Udaberria, 1937
Etxetik aspaldi urten genduan, gogoratzen al haiz? Hi ezkerrera eta ni eskubira, aizkenean biok sarean preso. Artileriakoa nintzelarik, ni Gazteizera, hi berriz pistoloen artera:
Artillería es el oro
caballería la plata
ingenieros y pistolos
es moneda que no pasa.
Es moneda que no pasa
y que no debe pasar
porque la infantería
es una calamidá…
Harro gebiltzan Joseba eta ni, biok, bonbak gure alkandora kakietan ginduztela… Ez alperrik. Molari Columna Waterman eratzea etorri zaio burura eta hona hemen gu, txupatinta guztiok, geure entxufeetatik atereak, larrabehiak bezala, mendi zabalera. Ez dek aspaldidanik geure berririk. Waterman tinta marka bat dek eta watermandarrok Mirandako azukra ola batean bildu ginduzten. Mila mutil gazte, eskribatuak, fabrika baten sartuta aginduen zain, nundik norakoa dan ez dan alferez baten menpean, eta berarekin bi sargento: bat trenbideko makinista eta beste biak fogoneroak, ikatza makinan sartzen ondo dakitenak. Renfekoak militarizatu dituzten ezkero, ditek fogoneroek horrelako kategoria. Lista pasatzekoan hasi zan Simoni Siguen… Zein da Simoni Siguen? Agerreko Pello inguratu zitzaion ikustera eta honela esan zion: Aizu, hau suministroko lista dezu eta hor jartzen duena Suma y Sigue da. Ez zitzaion aurpegirik gorritu. Aldatu zitun paperak eta hartan ari zala, berriro estropozo: Domínguez Irigoyo… Zein da Domínguez Irigoyo…? Nere aldameneko laguna altxa eta Ni naiz Domingo Irigoyen esan zion… Es que tenéis unos nombres tan jodidos… Horretarako behintzat ez ditek asko balio; gerratean hobeak ez badituk, hauenak egin dik… Bigarren egunerako alfereza eta gure sargento biak hartu ginduzten por el pito del sereno, ahuntzaren gauerdiko eztulari baino kasu gehiago ez genioen egiten… Gure kaxernak erlauntza zirudian erreginak alde eginda gero… Bakoitza bere aldetik aginteari kasurik egin gabe. Hirugarren egunerako falanjista konpainia bat bialdu ziguten fusil muturretan baionetak zituztela. Ez zan txantxetako gauza. Sakabatu ginduzten batallones de castigo diralako hoietara eta harrezkero hemen nengoak Afrikako gudarostean, moroz inguraturik. Alkarrekin gabiltzatek eraso aldietan. Ez ditek fama eder-ederra. Hauen prakak gonen antzekoak dituk, belaunetan biltzen diranak eta gerritik belaunetara bolsa baten antza zeukatek. Hortxe gordetzen dizkitek euren lapurreta guztiak. Hemen esaten ditek hauetako batek hor zeramala gordeta giza-buru bat, urrezko hortza zuelako, gero gabean hortz hori kentzeko asmoz. Hala dan ala ez, Jainkoak zekik, ni eurakin ez naiz batere piatzen. Balekite nere poltxan larehun pezta eramaten ditudala, honezkero hil ninduen haiek lapurtzeko. Tiroak aurretik eta aldamenetik berdin-berdin etorri lezazke. Baina, ez pentsa gaizki gaudenik. Zuek hor Gernika, Durango, Amorebieta eta Bilbon hegazkinen erasoak jasotzen dituzuten bitartean, gu hemen zanga eta erreten hauetan sarturik karakolak bezala eguzkitan ala lokatzetan, baina patxada ederrean.
Ekonomia ikasten ari gaituk eta balak beste baterako gordetzen; aspaldiko egunetan pakea erabakita zeukagu gure artean. Txoriak pasatzean botatzen diagu tirorik gehienak. Burrukak alkarrizketetarako gordetzen zetiagu. Trintxera gainetik altabozakin.
— Hijos de la Pasionaria, vaya madre que os ha salido esa hija mayor de la república pública…!
– Y vosotros qué sois, ganapanes y destripaterrones analfabetos, hijos de Mola el bestia, que os hemos hundido el acorazado España. Estáis perdidos, desgraciaos…
Aizkenean zera erabaki diagu: partidu futbola jokatzea zein dan gehiago probatzeko. Bitarte honetan, ni maixua naizela jakin duanean koronelak, sargento provisional izendatu nau. Simon y Siguen esateko adina banauk. Aspertu xamartuta gaudek hemengo pakearekin eta kapitanari esan zioat etxean badegula gramofonotxo bat eta pozik ekarriko neukela, bila joateko baimena ematen badit. Baietz esan dit eta pozarren nago etxean agertzeko gurasoeiri besarkada bat emateko. Ez ziet ezer esan badaezpada ere; gauzak haizea bezala aldatzen dituk eta gaur ez jakin bihar zer gertatuko dan. Horrelako suerterik banu… Besarkada haundi bat.
Koldo
Kuarteletik frentera 1937. Uda hasieran
Kaixo
Etorri hari lehenbailehen eta eraman hitzak etxeko traste guztiak, horrek aukera ematen badik ama ikusteko. Burrukatik egun pare bat alde egiteagaitik merezi dik soinuak eta bost eramatea. Zeinek daki noiz izanen dekan beste horrenbesteko aukera. Gerratera joatean, noiz hoan badakik, noiz itzuliko, ordea, horixe bai inortxok ez dakila. Hogeita hamahiru lagun kidekoak eraman ginduzten gerrara behartuta moltso bakar batean; haietatik, urte bete baino lehenago, zortzi etorrita zeudek betirako zerraldo batean etzanik. Ya les han hecho el traje de pino, kuartelean esaten danez. Egurrezko soineko asko datoz gure herrietara bolara honetan. Bizirik etortzeko aukera badek, etorri, nahiz eta etxeko dote guztiak irekin gerratera eraman. Jakin al dek Mikelen berri? Beste aldetik da Santander inguruan. Gure lagunen erdiak Bilbotik haruntz abiatuta dituk Eusko Gudarostean. Galdetu zak trintxeretako milizianoen bidetik lagunen aztarranik ateratzen dekan. Hemendik dabiltzanak bazetoztek banan-banan fianbre bihurturik. Sarearen beste aldean gelditu ziranen berririk ez diagu. Joxe eta Bixente Altobizkar alde hontatik, bere anai Pello eta Txus bestetik alkarri tiroka. Hau dek madarikazioa, hau! Bilbo erori danean, joan dan astean, ikustekoa hemengo zalaparta eta festa. Jenerala jo ziten, mundu guztia, zeudenak zeuden bezala utzi eta patioan formatzeko, handik manifestaziora abiatzeko. Anton eta ni bulegoan gelditu ginan handik mogitzeke, inora joan gabe. Ez dek inor konturatu, bestela honezkero frentean geundean: Madrid inguruan gertuena. Han gauzak estu zeudek, nunbait. Hemen ari gaituk dinamita karrokada prestatzen. Halako batean, hor joango gaituk aidean San Pedroren bizarrak ikustera. Injenierotan negok: zapadores minadores. Hiri kaso eginda, pistoloetatik alde egin eta ingenierotan sartu ninduan, nere soldadu kartila zaharrak esaten zuan bezala.
Iruñeako Caja de Reclutas nere bila ibiliko dek, astirik badu, nun galdu nintzan argitu ezinik. Kuartel honetako batailoiak Madrideko Ciudad Universitariako frentean zeudek mina eta kontraminarako burruka bildurgarrian. Haiek mina bat zulatzen dutenean, zarata entzuten da hartarako tresnekin, bitartean beste kontramina bat zulatu beharko. Hori bai dala estropada latza. Lehenen heltzen danak bialtzen dik bestea pikutara aidean. Mina eta kontraminak trintxera azpietan egiten diranez, erruki dizkiat guardian egon behar duten soldadu gizarajoak, ezin baita trintxerak hutsik laga. Dardarrez eta kaka dariola, bakoitzaren ordu erdiko guardia egun osoa baino luzeago. Einsteinen errelatibitatea hementxen agertzen dek ondotxo: ordu erdi eguna bezin luze, urtea bezin luze, betikotasuna bezin luze… Han eutsi behar, noiz mina lehertuko dan zain, ihes egiten duanari tiroa ematen baitiote errukirik gabe. Gerrate hau noiz eta nundik bukatuko dan seinalerik ez dek inun agertzen. Horma zahar baten aurrean bizi nauk, ikuskizunik gabe. Si esto es guerra, vengan balas entzun nion soldadu bateri. Posible ote da honelako desastre batean norberak probetxu ateratzea horrenbestelako astakeria esan ahal izateko? Tamalez hala izanen da. Haragi ustelak ere mamorro lodi haundiak ernetzen ditu. Horrelako mamorrorik ez da hemen falta. Kabo furrielak ogi txuskoak banatzen dizkik eta bere lagunentzako ez dira paltatzen eskupekoz emanak. Soldadu rantxeroak (Zein dan? Koipez eta zikinez estalitako buzoa darama, kaxernako zikinena, horixe dezu rantxeroa) berak jaten dizkik patatak dakarkiten okel apurra. Soldadu talde bat errebajatuta gaudek eta baimena badegu kuarteletik kanpo jateko. Eguerdiero eta gabero hirurogei jateko gutxiago, diru mordoxka izanen dek, ala ez? Hik ere, sargento provisional horrek, izango dek horrelako entxuferen bat, ala ez? Hire aurrepenekin oilalokea sei txitorekin erosiko diagu. Jai arratsaldez hemen nago jefearen telefonoa zaintzen, gau eta egun zaindu behar omen dik. Zertarako? Nik jakin ez, baina donde hay patrón no manda marinero eta behin kaboen seinaleak eskumuturrean eraman ezkero, eztabaidak berehala amaitzen dituk, behatzarekin eskumuturreko galoiak erakutsi esanez Los galones están sobre las razones. Eta horrenbestez, heure hitzak irentsi itzek zintzurretik behera. Barkatu haidak hermano, ez ninduan gogoratzen hi sargento provisional haizenik. Oraintxen jo dik telefonoak. Nagusia dek hemen ote nagoen konprobatzen. Astegunez dinamita zorroak bete eta jai egunean telefono alu honeri begira egon. Halaz ere, zuek trintxeretan zaudetela gogoratuz, pozik hemen. Madrideko Ciudad Universitaria baino hobea baduk behintzat. Bake luzea opa dizuet mendi hoietan, baina, ez hari gehiegi piatu eta eskeini egiok kapitanari gure etxe osoa, herrira etortzeko aukera izan dekan. Bihotzetik. Hire anai.
Premin
Udazkena 1937
Udara aurrera zijoan.
Dinamita kargatzeari utzi eta alfabetatze lanera aldatu ninduen. Nere anaiari baimena eman zioten etxera etortzeko, gramofono txatxar hura frentera eramateko.
Soinu hura izan ez balitz, ez nuan anairik sekulan bizirik ikusiko. Santanderko frentea, Bilbo erori ondoren, mogitzen hasita zegoen, ez dakit aurrerantz musikarako astirik izanen duten. Ez dut uste.
Santander erori zan errez, hondartzan eginiko torrea lehenengo olatuakin hondatzen dan antzera. Gerora, ordea, Asturiaseko haitz gorriak agertu ziranean, ez zan txantxetako jolasa izan. Kristau askok utzi zituzten euron hezurrak harkaitz haien artean.
— Eme a, ma; eme i, mi; eme o, mo…
Donostiako kuarelean nengoan alfabetatze lanean, soldadu haiei irakurtzen erakusteko asmoz. Analfabeto hutsak ziran. Ni, berriz, apaizgaia eta apaizgoa hartzera ninjoan egun gutxi barru. Gerratean izan arren, zortzi eguneko baimena eskatuta neukan, gogo-jardun edo ejerzizio espiritualak egin eta apaiz egiteko.
Amaren poza etxeratu nintzanean. Bazkaritako heldu nintzan. Kafea hartuta baratzara jetxi nintzan. Gure atarian norbait zebilen eta nengoan tokitik entzun nitun zaratak.
— Ama, ate joka norbait.
— Ireki zak atea.
— Zer dezu? —esan nion karteroari.
— Telegrama bat frentetik.
Bihotza gelditu zitzaidan seko. Behatzak dardar, iriki nuan paper urdina: «Koldo hila Picos de Europako mendietan».
— Erakutsiak paper hori!
Begiak lurrean erakutsi nion amari telegrama hura. Aulkitxo batean eseri zan, ez baitzioten oinek gorputzik eusten…
Amak negar.
Begiak lehor neuzkan. Atsekabea bihotzean.
— Ez negarrik egin, ama.
— Ez negarrik egin…! Hoiek al dira ama bateri esateko hitzak… ? Ez negarrik egin…! Zer egin behar det, ba…? Jauna, egin bedi zure borondatea…
Koldo zein zan?
Koldobika ipini zioten izena bataioan. Nere anai gazteagoa. Eskola maixutarako estudioak aspaldi eginak zitun. Oso gazterik. Gerrateak frentera eramana zeukan aspaldi. Frentera ezkero behin etorri zitzaigun etxera egun bakar baterako… Mutil normala genduan, lagunarte jatorrekoa, nabarmenkizunik gabe. Gerratera hots egin zioten eta gudara joanik zan. Hamalau hilabete soldadu jantzian zeramazkian albiste txar hura gure etxera heldu zanerako. Hamalau hilabete haietan behin bakarrik ikusi genduan danok etxean. Zekarzkin jantzi guztiak baratzean utzi zitun, barrura sartu baino lehenago. Soinetik kendutako jantzietan, kamioi baten antzeko zorri beltzak ugari…
— Osaba, lagunduko al didazu Koldoren gorputza bilatzen…?
— Baina, aurretik automobila beharko degu…
— Eta, nun bilatu automobilik…?
Ez zan gauza erreza egun haietan berebil bat bilatzea! Orduan zeuden apurrak etenik gabe zebiltzen frentera bidean mutil gazteen gorputzen bila… Hogeita hamar kilometroko inguruan arkitu genduan bat, horratio. Gure zoriona. Mila kilometro eginak zitun herri hartan eta ez genion deskantsurik eman. Unerik gabe hartu eta gurekin eraman genduan beste mila kilometro egitera…
Santa Teresa eguna zan.
Urrilak 15
Urtea 1937
Egunsentia baino lehenago irten eta arratsaldeko bostetan heldu ginan Picos de Europa inguruko herrixka batera. Mendi gorri izugarriak begien aurrean. Itxura zaharreko dozenerdi bat etxe ziran herriko etxe guztiak. Batallón de Ceriñola N°6 bilatu behar nuan. Etxe zahar haietako batean zegoan batailoiko sarjentoa, gaxorik, pasiloaren muturrean lurrean eserita. Beraren inguruan kabo eta soldadu bat. Hiru lagun:
— Koldoren berri jakin nahi genuke.
— Bai, kanpusantura ekarrita daukagu. Han dago ehortzita.
— Noiz hil da?
— Ziur ez dakigu. Lau egun dira gorpuak bildu ginduztela…
— Nundik bildu… ?
— Menditik behera bota zituzten eta hor egon dira, hiru egun oso, eriak eta hilak alkarrekin sakon batean, euregana gerturatzerik izan ez baitegu…
— Bide erdian, ala non zeuden ba…?
— Sakon bateko erdi bidean zeuden alde batetik eta bestetik; han egon dira hiru egunez ehun eta hamahiru lagun. Batzuk eriak baino bizirik eta besteak hilda bilatu dizkitugu.
— Erakutsi eidazu hilerri hori nun dan, gorputza jasotzeko.
— Honek lagunduko dizu.
Soldaduak lagundu zidan kanpusantura. Osaba ere nerekin zebilen batetik bestera. Kabo bat zegoan han hilerriaren zaindari, eta nere gogoa agertu nion.
— Ez dakit ziur nun sartuta egongo dan. Eskubiko zulo honetan hamaika gorputz daude ehortzita, ezkerrekoan berriz zazpi.
— Gorputzei ezaugarririk ipini diozute? Medallaren bat bere zenbakiakin, botila hutsen bat bere izenakin papertxo batean…
— Ez, ez diegu ezertxo ere ipini. Zure anaia bi zulo hauetako batean dago.
— Zein zulotan dan ez dakizu…?
— Ez. Eskubikoan, hamaika, ezkerrekoan, zazpi… Nundik hasiko naiz?
— Gehiago dauden zulotik asi, aukera hobea izango degu hor.
Nere osabari begiratu bat emateko burua alderatu nuan, zer iruditzen zitzaion galdetzeko. Baina alperrik, alde eginda zegoan… Arnasik ez egoera hura aurrera eramateko… Bakarrik gelditu nintzan. Bihotza neukan zintzurrean eta urdaila oinetan.
Atxurra lurra, lur beltza, urratzen hasi zan. Laster agertu zan gorputz bat. Atera zuten kanpora, arpegia eta soinekoak lurrez estalita:
— Ez, hori ez da.
Kaki jantziak berriro lurrakin nahasi.
— Ez, hori ere ez.
— Hirugarrena agertu zan.
— Ez, hori ere ez.
Laugarrena… Bosgarrena…
— Ez, hori ere ez.
Seigarrena manta batean bilduta atera zuten, eta oinak zitun estalgarritik kanpora.
— Horixe da!
Ekarri zidaten aldamenera eta estalkia kendu nion arpegitik. Umeak ginala, Lekeitioko kaiean, harmaila batzuetan goitik behera erorita okozpean ebaki baten arrastoa zeukan. Huraxe ikusi nahi nion, nahiz eta nik arrasto horren beharrik izan ez nere anaia Koldobikaren gorputza ezagutzeko: bistan zetozten oinetako behatz lodietan antzeman nion bera zala. Biok genduzkan behatz hoiek berdin-berdinak.
Zilarrezko bost duro haundi eman nizkion hilerri zaindariari, eta besterik gabe jaso nuan gorputza automobilera, bertan genkarren hilkutxara. Ordu bete baino lehen bukatu ginduzen lan guztiak. Egia esan, lapurretan bezala genbiltzan, inori inungo baimenik eskatu gabe.
Gogoa neukan pakean eta pozik, amari gorputza eramatea nere eskuetan zegoalako eta une artan harentzako gauza pozgarriagorik ez baitzegoan inun ezer… Zenbat amek galtzen zituzten semeak eguneroko burruka larri hartan eta sekulan ez dute jakin nun eta nola. Semea galtzea da bat eta bere gorpua nun dan sekulan ez jakitea, beste bat. Nik ordu betean nun eta nola hil zan eta gorpua nun zegoan ikasi nuan.
Pakea eta poza izan arren nerekin, eta Jainkoari eskerrak eman arren gure arazoak bide hain errezetik zihoaztelako, kezkak eta korapiloak ez ziran falta nere bihotzean. Bostehun kilometroko bidea gendukan etxeraino eta, hainbeste egun hilik zeraman gorputza, nola helduko ote zan etxera…?
Gorputza bilutsik zetorren, narrugorritan. Bateren batek zitunak gainetik kendu zizkion ezertxo ere utzi gabe. Gorputza nuan nerekin eta, ez zan hori gutxi. Baina besterik ezertxo ere ez. Begiak zitun zabal-zabalik eta lurrez zikin-zikin…
Arratsaldeko seirak ziran. Ilunabarra, etxeruntz abiatu ginanean. Bideak hautsez beteak, gidaria nekatuta hainbeste eguneko lanez. Gaueko hamaiketan heldu ginan Palentziara ostatu baten aurrera. Apaldu ondoren, berriro bidera. Burgosen kamino baztarrean gelditu ere bai, txoferrak lo kuluxka bat egin zezan. Laino itsua ondoren. Nekez egin genduzan bostehun kilometroak.
Etxera orduko, lagun batzuenean gelditu ginan, ezin baitzezaiokean itxura hartan gorputza amari erakutsi. Bizarra moztu; arpegia eta batez ere begiak garbitu gorputza ez ezik, soineko egokiaz jantzi… Itxuraz aldatu gendun. Tiroa zeukan gerrian eta amildu zanean zauriak egin zitun atzetik bizkarrezurrean eta buruan. Baina arpegian urratu txiki bat besterik ez. Lo zegoan. Amak ez zizkion zauriak ikusi, galdetu ere ez…
— Zortzi eguneko gorputzak trato hoiek jaso al lezazke…?
Harrek, bai, eta horixe zan harritzekoa. Zergaitik? Heriotz orduan urdaila zeukan hutsik (ez baitzuten bi egunez jatekorik probatu), odol hustu zan zaurietatik, garaia zan hotza, tokia altua, gorputza lur artean gorderik… Dana dala eta dena den, usairik ez zuan batere, giharrak zeuzkan bigun eta, ekarri ondoren, beste hogeitalau ordu luze iraun zuan etxean. Lurperatzeko une hartan bekokian eman nion musuak hotzik utzi zizkidan ezpainak.
Zer zan soldadutxo baten heriotza gerrate ikaragarri hartan?
Ezer ez.
Bakoitza bere arlora, hemen ez da ezer pasa, amaren bihotzean ezik. Beste aldetik, berriz, ohituta geuden gerratean hildako mutil gazteak ikusten baztar guztietan…
Handik zortzi egunera egin ninduten apaiz. Jaia zan. Urrilak 24. Astelehenean kuartelera berriro. Ekin nion lehengo lanari: eme a ma, eme e me, eme i mi, eme o mo, eme u mu… Alfabetatze lana ere obra miserikordiozko bat omen da. Segi hartan.
Biharamunean kuarteleko karteroa neregana.
— Haizak hi, karta bat hiretzat.
— Neretzat?
— Hi izango haiz Fermin Iturralde, ala ez.
— Bai, ofizialki hala naiz; baina, nere gurasoen borondatea Premin izena ipintzekoa zan…
— Bo, hemen beste Ferminik ez zegok, hartzak frentetik datorren eskutitz hau.
Zein ote zan frentetik nerekin akordatzen zana…?. Ireki det eskutitz hori. Arkatzez, lapitzez idatzita zetorren. Zeinena izango eta nere anai hil berriarena ez zan ba…! Hona zortzi egun hil aurretik zer esaten zidan karta hartan hitzez hitz.
Frentetik, 29-IX-1937
Anai bihotzekoa
…beste gauza batek jartzen nau triste: hire Meza Berrira joan ezinak… Hire egun zoragarri horretan presente egon nahi nikek, Premin. Ondoren frentera etortzerik ez litzaidake ezertxo ere inporta, eta bizia ematerik, behar balitz, ere ez. Egun gorri asko ikusiak gaituk, baina hiltzerik ez zaidak inporta, ez diat hiltzeko batere bildurrik. Ez hukek sinistuko zer trankil nabilen arriskurik haundienetan ere. Zenbait egunez, aurrera gingoazen bezela, bala baten ikutua deseo izaten nian, ez hemen behe hontako sufrimentuak amaitzeko, betiko zorionera iristeko gogo biziagaitik baizik. Hori gertatuko balitz, ez nere penarik izan. Aita-amak kontsola itzak, eta zeruan zuen alde ekingo duen anai bat dekala gogoratu zak. Ez zak uste bildurrak eraginda mintzo naizenik, ezta gutxiago ere… Ez nauk bildurragaitik ari. Zergaitik ari naizen? Hara, gauza hauxe sartu zaidak buruan: gizonak bere anima salbatzea duela eginkizunik garrantzitsuena eta nik ez diat nerea galdu nahi. Hasieran, gerrate honetan, bildurtia ninduan. Baina geroko itxaropenak egin nau ausarta eta baliente. Minik larrienetan, nere animaren onerako zirela pentsa eta ez ninduan gehiago eurokin gogoratzen. Inguruan balak entzutean, haietako batek zoriona ekar lezakela pentsatuta, herriko enparantzan banego bezin trankil gelditzen ninduan. Gehiago idazteko astirik ez diat, orain bertan lanak zeuzkat egiteko. Besarkada luze bat. Maite haut, anai.
Koldo