dihoa, baina, amona gordina dago oraindik; seme zarrena, etxera ezkondua, emaztea eta lau seme-alabakin ; eta Erramon, ezkongaia, Frantziako gudari orain dana; eta neskamea: hauexek dira bertan bizi diranak.

        Lehen ere, gudaritza edo soldaduzka egina zan Erramon, eta auzoko baserri on batean, bertako alaba bakarrarekin  ezkontzekoa zana laister. Baino, ezkon deiak egiteko aurreko astean, berriro gudaritzara, bere asmo hoiek ondo lagata, joan beharrean arkitu zan. Alemandar eta Frantzitarren artean gudate gogorra sortu baitzan. Europako guda, 1914garrenetik 1918garreneraino iraun zuan guda odoltsua.

        Garai hartakoa dezu, ba, nere ipui hauxe.

        Doixtarrak edo alemanak Belgikatik barrena Frantzian sartu ziran. Hilabete barru gudatea bukatuko zalakoan zeuden asko eta asko. Baina, Ingalandarrak eta Prantzitarrak Paris inguruetan indar ikaragarriak bildu zituzten, eta doixtarrai handik gogor eginaz, aurrera igarotzen etziten utzi.

        Bi urte zeramazkian gure Erramonek aurreko lerroetan kementsu burrukaturik. Bere izena gudari zintzoen eta bulartsuen artean aipatzen zuten beti agintariek: eta sari goralgarri batzuen jabe ere egin zuten. Bi urte hauetan osasuntsu ta zauri bat ere gabe ibiltzeko zoriona izan zuan. Gero, Marneko lubakietatik edo trintxeretatik irten, eta prantzitarrek egin zuten aurrerakada bizkor hartan, bala batek jo, iztarrezurra pitzatu eta odola mara-mara zeriola, basoko zulo batean gelditu zan korderik gabe.

        Handik laster, zaurituen bila zetozenek  hori-hori, odolustuta, hil zorian arkitu zuten. Baina, gogorra izan, horratik, mutila, eta hilabete batzuk Gudari-Gaxo-Etxean egin ondoren, hainbestean jarri zan.

        Bere herriko haize osasuntsuaz indarberritu zedin, etxera aldi baterako joateko baimena eman zioten. Hara handik laister amari egin zion eskutitza:

 

        Ene amatxo maite-maite hori, agur: Alaituko zaituztela uste det nere gaurko albiste honek, Eguarri-Urteberriak aurten zuekin igarotzeko zoriona izango det, Jainkoa lagun. Oraindik makal samar nagola eta, horko talo esneaz indartzera noakizute. Gerratean zintzo eta kementsu orain artean jokatu detelako ere, mesede hau egin omen didate. Baina, hontaz eta beste mila kontuaz, horreratzean mintzatuko natzaizute. Hil honen 15ean, arratsaldeko zortzietarako hor nauzute, beraz, Jainkoak hala nahi dualarik. Agur, eta ordurarte. Eman lehenbailehen Malentxori honen berri.

Zure seme, Erramon

 

        Ez da esan beharrik, Erramonen etxean eskutitza honek sortu zuan poza, ezin adierazi ainakoa izan zala.

        — Hi, Josetxo —esan zion amonak lehenengo arrapatu zuan bilobatxoari—, hoa lehenbailehen Malentxorengana eta esaiok nik esan diatela belaxe nigana etortzeko. Bai ote dakik gero, nun bizi dan?

        —Ez, zera? Makina bat goxo jan ditut berak emanta.

        Eta mutilak bideari laisterka eman zion bitartean, Andre Mariaren irudiaren aurrean belaunikaturik, begietatik negar malko gozoak zerizkiola, bere seme hura ez zezatela gehiago bere albotik kendu eta eraman, arren eta arren eskatu zion Zeruko Amari.

        Etziran belakoan juan egun haiek! Nork esan amonatxo on arrek, hilaren 15garren eguna bitartean bere buru-bihotzetan zerabilzkian asmo eta gogaketak? Orain zetorkion ezkero, gehiago etzutela gerrara eramango noski… Sari hori emango ahal zioten behintzat, hainbeste neke, hiru urte luzetan, igaro behar izan zituan mutil gizaxoari… Hainbeste gudarien artean, bat gutxiago izatea, Erramontxo bere etxean ama zaharraren bazterrean lagatzea, zer ajola izan behar zitzaien, ba?… Bai, Malentxokin orain ezkonduko zan, eta jaunak zemazkioken azken urtetxoak beintzat, zorionean igaroko zituan…

        Zer ote da, irakurle, bat bihotz onekoa izan, eta besteak ere bera bezelakoak dirala uste izatea? Haundikeri eta arrokeriak guda gehienetan sortu ohi dutela, gudak berriz  gorrotoa, eta gorrotoak bihotzik ez duala, nolatan gure amonatxoak behar bezela ulertu? Ezin sartu zitzaiokean buruan  zergatik hainbeste odol isuri, horrenbeste  negar eta buruhauste etxeetan ipini zezateken eta nolaz hainbateko zoritxarra lurrean zabaltzeraino gizonak itsutu zitezken.

 

       

II

       

Erramon etxean, poz-pozik, batere kezkarik gabe, lasai eta zoriontsu bizi zala usteko dezu, beharbada, irakurle. Alabaina azaletik bakarrik begiratuta, edozeinek uste zezaken bezin alai etzegoan mutilla, kezka baten harrak zulatzen zion bihotza. Pozez zegoan bai, eta ondo baino hobeto, danok maite baitzuten herrian, eta etxean zer esanik ez. Baina bere pozak luzaro iraungo etzuela bazekian; laister bai laister bere burua, arratoi zikinaren antzera, lubaki zabaletan eta baso eta oihanetako zulo estu lohitsuetan sartuta ikusi beharko zuala ere bai; hango kanoi hotsa eta sua, eta izkiluetako bala txistu bildurgarriak gogora zetozkion; zaurituen deadar negargarriak eta hildakoen arpegi zuriak berriro entzun eta ikusi beharrean zegola uste zuan… Nolaz gehiegizko pozaz alaitu ziteken, ba?

        Baina egia esan dezadan: oroigarri ilun hoiek baino, bere amaren eta Malentxoren alaitasun gehiegiak, gehiago bihotza goibeltzen zion. Ez al zituan, bada, ikusten biok txoraturik ezkontza antolatzen, erabat eta betirako etxera etorria zitzaielakoan?

        —Ez, Erramon, ez —erantzun ohi zioten aho batez amak eta andregaiak—, berriro ez haute gerrara eramango. Bi hilabete badituk hemen hagola, Eguarri-Urteberritako bakarrik etorri hintzala hik uste huan baino. Gainera, gutxien usten degun garaian, eta laister, guda bukatzera dijoan zurrumurrua dabil bazterretan. Utziok, ba, hire leloari, sinistu zak, lasaitu hadi behin-betiko.

        Baina, ezin gure mutila lasaitu. Egunak joan eta egunak etorri, bere bihotza estuago eta larriago, hurbilago ikusten baitzuan bere zoritxarra.

        Erramon beti izan zan elizkoia eta sinismen bizikoa; eta heriotza begiz begi gudako sulerroetan ikusiz geroztik, areago. Hargatik, bere buruhausteak oro laga, eta azkenean Jaungoikoaren eskuetan jarri zan erabat, Haren nahia osoro eta gogoz betetzeko gertu.

        Jaungoikoari egin zion bere buruaren eskeintza latz onek, ezin esan ainako pakea sortu zion bihotzean.

        — Berak daki —zion bere baitan— zer zaigun onena… Lurrean batutzen ez bagaitu, Zeruan maite lokarri ilezkorrez betiko alkartuko gaitu… Jauna, zuk piztu dezu ni eta Malen arteko maite sua, biok maitasun batez sutsuago maite zaitzagun…! Lurrean itzali nahi badiguzu, berpiztu eiguzu Zeruan.

        Osasunez berdindu, makaltasuna bota, indarrak gaitu eta bapo zebilen mutila anaiari baserri lanetan lagunduz.

        Batek baino gehiagok aitatu zioten Naparrora ala Gipuzkoara ihes eginaz bere burua aske ipintzeko halakok eta halakok bezela; baina beti entzungor egin zien. Bere bizibidea, han zegoan, Malentxoren baserrian, eta han ez izatezkerotan, beste inun bizitzeak etzion pozik ematen.

        Otsailaren hasierako goiz eder bat zan. Udaberriko goiza zirudian. Oskarbi eta urdin-urdi goia, eta eguzki epelez jantzia lurra. Oraindik mendi gailurretan elurra ageri zan… Zuaitzak bilutsik oraindik, eguzkiaren musu maitekorrak atseginez harturik, bizitza berri batera ernetzen hasi ziran. Baso bideetan otelora horiak, eta erreka bazter babesetan sahatsak, lore zuriz jantzita, udaberriaren agerkunde zoragarria zagerten. Txoriek ere, goiz goizetik txio-txioka egun hartan besteetan baino alaiago ziruditen.

        Bederatziak edo izango ziran Malen, kabitik lehenengo aldiz hegan egin duan txori alaiaren antzera, Erramonen baserrian  “Jainkoak egun on” esanaz, sartu zanean.

        — Izan naiz Erretore etxean, —esan zuan belaxe.

        — Eta zer esan din? —derantzuio amonak, zutik jarrita.

        — Zer esan didan? Ezetz asmatu, Erramon? Ja, ja, ja..! Esan gutxiena uste dezuna, eta asmatuko dezu.

        — Malentxo, zeharka-meharka ibili gabe esan ta kito —erantzun zion mutilak maiteki rta jakin-min biziz.

        — Zure ama eta nere arteko asmoa izan da, alegia, Erretore jaunaren iritzia jakitea  gure ezkontzaren gora-beheraz, eta hara zer esan didan: datorren astean Garizuman sartzen gerala eta hobe degula Pazkoetarako lagatzea.

        Eta amonak galdatu zion:

        —Eta, ez al dion galde egin beste esantako hartaz?

        — Bai, ba, esatera nijoakizuten, eta zuk, amona, ez didazu utzi esaten. Horra: honezkero hots egin ez diotenean, izan litekela eri dagona eta gerrarako gauza ez dana bezela etsirik, etxean lagatzea. Gainera, dana dala, laister gerra bukatuko dala, eta lasai egoteko danok, orain arte bezela, Jaungoikoak lagunduko digula eta.

        — Ondo esan du apaiz jaunak —esan zion Erramonek— Jaunak lagunduko digu. Berak daki gure zorionerako biderik egokiena zein bide dan, eta handixetik eramango gaitu.

        Baina egia esateko, etzan amona oso pozik gelditu Malentxoren esanakin. Harek gauza lehenago amaitu nahi zuan; Pazkoak urrun zerizkion, eta Erramonen gora-beheraz, bere ama bihotzean zerabilzkian amets eztiak, apaizaren hitzez piska bat ozpinduta gelditu zitzaizkion.

        Bakoitzak bere iritzia agertuaz, iruok izketan ari zirala, ate ondoan loturik zegoan zakurra zaungaka hasi zan; gero ate joka norbait. Eskaleren bat zelakoan joan zan amona atera, eta erriko aguazilakin topo egin zuan.

        — Sartu, sartu zaite barrura… —esan zion amonak sukalderaino berekin erakarriaz—. Zer berri, Matxin?

        — Onik ez, andre Mantoni. Erramon Bourdeaux-ko Gudari Gaxoitegira joateko agindua etorri zaio alkate jaunari. Bihar  arratsaldeko seitako trenean joan beharrean dago. Goizean joan dedila Erriko Etxera, eta txartela eta gainerako behar ditunak emango zaizkio. Hauxe aditzera ematera etorri natzaizute.

        Ez da azaltzea erreza, hitzok entzunaz  sukalde hartan jazo zana. Amona eta Malen antsika hta negarrez hasi ziran, umeak eta beste gainerakoak ere bai; etxean oso maite zuten baten bat hil zala zirudian. Hango nahigabea eta zoritxarra… Danetan, nahigabearen nahigabez baina, paketsu ta kementsuena Erramon ageri zan. Albiste nahigabetsu hori noiz edo noiz etorriko zitzaiolakoan baitzegon aspalditik.

        — Jaungoikoak hala nahi izan du. Bere erabaki santua apalki hartu dezagun eta kristauei dagokigunez bete dezagun. — Hauxe izan zan Erramonen erantzuna.

        Etxeko guziak harrituta utzi zitun Erramonen sinismen biziak. Izan ere, horrelakoetan agerian jartzen baita norberaren sinismena eta kristautasuna egizkoa ala aizuna edo itxurazkoa dan adieraziaz. Zan bezela agertu zan gure Erramon abagune hontan: kristau jator, egizko fededun.

 

       

III

       

Gudako sulerroetara etzeramatela eta, apurtxo bat lasaitu ziran Erramonen etxekoak eta Malentxo. Bere kutun haiei poz piska hori ematearren, era hortara mintzatzen zitzaien, baina berak bazekian ondo, Gudari Gaxo Etxera deitzera, laister aurrenekotako sulerroetan bere buru ikustea izango zala  nahi eta nahi ez.

        Oraindik herren piskatxo bat egiten zuan, baina osasuntsu zegon, eta bera baino makalagoak hamaikak joan beharko zuten gudazelaietara.

        Bere anaiak eta Malentxok lagundu zioten trenaren geltokira. Inguruko herrietako beste gudari asko ere han zeuden trenaren zai. Etzan poz irrintzi haundirik eta algara gozo alairik entzuten hantxe, horratik, arratsalde hartan, gazte pilo ederra bilduta arkitu arren.

        Esantako orduan etorri zan trena, ke beltza zeriola, txistuka eta asnaska… Burni hots tarrapata bat entzun zan, eta gelditu zan.

        Gudariak oro, sorbalda gainean eta eskuetan beren tresnak zeramazkitela, bagoi berezietan sartu ziran, hiltokira dijoazten abere antzo. Orduantxe sortu zan nahiko zarata eta iskanbila…

        — Agur, Txomin, berri onak biali —zion batek.

        — Ez ahaztu, eta errezatu asko nere alde —zion beste batek.

        — Etzak kendu behintzat lepotik, nik emantako medalla.

        — Ikusi arte… Gorantziak oroi…

        — Agur, anai, ondo bizi. Agur, Malentxo… Otoitz egin…

        — Agur… Agur… Agur…!

        Halako batean trenak irrintzi bizi luze bat egin zuan, asnaska hasi zan eta poliki-poliki geltokitik ezkutatu zan. Gudari gehienak euskaldunak ziran, ezkongaiak asko, baina  gizon ezkonduak ere bai. Guztiak sasoikoak, gazteak eta alaiak, baina etzeukaten jolaserako gogo haundirik, ezta berriketako gurarik ere. Batzuek leihoetatik begira, etxeetan laga zituzten maite bihotzekoez oroipenetan, bestetzuek, behera begira, hausnarrean dagon abelgorriaren gisa… Guziak isil-samar, urduritsu, goibel, eta kezkatsu.

        Bitartean, Malen gazteak eta amona Mantonik jardunketa hau zerabilkiten alkarrekin:

        — Oraingoz behintzat, ez daramate gerrara —zion Malenek. Eta gerora, eramango  baliguteke ere, ez degu, Mantoni, itxaropenik galdu behar. Hara daramazkiten guziak hiltzen al dira, ba? Hortxe ibili zan Erramon bi urte luzetan zauri bat ere hartu gabe. Gero ederra eman zioten gizajoari baina.

        — Gaur arte ondo zaitu zigun Jainkoak, eta aurrerantzean ere izango din bere laguntza gure Erramonek, bai. Berak egunero eskatuko zionan, baina guk ere Ama Birginaren bitartez eskatu behar zionagu. Etorri hadi arratsaldero, garaitsu hontan, edo ahal denanean, eta errosario bat bion artean errezatu dinagu.

        — Bai, pozik etorriko natzaizu. Eztet uste nere gurasoak horixe ukatuko didatenik. Gainera, astero jauna hartuko det. Geltokian, bere azken hitzak hauexek izan ziran “Agur Malentxo…! Otoitz-egin..!”. Eta gure hitza bete dezagun, oraintxe bertan errezatuko degu. Ezta, amona?

        Eta Andre Mariaren irudi aurrean belaunikaturik Errosario santua bero-bero esaten hasi ziran…

        Bi emakumeok otoitzean ari ziran bitartean, herriko apaiz jaun Erretorea sartu zan baserrian «Jaungoikoak arratsalde on», esanaz. Beren errezua amaitu arte jarraitzeko amonari aginduaz, sukaldean, zurezko aulki batean eseri, eta zigarrotxo bat piztu zuan. Neskamea arropak jaboatzen ari zan harraskan, aldamenean lur aspil haundi bat  izara, maindira eta janzki zuri garbitu berriez betea zeukala. Etzan harritu han apaiz jauna ikusita, oso etxekoa baitzuten. Umeak gutxigo, goxoak ematen zizkien eta, zetorren gehienetan. Sukaldean zala usmatu zuten bezin laister, han ziran danok «Abe Marika» eskuan mun egitera.

        Hirurogeiren bat urteko gizaseme gordina zan, egoki eta atsegina, bihotz haundiko gizona. Hogei urte gutxienez bazeramazkian herri hartan Erretore, eta etzuan etsai bat herri osoan. Bere eleiza eta eliztarrak, beste ametsik eta buruhuasterik etzuan, eleiz-gizona eta aita. Hargatik, ezbeharrik edo zoritxarrik etxeren batean nabaitu ohi zuanean, han izan ohi zan bihotz nahigabetuak zeruko ezti tantoaz gozatzen. Lau urteko gerrate gogor hartan batez ere, aita errukitsu eta aingeru zaitzaile izan zitzaien.

        Erramonen aldendu beharrak min haundi eta sakona eman zion, txit maite baitzuan mutila. Inork baino hobeki haren bihotz ederra berak ezagutzen zuan, lehenengo Jaun hartze ezkeroztik animaren zuzentzaile bera izan zitzaion eta.

        Mantoniren nahigabea etzala txantxetakoa izango ondo zekielako sartu zan gaur etxe hartan. Malen ere, hantxe arkitzeak etzion poz makala eman, eta biok otoiz egiten ikusteak bihotza lasaitu zion.

        Izan ere, bere lanari hasiera on bat emateko erarik egokienean zetorren. Otoitza baita zeruko laguntza gureganatzeko biderik motz eta erosoena.

        Errosarioa esan ondoren laister ziran sukaldean bi emakumeak. Hitz aspertu gozo bat hiruen artean egin zuten, eta etxeratzeko asmoz jeiki zan apaiza, baina atera heldu orduko sorotik zetozen senar-emazteakin topo egin zuan, eta jakina, haiekin ere berriketalditxo bat egin gabe ezin gelditu, ba. Orduan jakin zituan Erramonen anaiak esanta, haren geltokiko azken agurra ta Malentxori zuzendu zizkion azken hitzak.

        — Egunero oherakoan esan ohi degun errosarioa, izan bedi gaurtik bere alde — esan zuan senarrak—. Gañera, nik behintzat, nere hileroko Jaun artean eta jaietako Mezak ere, bere alde Jainko gure Jaunari eskeintzeko asmoa det.

        — Eta gu biok, Erretore jauna —esan zuan Mantonik Malenen sorbalda gainean eskua ipinirik—, beste errosario bat esango degu egunero, Jainkoa lagun.

        — Eta nik gainera astero Jauna hartuko det hemendik aurrera —jarraitu zuan Malentxok.

        — Ederki, ederki… —bukatu zuan apaiz jaunak—. Horixe da kristau bezela jokatzea. Goiko Jaun onak entzungo ditu zuen eskariak, eta Erramonentzat eta zuentzat onena litzaizutekena emango dizute. Ezta izan ohi   alperrik otoitza sekulan. «Eskatu ta emango zaizute», esan zigun askotan Jesus gure Jaunak, eta beti eman ohi du, edo eskatzen degun huraxe ala betiko zorionerako gehien dagokiguna. Hurrengo batean jarraituko degu. Agur, ba, eta hurren arte. Banoa, garaia da-ta…

        — Etorri berriz ere nahi duenean —esan zioten ama-semeak—. Ongi daki behorrek, gure etxeak ez duala behorrentzat giltzik, eta abegi onez hartuko degula beti.

        — Bai, bai, etorki natzaizute, eta gutxien uste dezutenean gainera. Agur…! Agur…!

        — Agur, eta nahi duan arte…!

        Iluntzen hasia zan Erretore jauna baserritik behera tapa-tapa bere etxeruntz abiatu zanean, bere artean ziola:

        “Ondo eman diot asiera Erramonen aginduari. Mutil gizajo ona…! Etzait aztuko bere azken eskaria: Juan bedi, arren, nere etxera, eta Malenekin ere mintzatu ahal duan maizena, zeruko hitzez poztu ditzan eta Jaunaren nahiarekin bere nahiak bat egiten erakutsi dezaien. Oraingo gudaketa gogorra baino gogorragoa izango da, eta gudari asko hilko dira; ni ere hiltzea gerta litekena da. Ni heriotzarako ongi gertuta noa, eta Jaunaren erruki haundiaz Zeruratuko naizela uste det. Lurrean gehiago ikusten ez bagera, Zeruan ikusi gaitezela. Hauxe da nere otoitz eskaria, eta era hontan otoitz egiten ikusi nahi nituzke nere maitaleak ere, Malen eta nire ama behintzat…

        Eta bai ederki bete zuala Erretore jaunak Erramonen nai txalogarria! Hilabete zan Erramonek alde egin ziela, eta apaizak eskutitz hauxe egin ahal izan zion:

 

        Ene Erramon maite: Malentxo eta hire etxekoak oro, ongi. Ni ere bai, Jaunari eskerrak. Hi ez haiz ongi egongo su-leize hortan, baina, tira… osasunez ba hago, gaitzerdi. Eguneroko papelak diotenez, Verdun alde hortan gogor ari zerate. Gu hire alde otoitz egiten aspertzeke. Zerbaiten beharra izango dek gaxo horrek. Malentxokin eta hire etxekoekin astero mintzatzen nauk, hi juanez gero. Poztuko hauen berri on bat eman behar diat, danok Jaunaren eskuetan erabat jarrita zeudek, rta lurrean gehiago alkar ez ikustekotan, Zeruan betiko alkar ikusiaz eta maitatuaz alkartzeko asmotan. Agur, Erramon. Nere Meza eta otoitzetan ez haut ahaztutzen, ezta ahaztuko ere. Hi ere ez hadi ahaztu, arren, hireetan nitzaz. Hire zerbitzari zintzo eta aita Kristogan,

P. Goyenetxe

 

       

IV

       

Gure Erramoni berak uste zuana gerta zitzaion. Bordeauxko Gudar Gaxotegian bi egun igaro ondoren, Verdungo sulerroetara bidali zuten. Han bere adiskide maite batekin arkitu zan, bere herritarra eta lagun zaharra, betiko adiskide mamia izan zunarekin, alegia Malentxoren lehengusu Matxinekin.

        Bai maite besarka estua alkarri eman ziotela topatu ziranean! Eta hura bion poza, alkarrekin zirala eta alkarrekin bizitzeko era zutela jakin zutenean!

        Verdungo gudaketaren egun ikaragarriak ziran. Egun odoltsuak Europa Gudan egun odoltsurik izan bazan. Doixtarrak edo alemanak uri indartsu hura nundik edo handik bereganatzeko asmotan zebiltzan. Gizonak erailtzeko eta hesirik gogorrenak purrukatzeko ordurarte asmatutako kanoi eta izkilu erailkorrenak gau eta egun su eta gar zerioten. Baina, frantzitarrak uriari eusteko, handik atzera ez egiteko zin egin zuten. Hantxe erabaki zan gudaren zer ikusi eta gora-behera eta Frantzitarren garaipena, Verdungo gudarien oldarraldi harrigarri eta kemen bikainari eskerrak etorri zala, esan liteke.

        Eguzkia mendi ostean ostendu eta izkutatu arren, gudazelaian arratsa danik ez du ematen. Hango su eta garraren argitasuna itzalduko duan gau ilunik ez dago. Besoan gurutze gorridun gudariak, gudaketaren isiluneak baliatuz, zaurituak eta hilotzak ohetxoetan landa zabal batera dakarzkite. Han osalariak eta era askotako sendagileak zaurituei lehenengo sendaketa negargarriak egiten; han apaizak gauza diranak aitortzen, Sendotza Santuaz igurtzitzen, eta hildakoen alde eleizotoitzak egiten… Hango deadar, orru ta karraxi nahigabetsuak…! Ikuskizunaren negargarria…! Hemen gizon atal bat beso eta bururik gabe; han beste bat, oinik gabe, deadarka; pila batean gizon haragi gorri puskak…

        Euskaldunak nunahi eta beti izan dira gudari oldartsu, sendo eta kementsuak, eta gudate gaitz hartan ere, euskal odolaren leialtasun eta ausartasuna agerian jarri ziran. Frantziko gudari buruzagiek eta gainerako buruzagiek bazekiten hori, eta hargatik, Verdungo gudakan, sulerro aurrekoenetan ahal izan zituzten euskaldun gudamutilik gehienak bildu, eta ipini zituzten.

        Behenabarra, Zubero eta Laburdiko euskal gudari haien artean zeuden gure Erramon ta Matxin ere. Apaiz euskaldunak bazituzten berekin, eta ahal zuten maizena aitortu eta Jauna artzen zuten.

        Maiatzeko egun bat zan. Gauean, lubakietatik irten eta aurrera jotzeko eta aurrerakada bat egiteko agindua jaso zuten gure mutilek. Aurreko egunez beren aitorketak eginaz, gertu ziran hurrengo eguneko gudaka gogorrerako. Asko eroriko ziran zaurituta eta gehiago ez jeikitzeko ere bai. Erramonek bere bizitza osoko aitorketa egin zuan. Egunsentian apaizak lubakian Meza eman zuan, Erramon eta Matxinek lagundurik. Jauna hartu, eta gaueko gudaketarako gertuerak egiten igaro zuten eguna.

        Frantzitarren kanoiek, sua eta burnia zerizkiotela, bere lozorrotik esnatu zuten gau iluna. Euskaldun gudariak lurrean arrastaka eta zulotik-zulora, tiroka, aurrera zijoazten poliki-poliki. Doixtarren kanoi hotsa isildu zan baina lubakietatik eta ametralladora kabietatik izugarrizko su jasa bizia zetorren aurreratzen ari ziran gudariengana. Erramon ta Matxin, alkarren ondoan, orpoz orpo zijuazten. Halako batean Matxin lurrera zerraldo eroritzen da… Makurtzen zaio Erramon eta aztertzen du… Oraindik bizi da. Bizkarrean hartu eta zulo batera darama, gurutze gorridunek bizirik jaso dezaten. Baina bere eginkizun maitekorra betetzeko betarik etzuan izan. Su bolada batek, biok maite-besarka estuan, lurrean zerraldo utzi zitun.

        Gudazelaia zaurituz ta hilotzez josia gelditu zan. Gero, hauek jaso eta eramatera etorri ziranak Matxin ta Erramon laztan batean loturik eta hilotzik arkitu zituzten. Eta esan ere bai beren artean: «Beti alkarrekin ziran bizi zirala, eta alkarrekin juan dira betiko bizitzara». Eta belaunikaturik Aita Gure bat esan zuten bien alde.

        Bitartean, berriz, Euskal Herriko txoko alai batean sartzera zijuan eguzkiaren argi izpiak arpegia jotzen ziotela, iturrian jaboatzekoak egiten ari zan baserritar neskatil eder batek kantatzen zuan:

       

Nik badut maiteño bat, o, zein hura lako…!

Ez da tipi ez handi, bai bien arteko,

Begia du ederra, urdin, ezti oso.

Bihotzean sartu zaut ez baizaut jelgiko.

       

        Eta ixilune labur baten ondoren beste abesti xamur hauxe. Zerutik jetxitako aingerutxoa edo bere maite-nahigabeak kantari urrumaka ari dan uso maitalea zirudin.

       

Nik maite nuan kutuna, 

nere atsegin zoruna

ibili bai eta bai egon 

ez dut arkitzen inon.

Bilaka beti bainabil,

baina, da agian, nunbait hil.

 

Ibaiertzetan galdetzen

dut ia ote den hemen.

Batzutan dagit oihua, 

bestetan, berriz, ulua.

Maitea, diot, nun habil?

Baña da, noski, nunbait hil.

       

        Baina, hil ez dala, eta bere begiak oraindik ikusiko dutela bere maite kutuna, eta biok oraindik zoriontsuak izango dirala oro aditzera eman nahirik edo, berriro eta lehen baino indartsuago ekin zion:

       

Nik badut maiteño bat, o, zein hura lako!

Ez da tipi ez handi, bai bien arteko.

Begia du ederra, urdin, ezti oso:

bihotzean sartu zaut ez baizaut jelgiko.

       

        Erramonen heriotz berria jaso eta handik bi hilabetera il zan andre Mantoni, gozoki Kristoren besoetan, bere seme laztanarekin Zeruan arkitzeko pozez. Eta errezago eta seguruago berori lortzeko asmoz, karmendarren konbentu itxi batean sartu zan gure Malentxo ona. Saintutasun bidean egunetik egunera aurreratuz, Karmelo mendiko gailurretaraino igo zan. Handik urte batzuetara, oraindik gazterik, doneen heriotzaz hil zan. Gaur, noski baino noskiago, hiruok Zeruan daude, betiko zoriontsu, hemen lurrean maite izan ziran baino sutsuago elkar maitatzen.