Joanes hura marinel zaharra zan. Oso zaharra. Agian itsasoa bera bezin zaharra…
Egun hartan, maiz bezela, itsaso zabalari so zegoen, pentsakor, urruti hartan begirada josirik zeukala, gaztetango gertakariak gogora zekazkiela segur aski…
Mila tokitan egondako gizona zan, eta begiramendu haundia zioten hargatik bere herrikide guziak. Gainera, eskolatua izan ez arren, ba omen zekien itsasoko gaiez kanpo ere gauza askoren berri.
Zenbat ekaitz ez ote zituen hark jasan? Zenbat trumoi ez ote gainditu? Berak ere ezin esan. Baina larruan igar zekiokean itsaso arazoetan Joanes nor izan zela.
Garai hartako kai guziak ezagutu zituen Joanesek. Eta kairik ez zegoen bazter asko eta asko ere bai. Nere ustez mundu guzia ezagutu zuen berak.
Ordurarte, kondaira guziak sinistu zizkioten beti. Egia esan, gauza bat ez beste guziak sinistu zituzten. Baina Joanesek kondatu ohi zien hura etzeukan inork sinisteterik. Hura gehiegitxo zan. Gainerako istorio guziak batek ala bestek bere begiez ikusia bazuen, hura, berriz, harrigarriena, gehien inarrosten zuen hura hain zuzen, inork ez zuen behinere konprobatu. Inork ere ez zuen bere bidaietan Joanesek ikusitako Katzlahu izaro madarikatu hura sekulan topatu.
Joanesek zionez, bera oraindik Izargi ontzian kapitain zelarik, ekaitz larri batek harrapatuta, errebelatu egin zan, galdu egin zan ilunbe ito eta nahastu hartan, eta, heriosuar, errendi eginik, bere burua eta ontzia galdutzat zeuzkala, bapatean, ziplo, dena baretu, zerua argitu, eta uharte harrigarri batera iritsi omen zan.
Poztu omen ziran Izargiko bere marinelak. Azkeneko, bizia galduta ikusi zutenean uharte hura arkitzea ez ote zan alaigarri?
Joanesi berriz laztu egin zitzazkion ileak, eta hitza ahal zuen eta gehiena goratuz, esan omen zien “Ez bedi inor jets horrera. Urtziak madarikatutako uhartea duzute hori. Goazen hemendik ariniketan. Emendik berehala ez bagoaz, gureak egin du. Goazen aguro. Lehen baino okerrago gaude hortan!».
Txoratua omen zirudien Joanesek. Bera, beti ausart izan zena, hotzikarak hartua omen zegoen. Baina “Zer dela-ta?”, galdetzen omen zioten marinelek alkarri.
Begia borobil, tinko, higige, josirik. Hura ikara! Zer ote? “Hauxe da! —isilpean omen zion—, Huxe da…!, Hauxe da Katzlahu-Jin. Tokitan gaude, alajaina…! Eta, nola izan diteke? Nolatan iritsi ote gera honeraino? Hemen deabrukeriaren bat gertatu da. Sorginak eta laminak oro nere aurka bide daude».
Eta dardar hasten omen zan berriz, begirada beti galdua zuela.
“Hauxe da, bai. Nork ekarri ote gaitu honera? Nork? Berrogei egun behar genituen gutxienez honeratzeko. Ala… oker ote nago?”. Eta hau esatean pittin bat lasaitzen omen zitzaion itxura. “Bainan… ez! Ez! Hauxe da Katzlahu-Jin. Hortxe daude bere dorre famatuak… Ez. Zoritxarrez, ez nago oker”.
Eta, hortan zegoela, ontzi guzian garrasi bat hasi, eta sekulan entzun ez den garrasia entzun omen zan. Eta garrasia ez omen zan eteten. Agertuak omen ziran orangutanak une gartan zepa eta hausterrezko idoi-plaia nazkagarri hartara, eta Joanesek ahapeka: “Hoietxek dira!”. Eta indar guziak bildurik deardaka “Jainkoa, salba gaitzazu, arren!”.
Zergatik ba bildur hura? Zer zuten ba dorre haiek? Zer orangutan haiek?
Honatx korapiloa: Orangutanek berek eraikitako dorreak ziran begi-bistan zeudenak.
Orangutanak, berriz, izugarri baino izugarriagoak ziran. Gizonak omen ziruditen zeharo: edozein kristau bezelaxe jantzita, ibilerak salatzen zituen bakarrik.
Hargatik deitzen omen zuten uhartea Katzlahu-Jin, euskeraz Jainko-Orangutanen Uhartea.
Gizaki deitzeko tximuegi omen ziran, eta tximu deitzeko gizonegi. Gordea omen zuten bere tximutasuna alde batetik, baina bestetik ere ondo nabarmen. Inguru haietakoak ziotenez pizti begirada zuten, bilo kalparra arpegi guzi-guzian, eta begitartea iletsu. Dorreak berriz, eten gabe kea zeriela, tximiniak zirala pentsa omen ziteken, baina, behin ikusi ezkero, ezin beste ezerekin nahas: behetik gora zabalago egiten omen ziran, eta, erabat begiraturik, onddoak omen ziruditen, onddo itsusi eskergak. Dorre haietxek omen ziruditen bertako arbola bakarra, eta hango giro osoa ezagutu ezkero, ez omen zegoen okertzerik: kirats eraman ezin hura, orro sarkor hura, hura guzia, Katzlahu zan eskierki.
Onddotzarrak eta kea. Landarerik ez. Dena goibel, dena kedar, dena gogor, dena tristagarri… Ezin esan ahala itsusi omen zan hura. Itsasoa zoragarri, alegia, ortzea urdin eta garbi, baina uhartea bera… zeharo higuingarri.
Gainerantzean, bazekien Joanesek (uhartedi hartako jendeari entzunda) ikaragarrizko hilketak izaten zirala han, eta orangutanak kristaurik ikusi ezkero, burutik eginik edo, akabatu arte ez zirala lasaitu ohi. Eta eginahalak eginaz, besterik ikusi gabe, alde egin omen zuten handik, berriz ez azaltzeko.
Urteak baziran hau Joanesi gertatu zitzaionetik, eta bazirudien gertaera hura inork ez zuela behinere sinistuko. Eta hara non jakinarazten den lurralde haietaruntz abiatu dela ontzi bat, azterpen guzizko bat egiteko erruz hornituta, mila aparatu eta tramankulu daramazkiela, edozer gauza miatzeko gai. Jakina, azterketa guzia orangutanei deus ohartarazi gabe egingo zan, beren bizimodu egiazkoa ahalik eta ondoen ikustearren.
Joanes zaharrak hau jakitean hartu zuen poza ez da hitz gutxitan azaltzekoa. “Jakingo ahal da nere egia!” esaten omen zuen eten gabe.
Jakintsuak aspaldidanik biziro larri zeuden uharte famatu hura zela eta, Joanesen kondaira ez baitzan bakarra, eta ez lehenengoa ere, adituta baitzuten hura. Beharbada, pentsatu zuten, Katzlahun arkituko dugu gizonaren bilakatze katean falta dugun maila. Uharte hartako ainak zibilizazio izanagatik ere tximu badiraute, bere tximutasuna osotoro galdu ez badute, garbi dagoke ondorea: beste Pithekanthropo bat arkitu dugu, edo, hobeto esan, gizonaren eta Pithekanthropoaren arteko gizaidea.
Eta horri helduta haruntz abiatu ziran, esperantzaz beterik, jakinduriaren alde pauso haundi bat egingo zutelakoan.
Eta Katzlahura iritxi ziran.
Uharteko inork ikusi gabe jetsi, hamaika tresna lagun. Eta hotsik atera gabe, antenak jarri, irratia eta telebisioa eratu… egia esan, ahal dakit nik zer ez zuten jakintsu haiek jarri?
Eta halaz ere, nahiz eta lurgain hura edonolako tramankuluz bete bazuten ere, orangutanen begiak ezin ikus zezakean han ezer, ezta tramankulu arrastorik ere. Ez dakit nik nola egin zuten, edo zein gaiez. Hori baneki, berak bezin jakintsu izango nintzake. Ondak eta halakoak aipatzen zituzten sarri. Eta onda haien bidez ikusten eta izkutatzen omen zuten dena. Beharko! Hirumilagarren urtean ere ez dakit halako aurrerapenak lortuko ote diran. Zalantzan nago behinipehin.
Lurpean, berriz, etxola ederra antolatu zuten, eta talai gorde bikaina zitzaien. Handik atera gabe dena ikus zezaketen jakintsuek, pantaila batean sai zuloen arteko lehena, beste batean dorreburua, beste batean… Irakurleak asma ahal gauza eta gehiago jarri zuten han, den-dena kontrolatzeko. Nere ustez zirkinik txikiena, oihurik motelena, kinurik diximulatuen eta ikusgaitzena han agertzen zan, gela hontan edo hartan, holako aparatutan edo halakotan, jakintsuak azter zezaten. Hauei ez zitzaien ezertxo ere gordetzen.
Espedizio horniturik munduan izan bada, hura bai hornitua, ikasia, taxutua, eta edozertan aparta.
Zitu ederra ekarri behar zuen, bai, jakinduri txango hark. Eta ekarri ere zuen, geroz ikusiko den bezela.
Hasi ziran ba bilaka eta begiraka, hemendik eta handik xehetasunik kiskilena aztertuz. Eta lanean hasi berri ziralarik harri zahar harrigarri bat arkitu zuten, izkribitua iduri. Eta beren etxola izkutura eraman zuten.
Zaila zan hura entenditzea. Letra moldea bera asmatzeko egunak eta egunak zituzten. Baina talde hartan baziran edonolako jakintsuak, eta hizkuntzalari finak ere bai. Eta hauei eskerrak itzuli ahal izan zuten izkribu harria.
Ainoen hizkuntza zaharra zirudien mintzairak, eta dena ondo aztertuta gero, esan zuen Koblaur filologoak:
«Izkribu honek, nere ustez, mila bat urte baditu gutxienez”.
Hona, euskeraz ipinita, harriak ziona:
Ururen 63garren urtea.
Hemen izkribitzen dugun hau inork irakurriko ote duen ez dakigu. Bainan itxaropen hortan egiten dugu.
Betirako gaude hemen. Ekaitz ikaragarri batean galdurik, uharte zoragarri hontara erori gera, nola ez dakigula, eta ez daukagu salbatzerik. Ikaragarria da gure ondikoa.
Larogei ta zortzi lagun ginan ontzian, eta hoietatik hirurogeita hamazazpi ito edo galdu ziran ekaitzean. Hasi ginan ba salbatu ginanak gure bizimodua hemen moldatzen, eta gauza latza gertatu zitzaigun. Hemengo baso hontan barrena sarturik, orangutan aldra haundi bat topatu genuen, eta berakin borrokan hasita, gutako zazpi lagun hil ziran. Hasiera besterik ez zan hura, berehala ikusi baigenuen izugarria zela hemen orangutanen mulzutasuna. Etsita ginan beraz, hemendik bizirik irtengo ez ginalako segurantzian. Eta hein hortan geundela debruari egin genion otoitz, eta agertu egin zitzaigun. Eta esan zigun:
— Bide bat besterik ez dakusat zuentzako, eta hau da: zuek, barrenez eta gogoz gizon jarraituz, itxuraz orangutan bihurtzea.
Zalantzan egondu gera egun batzuez, zer gerta zekigukean bildur. Bainan azkenean, bart, ilargi betea izanik, deabruari otsegin genion, eta bere aurrean auspezturik esan:
— Gertu gaituzu. Zuretzat izan bedi gure arima. Bizi nahi dugu. Gorputzez eta itxuraz, bihur gaitzazu orangutan.
Eta orangutan bilakatu ginan.
Eta orain, oihanean barrena joan aurretik, hau jakinerazi nahi dugu. Guretzat ez dago barkatzerik.
Etorkizunaz ez dakigu deus. Zenbat urtez biziko gera? Zertara iritsiko gera? Ez dakigu. Baina guretzat dena amaitu den ezkero, arima saldua dugun ezkero, gizonen artera berriz itzul ezin gaitezkean ezkero, orangutanen adiskidetasuna behar dugu, eta edozein gauza egiteko prest gaude adiskidetasun hori lortzearren. Gure orangutan bizi hau iraungituta, galda goria eta sufrezko sua izango ditugu lagun.
Anartean, deabruak sostenga gaitzala!
Ikarak hartu zituen denak. Inor ez zan ausartzen ezer esatera. Denak berdin pentsatu arren, inork nahi ez lehenengo bota.
Baina bota ez bazuten ere, bazioten denak berekiko “Argi eta garbi dago gertatua. Hemen ez dugu Pithekanthroporik arkituko, ezta bilakatze katean bilatzen ari ginan maila hura. Pizti eli hau gizonaren eta orangutanaren seme da, eta ez bion artekoa. Nahasi egin zuten azkenean galdutako gizon haiek beren odola uharteko orangutanenarekin, eta nahaste artatik dator leinu zital eta lazgarri hau. Bainan halaz ere, ez ote dugu hau berau Pithekanthropoa baino istudiagarriago?
Eta han gelditu ziran, lehen baino gogatsuago agian. Eta egunak igaro ziran, asteak, urteak. Eta han zeuden oraindik jakintsuak. Uharte ura, alegia, ikusgarria zan: fabrika harrigarriak ziran, labeak nonahi, tximiniak ugari, zubiak denetatik. Bainan ez ziran gureak bezelakoak, ez: oso bereziak ziran, oso desberdinak.
Beren bizilekuak kaletan taxutuak zeuden, Afrikako beltzen herri koskorrak ziruditen aldiz, bestetan New Yorkekoak. Baina beti itsusi, beltz, astun, ketsu.
Eta ohitu ziran harrigarri zan hura guzia ikusten.
Halako egun batean istilu haundia sortu zan uharteko
“huriburuan”. Kulpito edo batetik orangutan sendor indartsu bat ari zan “hitz egiten”. Egia esan hizketa ez zan hura, baina haren antzeko zerbait zela esan diteke. Entzuleak, entzuten ari zitzaizkion orangutanak alegia, urduri zeuden, eta berari entzunda gero urduriago. Eta hanpatuaz joan zan zalaparta, geroz eta gehiago, eta azkenean ifernua bera zirudien hark. Distira herratsua agertu zan guzien ninietan, sua piztu zan beren barrenetan, eta jauzika eta deadarka hasi ziran, ohiko burubidea zeharo galdurik.
Buruzagi haren esanari zerraizkiola, alkarri kolpeka hasi ziran lehenbizi, gero labeak idekitzen eta sua toki guzietan irazekitzen, hura deabru leize bildurgarri bihurtu arte. Eta segak eta igitaiak eskuetan harturik, bapatean atera ziran edozer moztutzeko eta birrintzeko prest, eta aldameneko herri batera iritsita, hango guzi-guziak hil zituzten, orangutan emeak ezik. (Ez karitateak eraginda, noski.) Gorritu egin zan lurra, eta igitaiak kamustu.
Eta berriz paketu zan uhartea.
Eta bazirudien hilketa ikaragarri hura gaizki zetorkiela halako orangutan langile haiei, ez zetzala hartan bere izana. Orain trankil bizi ziran berriro nor bere lanean, eta dorre haundiagoak eraikitzen zituztela.
Bainan alako batean, errieta eta zarata ikaragarria jarri zan berriz sai-zulo-buru artan (edo tximuri hartan, nahiago ba du irakurleak). Berriz ere orangutan bortitz bat ari zan mintzatzen, oso gogor. Trumoi latza izan zuten artemein, eta uzta guzia hondatua zan. Goseak zeuden noski, eta hargatik okasio bila.
Eta atera zan buru egiten zuen orangutana, eta jarraiki zitzaizkion denak, sua zeriela. Eta uharteko etxaburu batera ailegaturik, hasi ziran janariak ebasten, mandioak hustutzen eta zernahi lapurtzen. Eta bertako orangutanak kontra egin zieten. Eta jo ta hautsi hasita, gehienak hil ziran. Eta bizirik irten ziranak, lapurtutako bazka berekin ekarrita, herrira itzuli ziran.
Eta gizon zintzo ta zentzudun ziruditen berriz.
Denbora asko pasa zan horrela, eta dorre berriak eraiki zituzten, geroz ta altuagoak. Eta uzta ederrak jaso ziran landetan.
Eta, halako batean, orangutan ahul bat hasi zan hitz egiten, eta orangutan ahul guziak zituen entzule. Herri hura taxutu behar zela esan zuen, ez zela ezer erre behar, ez zela emerik lapurtu behar. Gorago jaikiko baziran orangutanak, zintzoago jokatu behar zutela. Orangutanen eskubideez mintzatu zitzaien ere, eta bere gaitasunaz.
Eta orangutan sendoek harturik, gurutziltzatu egin zuten.
Hau ikusita alkarri begiratu zioten jakintsuek, eta ezin zuten txintik bota. Lazgarritasunak mututurik bide zeuden. Gauza asko, ziplo ulertu zituzten. Eta beren buruen absurduari igarrita hasi ziran alkar kolpatzen eta hiltzen.
Batzuk uhartera jetsi ziran ondo agirian, eta orangutanek hil zituzten.
Beste batzuk bere burua hil zuten.
Beste batzuk, berriz, ardoari eman zitzaizkion kordea galdu arte, eta gainerakoak uhartean zehar sakabanaturik, ez ziran berriz azaldu.
Bat bakarra itzuli zan handik, eta berari eskerrak dakikegu hau guzia.
Baina berau ere, berehala, bere herrira itzulita, hau guzia kondatzen hasi zan.
Eta bukatu ez ahal zuen, herrikideek berek hartu, eta hil egin zuten.